Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak COVID-19aren aurkako prebentzio neurriak indartu ditu Goierriko gizarte baliabideetan

Aldundiak COVID-19aren aurkako prebentzio neurriak indartu ditu Goierriko gizarte baliabideetan

Osasun Sailak Ordizian antzemandako agerraldiaren ondorioz, prebentzio- eta segurtasun-neurriak areagotu dira, "gizarte-zerbitzuetako erabiltzaile eta langile guztien ongizatea eta osotasuna babesteko".

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua Goierriko eguneko eta egoitza-zentroetako arduradunekin bildu da gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Ordizian antzeman duen COVID-19aren agerraldiari aurre egiteko hartu beharreko neurriak koordinatzeko eta jakinarazteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak prebentzio- eta segurtasun-neurriak "areagotzeko" erabakia hartu du, "Ordizia inguruko gizarte-baliabide eta zerbitzuen erabiltzaile eta langile guztien ongizatea eta osotasuna zaintzen jarraitzeko".

Zentzu horretan, diputatuak jakinarazi du, hartutako neurrien artean, Arangoiti (Beasain), Txindoki (Lazkao), San Juan (Segura), Argixao (Zumarraga) eta Santikutz (Legazpi) egoitzetako erabiltzaileen irteerak aldi baterako etengo direla. Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko eguneko zentroak ere itxi egingo dira. Bestalde, bisitak egiten jarraitu ahal izango da, baldin eta ezarritako segurtasun-neurri guztiak betetzen jarraitzen bada, Arangoitiko eta Txindokiko zentroetan izan ezik, bertan 7 egunez egongo baitira etenda. Gainera, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon bizi diren herritarrek ezingo diete bisitarik egin euren senideei sare osoko egoitza zentroetan.

Bestre alde batetik, diputatuak gogorarazi du Ordiziako San Jose egoitza une honetan itxita dagoela, bertan birmoldaketa lanak egiten ari direlako, eta erabiltzaileak inguruko beste zentro batzuetara eraman zituztela, Beasaingo Arangoitira, Lazkaoko Txindokira, Zumarragako Argixaora eta Tolosako Iurreamendira, eta horregatik irteerak bertan behera geratzen direla zentro horretan ere. Era berean, Ordizian bizi diren eta udalerritik eta eskualdetik kanpo beste baliabide eta zerbitzu batzuetan lan egiten duten langileen jarraipena egiten ari da. Jarraipen horrek erabakiko du neurri gehigarriak hartu beharra egongo den, diputatuak zehaztu duenez.

Maite Peñak azpimarratu du, COVID-19aren transmisio komunitario bat egonez gero, eta gizarte zerbitzuak komunitate horretako parte izanik, "ezinbestekoa da prebentzio neurriak zorroztea gaixotasunari ahalik eta azkarren aurrea hartzeko; badakigu ikusezina dela, azkar transmititzen dela eta oso gogorra dela pertsona hauskorrenen artean". Diputatuak defendatu duenez, "ezin dugu guardia jaitsi", eta detekzioa eta erantzun azkarra "funtsezkoak" dira birusaren hedapenari aurre egiteko.

  

1203