Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Covid-19aren aurrean “jarduteko eta prebenitzeko” protokoloa bidali die Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroei

Aldundiak Covid-19aren aurrean “jarduteko eta prebenitzeko” protokoloa bidali die Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroei

Sareko adinekoen egoitzetara eta eguneko zentroetara, baita desgaitasuna duten pertsonen baliabideetara bidali da.

Gizarte Politiketako Departamentuak dagoeneko bidali du lurraldeko adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, eta desgaitasuna duten pertsonen baliabideetan jarraitu beharreko neurriak biltzen dituen dokumentua. Neurri horiek Osakidetzak bidalitako dokumentuan oinarritzen dira, eta jarraibideak zerbitzu bakoitzaren antolaketa eta gaitasunera egokitu dira. Eider Mendoza foru bozeramaileak gogorarazi du "gaur egun prebentzio eta euste fasean" gaudela, baina diseinatutako protokoloak kutsatzeak gertatzen direnerako neurriak ere jasotzen dituela.

          Gizarte Politiketako Departamentuaren, Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta egoitzak eta eguneko zentroak kudeatzen dituzten erakundeen artean egindako bileraren ondoren, eta Osakidetzak prestatutako protokoloa jaso ostean, Gizarte Politiketako Departamentuak dokumentu bat prestatu du, jada zentroetara bidali dena, eta bertan, zentroek egindako ekarpenak ere jasotzen dituena. Neurri horiek honela laburbiltzen dira:

Senideek eta/edo bisitek hartu beharreko prebentzio-neurriak:

  • Zorrotz beteko dituzte eskuetako higiene-neurriak eta arnasketa-higienea.
  • Sarreren kontrola egingo da. Bisitak mugatu egingo dira kopuruan (erabiltzaile bakoitzeko bat) eta maiztasunean, eta zentrora sartzeko gune bakarra gaituko da.
  • Sukarra eta/edo arnas sintoma akutuak badituzte, ez dute bisitarik egingo.

Prebentzio-neurriak zentroetako erabiltzaileentzat:

  • Zorrotz beteko dituzte eskuetako higiene-neurriak eta arnasketa-higienea.
  • Kanpotik datozen talde-jarduerak mugatuko egingo dira.
  • Eguneko arretako zentroen erabiltzaileek sukarra edo arnas sintoma akutuak baldin badituzte, ezin izango dute zentrora joan.
  • Egoitza zentroetako erabiltzaileren batek sukarra eta/edo arnas sintoma akutuak dituela antzemanez gero, prozedura honi jarraituko zaio:
  • Zentroan kasu horietarako indarrean dagoen jarduera protokoloa aktibatuko da.
  • Osasun Publikoak ‘kontaktu’ gisa identifikatutako pertsonen kasuan, jarduteko jarraibideak zehaztuko dira.
  • Jarduteko eta isolatzeko protokoloak egoera eta inguruabar bakoitzari egokitutako kontingentzia plan bat egitea ekarriko du.

Prebentzio-neurriak langileentzat:

  • Muturrera eramango dira eskuetako higiene neurriak, urarekin eta xaboiarekin (egoiliar baten eta beste baten artean, espazio komunetako azalerekin kontaktua izan aurretik eta ondoren, eta ekipo partekatuak erabili aurretik eta ondoren).
  • Maskara kirurgikoa erabiliko dute arnas gaixotasunekin lotutako koadro klinikoa duten erabiltzaileekin kontaktuan daudenean.
  • Zorrotz beteko da laneko objektuen eta objektu pertsonalen higienea, baita desinfekzio eta higiene neurriak zentro osoan eta eremu komunetan.
  • Sukarra edo arnas sintoma akutuak dituzten profesionalak ez dira lanera joango, eta harremanetan jarri beharko dute Oinarrizko Prebentzio Unitatearekin.
  • Era berean, ‘kontaktu’ gisa identifikatuak izan diren profesionalak Osasun Publikoak  eta Oinarrizko Prebentzio Unitateak kontrolatuko dituzte.
  • Paziente susmagarriak artatzen dituzten profesionalek Osasun Publikoak unean-unean adierazitako protokoloa aplikatuko dute.

Gainera, neurri osagarriak hartuko dira, hala nola informazio kartelak ageriko lekuetan jartzea; laguntzaile guztiei segurtasun- eta prebentzio-prestakuntza ematea; egoitza bakoitzean lantaldeak sortzea Osakidetzarekin, Osasun Sailarekin eta Aldundiarekin koordinatzeko bideak aktibo mantentzeko; eta erabiltzaileekin eta familiekin komunikatzeko kanalak egituratzea (inola ere ez taldeko informazio bileren bidez). Gainera, Aldundiak gutun bidez emango die “gaur bertan” protokoloaren berri eta hemendik aurrerako komunikazioa zentroen bidez egingo dela gehitu du bozeramaileak.

Mendozak gaineratu du protokolo hau egin dela adinekoena "zaurgarritasun bereziko" kolektiboa delako, eta "pertsonak ingurune itxi batean kontzentratzeak handitu egiten duelako aire bidez transmititzen den edozein gaixotasun kutsatzeko arriskua". Beraz, inguruabar horiek direla eta, beharrezkoa da "prebentzio- eta tratamendu-esparru bat sortzea, egoiliarren eta haien senideen osasuna babesteko".

Bozeramaileak esan duenez, "egungo errealitatea oso aldakorra da" eta prestatutako protokoloa "ez da estankoa; hau da, unean uneko egoerak eskatzen duenera egokitzeko gaitasuna duten neurriak jasotzen ditu". "Bilatzen duguna da ezarritako jarraibideak ahalik eta eraginkorrenak izatea eta, horretarako, funtsezkoak dira malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna", gaineratu du bozeramaileak. Gainera, "osasun publikoko gaia denez, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aginduak betetzen ditugu uneoro, haien taldeekiko koordinazioa eta komunikazioa etengabea baita” azpimarratu du Mendozak.

  

1549