Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eguneko zentro aitzindari bat zabaldu du tutoretzapeko adingabeentzat

Aldundiak eguneko zentro aitzindari bat zabaldu du tutoretzapeko adingabeentzat

Zentro berritzaile hau egungo egoitza baliabideen alternatiba izateko sortu den baliabide terapeutikoa da, 13 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendua

Markel Olano diputatu nagusia Donostian izan da gaur, Foru Aldundiak tutoretzapean hartutako adingabeen eguneko zentro berrian. Lehena da Estatuan, 18 plaza ditu eta 13 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzentzen zaie. Zentro berritzaile hau baliabide terapeutiko berri bat da, egungo egoitza baliabideen alternatiba izateko sortua, eta arreta indibidualizatua eskaintzen die bai adingabeei bai haien familiei. Izan ere, besteak beste, adingabeek, Aldundiaren tutoretzapean egonda ere, beraien etxean egiten dute lo. «Estatuan badaude arrisku fasean dauden adingabeentzako beste eguneko zentro batzuk, baina foru zentro hau aitzindaria da, jada babesgabetasun fasean dauden adingabeak hartuko baititu: funtzionamendu pertsonalerako zailtasunak dituztenak, familian bizitzeko zailtasunak dituztenak eta bizi diren ingurunean integratzeko zailtasunak dituztenak», azpimarratu du Olanok gaurko bisitan, zeina Gizarte Politikako diputatu Maite Peñarekin egin baituen.

«Pertsona erdigunean kokatzen duten politika eta baliabide berritzaileak jartzen ari gara martxan; kasu honetan Aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeei zuzenduta. Izan ere, lanean ari gara inor atzean geratu ez dadin; are gutxiago pertsona gazteak, gure gizartearen geroa baitira. Batez ere haurtzarotik bertatik bizimodu zaila izan dutenei, eta beraien familiei, lagundu egiten diegu gure errekurtso guztiak erabilita, aurrera egin dezaten eta beraien bizi proiektuak Gipuzkoan egin ditzaten», nabarmendu du diputatu nagusiak.

Horrela, zentroan erabiliko diren metodologia eta esku-hartze mota bertan hartuko diren pertsonen beharretara egokituko dira, eta baita ere haurrak babestearen arloko lege berrietan jasotako aldaketetara. Horri dagokionez, Olanok adierazi du zentro hau «erronka berri bat dela» foru erakundearentzat, eta «apustu garbia» egiten duela, lehentasuna emateko «arreta terapeutiko eta komunitarioari», egoitza baliabideetan eta ohiko espazio psikologikoetan eskaintzen den arreta klasikotik desberdintzen den horri. Erantsi du horrela «jatorrizko familiatik banantzea» saihesten duten neurriak «lehenetsi eta bultza» daitezkeela, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Legeak xedatzen duenari jarraituz.

Era berean, diputatu nagusiak azpimarratu du baliabide honekin esku-hartzea ulertzeko «beste modu» bat planteatzen dela. Horrela, esan du zentro honetan «hobetze» kontzeptua lehenesten dela, «arrakasta edo porrot» kontzeptuen aldean, programaren helburua baita «arriskuak murriztea». Era berean, zentroko profesionalek dinamika edo neurri hertsatzaileak saihestu nahi dituzte (oso kaltetuak dauden nerabeekin), kontentzio emozionalaren eta konfiantzaren aldeko» apustua eginez.

Ildo horretan, zentroa antolatuta dago intentsitate maila desberdinetako arreta eskaini ahal izateko, eta laguntzarako ekintzak eta jarduerak eskaintzen ditu, adingabeen «autonomia pertsonala» hobetzeko nahiz beren familiekiko harreman moldeak berregiteko. Horretarako, bilatuko da adingabeen «integrazio soziala» komunitatean. Gainera,zentro berritzaile honetako profesionalek egiten duten «lan bikaina» azpimarratu du diputatu nagusiak. Izan ere, zentro honetan taldekako jarduerak ere artikulatzen dira, modu esperimentalean.

Horrela, erabilera anitzeko baliabide honetan arreta tutorial indibidualizatua eskaintzen zaie adingabeei eta haien familiei, gutxienez astean behin, orientazio zerbitzuekin, akonpainamendu zerbitzuekin eta laguntza psikologikoko zerbitzuekin (banakakoa, taldekakoa eta terapia familiarrekoa). Era berean, zentroak hezkuntza eta terapia edukien aldeko apustua egiten du, eta hainbat programa ditu: familiei laguntzeko programa bat, nortasunaren nahasmendua duten eta gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden adingabeen gurasoentzako talde terapeutiko batekin; orientazio soziolaboraleko programa bat; eta aisia eta olgetako zerbitzu bat.

Amaitzeko, diputatu nagusiak gogorarazi du zentro berri honetako plazak kontatuta, eta «zerbitzua beharretara egokitzeko» eta tutoretzapeko adingabeen prozesuetan «arrakasta handiagoa» izaten lagunduko duten «zerbitzu berritzaileekin» atenditzeko helburuarekin, 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak 107 plaza ireki dituela – handitzeak eta zentro berriak direla-, modu honetan banatuta: 8 plaza gehiago Uba zentroan (orain 33 ditu guztira), bakarrik dauden adingabe atzerritarrei zuzendutako arreta zentro berri bat  (32 plaza), bi oinarrizko zentro (bakoitzak 8 plaza dituela), 8 plaza Intxaurrondo zentroan, erreforma zentroetan neurriak jaso behar dituzten nerabeentzat, eta 6 plaza  Guraso programa pilotua abiarazteko, adingabeko amentzako eta beraien seme-alabentzako). Era berean, 11 plaza berri onartu dira jadanik martxan dauden zentroetan. Eta, azkenik, Aldundiak 8 plaza zabaldu ditu bi etxebizitzatan Errenteria eta Zumarragan (4 plaza bakoitzean), GazteOn SareLan programaren esparruan, 16 eta 23 urte arteko gazteak lan munduan integratzeko.

Adingabeek, Aldundiaren tutoretzapean egonda ere, beraien etxean egiten dute lo
  

2413