Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak egungo zerga-esparrua hobetu du sormen eta kultura industria sendotzeko

Aldundiak egungo zerga-esparrua hobetu du sormen eta kultura industria sendotzeko

Foru erakundeak Europar Batasunaren onespena jaso du zinemaren eta arte eszeniko eta musikalen sektoreetako zerga-pizgarrien proposamenari dagokionez

2023/12/15
Kultura industria

Foru Ogasunak aurrera egin du kultura sustatzeko pizgarri fiskalak hobetzeko foru-arauaren proposamen berrian. Aldundiak aurtengo apirilean igorri zion proposamen berria Bruselari, aldez aurreko baimena lortzeko, eta hori beharrezko izapidea da erregimena onartu ahal izateko. Denbora horretan Europar Batasunak pizgarriak aztertu ditu eta, azkenik, zinerako eta arte eszenikoetarako zerga-erregimen berria (2024-2028) baimendu du.

Foru arauaren proiektua gaur argitaratu da eta onarpen izapidearekin jarraitzen du, azken batean Batzar Nagusien esku uzteko. Arau berri honek filmen edo serieen ekoizpen, kopia, publizitate eta sustapenaren kostuaren gaineko kenkarien araubidea hobetzea planteatzen du, estatukoak zein atzerrikoak izan, baita arte eszeniko eta musikalei eta liburuen edizioari kenkari berriak gehitzea ere.

Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak adierazi duenez, “Europar Batasunak araua onesteak beharrezko segurtasun juridikoa ematen digu lurraldean aplikatu ahal izateko”. Batzar Nagusietan zer gertatuko den zain, Peronak espero du ekimen honek “sektorea sendotzen” lagunduko duela, “epe luzera lehiakortasuna bermatzeko”. Erantsi duenez, helburua da “ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektoreak lurraldean duen balio-kate osoa finkatzen laguntzea. Gipuzkoa aukera-lurraldea izatea nahi dugu, esparru horietan profesionalki garatu nahi dutenentzat”.

2016az geroztik, Aldundiak etengabeko harremanak izan ditu kultura-sektorearekin, haien egoera ezagutzeko eta zinemarekin eta kulturarekin lotutako proiektuak sortzen laguntzeko. “Guk lankidetzan sinesten dugu, foru erakundearen nortasun-ezaugarria baita, eta horrela jarraituko dugu lanean epe luzeko ikuspegiarekin”, adierazi du diputatuak. Nabarmendu duenez, “Gipuzkoa ez da hutsetik abiatzen, dagoeneko ikus-entzunezko eta kulturako zume interesgarriak baititugu prestakuntzari, ekoizpenari, edo lehen mailako azpiegitura eta barneko filmaketa-espazioei dagokienez”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak diseinatutako esparru fiskal berriak, gainera, euskaraz ekoitzitako edukiak bereziki babestea du helburu. Peronaren arabera, “gure hizkuntzaren etorkizuna gaur hartzen ditugun erabakien araberakoa da, eta proposamen hau foru erakundeak euskararen erabilera sustatzeko eta munduan bistaratzeko egin duen apustu irmoaren beste adibide argi bat da”.

Foru-arauaren proposamenak, halaber, zerga-tratamendu berezia jasotzen du zuzendari berriek edo emakumeek bultzatutako ekoizpenetarako. Foru diputatuaren hitzetan, “Gipuzkoa arlo hauetan bere ibilbide profesionala hasi nahi duen edonorentzat

gune interesgarrienetako bat izatea nahi dugu. Beste kasu batzuetan egin dugun bezala, hemen ere ekintzailetzaren kultura sustatu nahi dugu”.

Hala, foru-arauan ikus-entzunezko ekoizpenetarako jasotako kenkariak % 50etik % 60ra bitartekoak dira, Euskadin egindako gastuaren arabera. Euskarazko lanen kasuan, izaera orokorreko obretan baino % 10 gehiago desgrabatuko litzateke, eta, hala, % 70eko kenkaria ere izan dezakete. Edozein egoeratan aplika daitekeen gehienezko kenkaria 10 milioikoa izango da film bakoitzeko, eta 3 milioikoa kapitulu bakoitzeko, serieen kasuan.

Arte eszenikoei eta musikalei dagokienez, Gipuzkoako Foru Ogasunak % 30eko kenkari orokorra sartu du araudi berrian zuzeneko ikuskizunen ekoizpenetarako, eta % 40koa euskarazko ekoizpenetarako. Kenkari horren oinarria zuzeneko kostu artistikoek, teknikoek eta sustapenekoek osatzen dute, eta gehieneko kenkaria milioi batekoa izango da zergadun bakoitzeko. Ildo horretan, obra horien irabazien % 50 gutxienez zuzeneko ikuskizun berriak berrinbertitzera bideratu beharko da, lau urteko epean.

Industria-ekoizpen seriatuaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen duten liburuak argitaratzeari dagokion kenkariak, berriz, kuota likidoaren % 5eko kenkaria izateko eskubidea emango du.

Aurreikuspenen arabera, foru-arauaren proiektua Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztuko da 2024ko lehen hiruhilekoan. Zerga-esparruak atzeraeragina izango du, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

  

1585