Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak ekimen energetiko berritzaile bat inauguratu du Zeraingo komunitatearekin batera

Aldundiak ekimen energetiko berritzaile bat inauguratu du Zeraingo komunitatearekin batera

Jasangarritasun Departamentuak 72.500 euro inbertitu ditu etxebizitzak, enpresa txikiak eta udalerriko elkarte bat hornituko dituen energia-komunitate berritzaile batean.

2025/06/19
TEK Zerain

Zerainek bere energia-komunitatearen jarduerari ekin dio. Autokontsumo kolektiboari esker, udalerriko familiek eta enpresa txiki zein ertainek % 30era arte murriztu ahal izango dute beren energia-faktura, eredu jasangarriagoa eta guztiontzat eskuragarriagoa sustatuz.

TEK Zerain energia-komunitateak aukera emango du urtean 30 tona CO2 murrizteko, eta 27 familia eta saltokiri egingo die mesede.

Ostegun honetan, energia-komunitatearen inaugurazio ofiziala egin da Zerainen, ZerainLab elkartearen laguntzarekin herritar talde batek bultzatutako eta kooperatiba gisa eratutako herritarren ekimena. Ekitaldian izan dira José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, Andoni Alustiza energia komunitateko presidentea, Loli González ZerainLabeko presidentea, Arantzazu Gereñu Zeraingo alkatea eta sorkuntza eta kontsumo partekatuko eredu berri hori osatzen duten 27 bazkideak. Informazio bileraren ondoren, bertaratutakoek eguzki instalazioetako bat bisitatu dute.

Zeraingo energia-komunitateak bi instalazio fotovoltaiko ditu, bakoitza bere biltegiratze-sistemarekin, udalerriko bi enpresa txikiren estalkietan kokatuta: Garoa gaztandegian eta Txirbil Aroztegia tailerrean. Berezitasun horren ondorioz, Zerain eredu aitzindaria da Gipuzkoan, lehen sektorea eta landa-eremuko ekoizpen-sarea energia-trantsizioaren ereduan txertatzen baititu. Horrela, ekimenak bizitegi-eremua gainditzen du, eta lurralderako funtsezkoak diren jarduera ekonomikoak txertatzen ditu.

Guztira, 125 eguzki-panel instalatu dira, 70,63 kWp-ko potentziarekin eta 22 kWh-ko biltegiratze-ahalmenarekin, 330 metro koadroko azalera osoaren gainean. Sortutako energiak 24 familiari, 2 enpresa txiki eta eraini eta tokiko elkarte bati mesede egingo die zuzenean, erregai fosilekiko mendekotasuna murriztuz eta faktura elektrikoan aurreztea ahalbidetuz. Kalkulatzen da instalazioak urtean 29,66 tona CO2 isurtzea saihestuko duela, hau da, urtean 1.188 zuhaitz xurgatzeko ahalmenaren baliokidea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak proiektuaren kostu osoaren % 67 finantzatu du, 72.488,95 euroko laguntzarekin. Inbertsio horri esker, Zeraingo bazkideek energia berriztagarria eskura dezakete, instalazio indibidualik egin beharrik gabe.

Bere hitzaldian, José Ignacio Asensio diputatuak eredu hori lurralde osora hedatzearen garrantzia azpimarratu du: “Zerainek erakusten du trantsizio energetikoa herri txikienetan ere posible dela. Auzotarren eta tokiko sare ekonomikoaren inplikazioa funtsezkoa izan da proiektu hau abian jartzeko, bizi-kalitatea hobetu, energia-faktura murriztu eta pertsonak energia-sistemaren erdigunean jartzen baititu”.

Asensiok gogorarazi duenez, 67 energia-komunitate daude aktibo Gipuzkoako 59 udalerritan, eta 2027a baino lehen 88 izatera iristeko foru-konpromisoa berretsi du: “Inor ez dugu aldaketa horretatik kanpo geratzea nahi. Energia eskubidea da, eta pertsona guztien eskura egon behar du”.

  

2897