Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Ekonomia Berreskuratzeko Planaren dirulaguntzen % 95 aktibatu du

Aldundiak Ekonomia Berreskuratzeko Planaren dirulaguntzen % 95 aktibatu du

Gipuzkoan enpresa-ehuna eta enplegua babesteko eta indartzeko ahalegin kolektiborako deia egin du Imanol Lasak

Foru Aldundiak dagoeneko Gipuzkoako Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Planean aurreikusitako laguntza-programen % 95 aktibatu du, joan den apirilean abiatu baitzen plan hori, hiru helburu hauek zituela: COVID-19ak ekonomia eta enpresa sarean duen inpaktua arintzea, sare hori berreskuratzeko bitartekoak ezartzea, eta haren etorkizuna bermatzeko oinarriak finkatzea. Planak neurri eta programa sorta oso bat jasotzen du, guztira 28 milioiko inbertsioa duena, Ekonomia Sustapeneko eta Berrikuntzako foru zuzendaritzen bitartez, zeintzuen asmoa baita neurri eta programa horiek irailetik urrira bitartean guztiz osatzea. Zuzeneko laguntzak, orain arte, iritsi dira 562 enpresa, ETE (enpresa txiki eta ertain), autonomo, elkarte, instituzio eta eragilerengana –guztira 10.000 enplegu baino gehiago–, nahiz eta, Lasak gogorarazi duenez, deialdi gehienak, orain bertan, irekita dauden, edota ebazteko fasean; beraz, aurreikuspenen arabera, zifra horiek “gutxienez, hirukoiztu” egingo dira.

Lurraldeko enpresa askok jarduerari berrekingo dieten honetan, Lasak nabarmendu du Gipuzkoak ezin duela gelditu. “Jarduera ekonomikoa eta osasuna eskutik doaz. Ez dago ekonomiarik gabeko osasunik, ez eta osasunik gabeko ekonomiarik ere. Gure etorkizuna bi balio hauek uztartzeko gaitasunak erabakiko du: osasuna eta ekonomia. Gure apustua garbia da; enpresa lehiakorrak, gizatiarrak, etikoak eta lurraldearekin konprometituak izan behar ditugu. Enpresak daude gure ongizate-sistemaren, gure osasun-sistemaren, gizarte-justiziaren, eta desberdintasunen aurkako borrokaren oinarri-oinarrian. Beraz, jarduera ekonomikoa indartzea erabateko lehentasuna da epe laburrean, ahalik eta enpresa eta enplegu gehien salbatuz, sektore ahulenei, ETEei eta autonomoei laguntza berezia emanez, eta enpresei likidezia ahalbidetuz erakunde eta eragile desberdinen artean: Elkargi, zerga-politika….

 Dagoeneko esleitu diren laguntzen artean dago lerro berri bat, zeinaren helburua baita Gipuzkoako ETEei eta profesional autonomoei laguntzea pandemiaren ondorioz telelana ezartzeko egin dituzten gastuetan. Lerro horren onuradun, guztira, 376 enpresa eta 3.239 langile izan dira, guztizko zenbatekoa 850.000 euro izanik. Bestalde, enpresen % 57 –guztira, 214– bost langilek edo gutxiagok osatuak dira. Orobat daude helburu dutenak eskualde guztietan enplegua eta ekonomia-sarea suspertzea, 850.000 eurorekin eta 11 entitate onuradunekin. Halaber, 1.500 biztanletik gorako 55 udalek 2 milioi jaso dituzte guztira, zertarako-eta txikizkako merkataritza eta ostalaritza sektoreetako autonomo eta EPEen jarduera ekonomikoa bultzatzeko, eta COVID-19aren eragina minimizatzeko.

Horiei gehitu behar zaizkie helburu hauek dituzten laguntzak: gaurko testuinguru globalean enpresen internazionalizazioa aldeztea –860.000 euro, 32 enpresatara iritsi direnak; ia 4.000 langile–; kualifikazio handiko talentu ikertzailea erakarri eta atxikitzea –onuradunak, I+Gko 12 zentro eta entitate–. Baita ere, Biozientziak Fundazioarekin batera, pandemia detektatu eta monitorizatzeko sistemen ikerketa-proiektuak abiarazteko programa, non parte hartzen duten punta-puntako lau enpresa eta zentrok; zenbait entitaterekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak, hala nola Aspegi, Gipuzkoako Bazkundea eta DIPC; edota, likidezia arloan, Elkargiri zuzendutako 200.000 euroak, helburutzat hartuta ETEek indarrean dituzten maileguen ordainketa geroratzeei laguntzea: neurri horren onuradun izan dira 200 enpresa baino gehiago, eta eragina izan du zuzeneko 6.500 enplegutan baino gehiagotan.  

Gaur egun, Foru Aldundiak irekita dauka askotariko deialdien epea; besteak beste, hauena: ekintzailetza sustatzea, 2,3 milioi eurokoa –eskaerak hil honen 8ra arte aurkez daitezke–: langileek enpresetan parte hartzea –1.025.000 euro, eta epe bera–; enpresetan pertsonen talentua eta ikaskuntza sustatzea –3,1 milioi euro, eta epemuga, berriz, irailaren 10a–; lehiakortasun eraldaketa –4 milioi; irailaren 29a–; ETEetan kudeaketa aurreratua sustatzea –198.000 euro; eskaerak irailaren 25era arte bidal daitezke–; eta zibersegurtasuna bultzatzea –367.000 euroko zuzkidura, eta urriaren 15era arte irekia–. Programa horietan, orain arte, 150 eskaera baino gehiago jaso dira, baina kopuru hori handitu egingo da, zeren eta eskaeren % 90 azken egunetan egiten baitira.

"Premiazkoari erreparatzea, etorkizuna alde batera utzi gabe"

Egungo testuinguruak ehun ekonomikoaren eraldaketan sakontzen jarraitzeko beharra agerian uzten duela adierazi du Lasak, eta, horregatik, dei egin die lurraldeko enpresei deialdi horietan parte har dezaten. "Krisi hau gainditzeko funtsezko alderdiei buruz ari gara: digitalizazioa, prozesuen eraginkortasuna, produktuen eta merkatuen dibertsifikazioa, etorkizun handiena duten sektoreen aldeko apustua, kalitatezko enplegua, belaunaldien arteko erreleboa, kontziliazioa edo langileen parte-hartzea. Gizatiar enpresa-eredu batean sakondu behar dugu, baina baita bizkorra, anbizioduna eta malgua ere, dagoeneko aldakorra zen eta orain zurrunbilotsua den ingurune batera egokitzeko gai izango dena. Gipuzkoan ahalegin handia egiten ari ginen ildo horretan, ekimen itxaropentsuekin, eta erakundeetatik gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu, prozesu hori laguntzeko. Orainaren presak ezin gaitu etorkizuna alde batera uztera eraman. Etengabeko hobekuntza da susperraldia ahalik eta azkarren gauzatzeko atea", ziurtatu du. "Lurraldeko enpresak animatzen ditugu amore ez ematera eta haien erakundeetan etorkizun lehiakorra ereiten jarraitzera, berehalakoaren kudeaketa eraginkorra, eta etorkizuneko enpresa proiektua indartzeko lana uztartuz. Bide horretan Aldundia beti egongo da bere ondoan".

          Era berean, Foru Aldundiak aurreikusten du irailaren bukaeran gauzatzea programa hauetako laguntzak: I+G+b ekosistemari laguntzea, 4,3 milioirekin; mugikortasun elektrikoa eta energia-biltegiratzea bultzatzea, 870.000 eurorekin; eta Elkar-EKIN LANEAN, zeinaren helburua baita enpleguaren bitartez gizarte bazterketari aurre egitea, 1,2 milioirekin –55 eskaera jaso dira–. Gainera, foru erakundeak, COVID-19a agertu zenetik, askotariko mahai sektorialak eta lankidetza-organoak abiarazi zituen egoera ekonomikoaren jarraipena egiteko, eta egoera horri heltzeko, ekonomia-sare osoarekin batera: enpresa-elkarteak, garapen agentziak, klusterrak, unibertsitateak, zentro teknologikoak… Estrategia horren barruan, online plataforma bat gaitu zen, zertarako-eta COVID-19ak jarduera ekonomikoari eragindako kalteak arintzeko dauden programa, laguntza eta baliabideei buruzko informazio interesgarri guztia modu erraz batean eskuragarri jartzeko.  Plataforma horrek 16.500 erabiltzaile ere izan zituen konfinamenduan eta hurrengo asteetan.

"Ziurgabetasun eszenatokia"

Egoera ekonomikoa izan du hizpide diputatuak, eta egungo krisia II. Mundu Gerraz geroztik izan den "shock ekonomikorik handiena" dela adierazi du. Azaldu duenez, Euskadin, azken aurreikuspenen arabera, BPGa% 9 inguru jaitsiko da 2020an, % 7tik beherako hazkundea espero da 2021ean, eta susperraldia, gutxienez, 2022ra atzeratuko da. Gipuzkoan, ekonomiaren geldialdiak 8.400 lanpostu galtzea ekarri du 2020ko lehen sei hilabeteetan, nahiz eta langabeziaren igoera erritmoa moteldu egin zen ekainean. Ekainaren amaieran, lurraldean aurkeztutako ERTEen %65 altxatu egin zen, eta Euskadin, berriz,% 60. Bertan, industria-sektorea nabarmendu behar da positiboki, egoera horretan zeuden langileen % 77 berriz lanean hasia baitzegoen.

Ekainera arte, Gipuzkoako enpresen %80k beren jarduera murriztu dute Covid-19ren ondorioz, eragin handiagoarekin industrian eta zerbitzuetan. Lurraldearen esportazioak % 26 apaldu ziren urteko lehen seihilekoan, eta bigarren hiruhilekoa "bereziki zaila" izan zen mugak itxi eta zirkulaziorako mugak ezarri zirenetik, % 35,8ko beherakadarekin. Txikizkako merkataritzan, jarduera % 12,5 murriztu zen urteko lehen seihilekoan, eta okupazioa tasa % 2,5 jaitsi zen aurreko hilabetearekin alderatuta. Industriari dagokionez, ekoizpena %18 hazi zen ekainean, aurreko hilabetearekin alderatuta; hala ere, aurtengo lehen seihilekoko datuek erakusten dute 2019ko datuekin alderatuta %16,1eko beherakada izan dela.

Aurrerantzean, ziurgabetasun egoera bat iragarri du Lasak; izan ere, Gipuzkoako enpresen % 70ek baino gehiagok % 20tik gorako beherakada aurreikusten du fakturazioan, eta langabezia-maila % 9 ingurukoa da, baina "ia segurtasun osoz bi digituetara iritsiko da". Industrian, "apurka-apurka" susperraldia gertatzen ari dela zehaztu du, baina "sektoreka erritmo desberdinetan, batzuk ia errendimendu betean funtzionatzen ari dira, hala nola energia berriztagarriei lotutakoa, eta beste batzuk, aeronautika, metalgintza edo garraioari lotutako materialena, berriz, dezenteko kaltea pairatzen ari dira". Itxaropentsu agertu da Txina dagoeneko erakusten ari den susperraldiak, "zifra positiboetan" dagoenak, "arrasto efektua" sortuko duelakoan Alemaniako ekonomian. "Badirudi pixkanaka argia ikusten hasi dela bertan eta konfiantza zantzuak daudela. Horrek trakzio-efektua eragingo du Europako ekonomian, eta baita gurean ere. Termometro garrantzitsua da".

Susperraldi ekonomikoaren zantzu oparoago horiek gorabehera, zuhurtziaz jokatzeko jokatzeko deia egin du. "Jarduera ekonomikoko sektoreen ziurgabetasun-maila eta bilakaeraren zehaztugabetasuna oso handia da. Horregatik, lurraldeko enpresek bezala, ingurunea etengabe monitorizatu behar dugu, etorkizuneko egoerei aurrea hartzeko apustuak egin, eta gure portaerak eta jarduera-ildoak malgutu. Hori beste erakunde publiko batzuekin eta ekosistema sozio-enpresarialarekin elkarlanean egingo dugu", iragarri du diputatuak.

"Hilabete gogorrak izango dira datozenak, baina baita erabakigarriak ere, susperraldiari begira. Bizirik irautea da gakoa orain, gero abiadura lehenbailehen hartzeko", gaineratu du. "Errealitate berri bat bizi dugu, eta horretara egokitu behar dugu. Errealitate berri hori gutako bakoitzaren, kolektiboaren eta erakundeen konpromisotik eraiki behar dugu. Gure egunerokoan. Helburu argi batek batzen gaitu: krisi honetatik lehenbailehen ateratzea, denok batera, pertsona erdigunean jarriz. Eraikitzaileak izateko unea da, gutako bakoitzak gure jarduera-eremutik helburu hori lortzeko egin dezakegula aztertzeko unea, guztion hobebeharrez ".

Ildo horretan, "Indarrak batzeko" deia egin du, lurraldearen jarduera ekonomikoari eta enpleguari eusteko. Gure ekonomia- eta industria-ehuna zaindu behar dugu, gure historian zehar egindako ahaleginen fruitua delako, jakitun izanik asko kostatzen dela enpresa arrakastatsu bat jartzea, eta, aurreko krisialdietan egiaztatu genuen bezala, orain galtzen dena berreskuratzea zaila izango dela. Lana balio soziala da. Gipuzkoa, batez ere, lehiakortasun ekonomikoaren eta kohesio sozialaren uztarketa da. Gure enpresen osagai lehiakorra eta humanoa indartu behar dugu; enpresek, gure ongizatearen euskarri nagusia izanik, etorkizuneko proiektu baten inguruan helburu komuna duten pertsonen komunitatea izan beharko dute benetan".

Konfiantzaren balioa aldarrikatu du, "gure gizartearen eta gure etorkizunaren zutabe gisa. Denok gure partetik jarriko dugun konfiantza honetatik ateratzeko. Konfiantzak indartu egiten gaitu. Eta, alderantziz, mesfidantzak ahuldu egiten gaitu gizarte gisa. Ez dira konfrontaziorako eta liskarrerako garaiak. Elkarlanerako eta indar metaketarako garaiak dira: herritarrak, elkarteak, era guztietako eragileak, enpresak, sindikatuak eta erakundeetako ordezkariak ". Azpimarratu duenez, mezu horrek "garrantzi berezia" hartzen du une honetan. "Konfinamenduaren ondoren, jarduerara itzultzea posible zela frogatu genuen, bai enpresek segurtasun- eta higiene-protokoloak egiten egindako lanari esker, bai langileen konpromiso eta jarrera eredugarriari esker. Aldunditik ildo horretan jarraitzeko deia egiten dugu. Inoiz baino beharrezkoagoa da".

Gaineratu duenez, pandemiaren fase gorenean "elkartasunerako, konpromiso indibidual eta kolektiborako, gizartearekin partekatutako baliorako, lankidetzarako eta norbanako erantzukizunerako dei etengabeak egin ziren. Indarberrituta atera nahi badugu aurrean dugun eszenatoki berrirantz, guztiok jardun behar dugu printzipio horiekin, baita Gipuzkoaren lehiakortasunaren bilaketan ere".

Diputazioa enpresa ehunetik zein pertsonengandik "gertu" egongo dela iragarri du, "lehiakortasunaren sustapena, gizarte arretarekin uztartzen" jarraitzeko. "Datorren urteko aurrekontuek, inoiz baino gehiago, benetan garrantzitsua eta saihestezina denaren artean bereiztea eskatuko dute, eskura ditugun baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzeko". Horretarako, Aldundiak eragile ekonomiko eta sozialekin beste bilera erronda bat hasiko duela iragarri du, aurrekontuek "dauden beharrei ahalik eta modu zehatzenean erantzungo dietela bermatzeko. Egoera honetatik aterako gara. Eta gipuzkoar erara aterako gara, aurreko krisietan bezala, 80ko hamarkadakoa gure ekonomia ehuna eta industria goitik behera eraldatzea ahalbidetu zuten balioen eta egiteko moduen alde eginez: elkarlana, ondo egindako lana, bikaintasuna, berrikuntza, elkartasuna… ", amaitu du.

  

1653