Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak “epaiek hala behartuta” lan deialdiak egokituko dituen arren, “irmo” eutsiko dio nagusiki euskaraz lan egingo duen Administrazioa lortzeko helburuari

Aldundiak “epaiek hala behartuta” lan deialdiak egokituko dituen arren, “irmo” eutsiko dio nagusiki euskaraz lan egingo duen Administrazioa lortzeko helburuari

113 plaza berri iragarri ditu foru gobernuak EPEetan; Legebiltzarrean aztergai diren lege aldaketen zain, zenbait lanposturen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasuna atzeratuko da, behin-behineko neurri gisa. Irune Berasaluze foru bozeramaileak adierazi du Aldundiak ez duela “atzera urratsik emango euskararen aldeko lanean”. “Helburua da administrazio elebiduna eta lan hizkuntza nagusia euskara duena”, berretsi du. Euskararen arnasgune sozio-funtzional bilakatzeko jauzia emateko prozesua abiatu du eta helburua da Aldundiko zerbitzuen erdiak nagusiki euskaraz lan egitea 2 urteko epean

2025/10/22
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 13 Enplegu Publikoko Eskaintza abiaraziko dituela jakinarazi du gaurkoan, guztira 113 lanpostu, urte amaierara arte argitaratzea aurreikusten direnak. Hala jakinarazi du gaur goizean Irune Berasaluzek, foru bozeramaileak, diputatuen kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Bertan jakinarazi duenez, foru erakundearen azken lan deialdien aurkako “epaiek hala behartuta” eta bide judizialaren aukera “agortuta”, Legebiltzarrean aztergai dituzten balizko lege aldaketen zain, “behin-behineko neurri” gisa bere deialdiak egokituko ditu Aldundiak, zenbait hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna atzeratuz.

“Gipuzkoako Aldundiak eta foru langileek ibilbide eredugarria egin dute azken 40 urteotan, kasik langile elebidunik ez zegoen Administrazioa izatetik, ia langile guztiek bi hizkuntzetako edozeinetan lan egiteko gai izatera arte”, gogorarazi du Berasaluzek eta, nabarmendu duenez, “urte askotako ahalegina eta langileen konpromisoa” dago horren oinarrian. “Ez dugu atzera urratsik emango euskararen aldeko lanean. Irmo eutsiko diogu norabideari eta helburuari: Administrazio elebiduna izatea, lan hizkuntza nagusia euskara duena”, berretsi du foru bozeramaileak.

Hala, Aldundiak “konpromiso horri eusten jarraituko du” datozen lan-deialdietan ere, baina diputatuak gogorarazi du, aldi berean, “erantzukizunez heldu” behar zaiola Aldundiaren deialdietan ezarritako hizkuntza-eskakizunen aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiek sortutako egoera “korapilatsuari”. Izan ere, epai horiek Aldundiaren funtzionamendurako, legea betetzeko eta plantilla berritu eta egonkortzeko ezinbestekoak diren deialdi publikoak geldiaraztean, “blokeoa” eragin dute foru erakundean, epaiek eragindako gainontzeko administrazioetan bezalatsu.

Testuinguru horretan, 2025eko enplegu-publikoko deialdiei begira, Aldundiak atzeratu egingo du zenbait lanposturen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasuna. “Egokitzapen hau epaiek behartuta eta aldi baterako egingo du Aldundiak, deialdiei segurtasun juridikoa emate aldera”, Berasaluzek zehaztu duenez. Urte amaierara arte 13 deialdi eta 113 plaza aterako dira. Azaldu duenez, “erakundearen funtzionamenduari” dagokionez, foru administrazioa ezin da “geldirik” geratu. “Legez behartuak gaude interinitatea jaistera, ezin dugu langile horien egoera hiru urtez baino gehiago luzatu”, azaldu du. Horregatik, “arduraz jokatzea ezinbestekoa” da. Bien bitartean, begirada Eusko Legebiltzarrean landuko den Enplegu Publikoaren Legearen erreforman dago jarria. “Behar den babes juridikoaren zain gaude; ezinbestekoa baita segurtasun juridikoa aurrera bermeekin egin ahal izateko”.

Amaitzeko, bozeramaileak gogorarazi du ezinbestekoa dela “euskara epaitegietatik ateratzea”. Gaineratu duenez, “Aldundiak ez du euskara auzitegietara eraman, ezta euskararen aldeko akordio zabala hautsi ere”. “Eztabaida ez da kokatzen hizkuntza-eskubideak eta lan-eskubideak elkarri kontrajarriz. Debate hori nahita da nahasgarria. Aldundiak herritarren eskubidea defendatzen du, administrazioarekin euskaraz harremantzeko aukera bermatuz; Gipuzkoak urteetan egin duen euskalduntze ahalegina defendatzen dugu eta baita langileen eskubidea ere, askok eta askok ahalegin handia egin baitute euskara ikasi eta lanean erabiltzeko. Gaur egun Aldundiaren lan hizkuntza euskara da”, aipatu du.

Arnasgune bilakatzeko bidean, urrats berritzailea

“Horregatik guztiagatik, ez dugu atzera pausorik emango. Euskara gure herriaren hizkuntza propioa da eta errespetua merezi du. Errespetua merezi dute, baita ere, egunero-egunero euskara ikasteko ahalegina egiten duten herritarrek, nahiz euskaraz lan egiteko hautua egiten duten langileek”, azpimarratu du. Horregatik, nagusiki euskaraz lan egingo duen Administrazioa lortzeko helburuan sakonduko du datozen hilabeteetan Foru Aldundiak, bide “berritzailea” jorratuz, egin ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak foru departamendu guztietan abiarazi ditu Euskara Kudeaketa Planak. Hizkuntza indarberritzerako jauzi estrategiko gisa, 10 departamendu-plan aitzindari horien bitartez herritarrei harrera euren hizkuntzan eskaintzea bermatzeaz gain, erakundearen lan hizkuntza nagusia euskara izatea lortu nahi da, “Aldundiaren jarduera euskaratik eta euskaraz izatea ahalbidetuz”, Irune Berasaluze Gobernantza diputatu eta foru bozeramaileak azaldu duenez. Helburua da 2025-2026 ikasturtean zerbitzuen laurdena euskarazko administrazio zerbitzu izendatzea, hau da beren eginkizunak nagusiki euskaraz egingo duten unitateak izan daitezela. “Legealdi amaierarako, berriz, zerbitzuen erdiak antzeko bidea egin izana aurreikusten da”, diputatuak aurreratu duenez.

Ekimen honekin, euskararen biziberritzean aurrera egiteko urrats berriak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu da du foru erakundeak. “Gipuzkoak, lurralde gisa, eta Aldundiak, lurraldeko erakunde nagusi moduan, aitzindari izateko baldintzak eta betebeharra ditu”, Berasaluzeren esanetan. Izan ere, aditu guztiak bat datozen bezala, nagusiki euskaraz arituko diren eremu eta harreman-sareak beharra du hizkuntzaren indarberritzeak eta ibilbide horretan administrazioak euskararen arnasgune soziofuntzional bilakatzea nahita nahiezkoa da.

Baldintza egokiak zerbitzu gehienetan

2024-2027 Plan Estrategikoan ezarritako zeharkako politika nagusietako bat jarraitzen du estrategia honek eta, ibilbide-orri horri eutsiz, 2023-2027 Euskararen Erabilera Plana garatzeko departamentuetako kudeaketa planak onartu ditu Foru Aldundiak. Euskarazko administrazio ataletan oinarrituko da planen hedapena, tresna gisa. Beren eginkizunak nagusiki euskaraz beteko dituzten administrazio unitateak dira atal hauek eta Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko 19/2024 dekretuan jasota dago horien aktibazioa. Hala izendatuak izateko, besteak beste, zerbitzuko langile guztiek, euskaraz ulertu behar dute eta gutxienez langileen %85ek bete behar dute lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna. Gipuzkoako Foru Aldundian 84 zerbitzu daude gaur egun eta, horietatik, 61ek (%73) bete ditzakete baldintza horiek. Atal guztietan, herritarren harrera euskaraz eta gazteleraz era egokian ematen dela bermatzeaz harago, lan hizkuntza nagusia euskara izango da. Era berean, bileren hizkuntza nagusia euskara izango da eta Aldundiko gainontzeko zerbitzuetara doan dokumentazioa euskaraz sortu eta bidaliko da.

Ildo honetan, Berasaluzek azken 40 urteetan Aldundiak eta foru langileek egindako ahaleginari balioa eman dio, “hamarkada batzuetan ia langile elebidunik ez zegoen Aldundi bat izatetik, ia langile guztiek bi hizkuntzetako edozeinetan lan egiten duten egoera batera iritsi baikara”. Euskarazko administrazio atalen izendapenean ere langileek zuzeneko esku-hartzea eta atxikimendua dute, zerbitzuko kideekin adostutako parte-hartze prozesu baten emaitza baitira Euskarazko Administrazio Atalak.

  

1968