Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eragile ekonomikoekiko elkarlana estutu du Ukrainaren inbasioaren ondorioei aurre egiteko

Aldundiak eragile ekonomikoekiko elkarlana estutu du Ukrainaren inbasioaren ondorioei aurre egiteko

Markel Olano diputatu nagusia buru izan duen ordezkaritza instituzionala Adegi, Ganbera, AFM, Mondragon Korporazioa eta ASLErekin batzartu da, krisiak industria-sektorean duen eragina aztertzeko.

Foru Aldundiak Gipuzkoako eragile ekonomikoekin bilera sorta bat hasi du gaur, gerrak lurraldeko enpresen jardueran duen eraginaren jarraipen zehatza egiteko, enpresen egoera bertatik bertara entzuteko eta egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintzea ahalbidetuko duten jarduerak elkarrekin lantzeko. Markel Olano diputatu nagusiak “kezka” adierazi du, baina, aldi berean, “konfiantzazko” mezua helarazi du, eta “elkarlana maila guztietan indartzearen alde” egin du, egungo egoerari aurre egiteko, “hori baita gure indargune nagusietako bat”. “Ziurgabetasun handiko uneak bizi ditugu, baina Gipuzkoa prest dago erantzun ekonomiko, sozial eta solidarioa emateko. Krisiak eragindako beharrei erantzuteko ez ezik, etorkizuneko lehiakortasunaren eta ongizatearen oinarriak ezartzeko eskatuko diguten eraldaketa handiak bizkortzeko ere lanean jarraituko dugu”.

Ildo horretan, Olano, Jose Ignacio Asensio bigarren diputatu nagusiordearekin, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin eta Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatuarekin batera, hainbat eragile ekonomikorekin bildu da gaur goizean, krisiak lurraldeko industria-sarean duen eragina aztertzera bideratutako topaketa batean. Bertan parte hartu dute Eduardo Junkerak eta Jose Miguel Ayerzak, Adegiko lehendakari eta zuzendari nagusiak; Iñigo Ucinek, Mondragon Korporazioko presidenteak; Pedro Esnaolak eta Javier Zubiak, Gipuzkoako Ganberako lehendakari eta zuzendari nagusiak; Xabier Ortuetak, AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendariak, eta Jone Noltek eta Anabel Yoldik, ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteko kudeatzaile eta Gipuzkoako arduradunak.

“Ukrainako gerra, izugarrizko drama humanitarioa izateaz gain, gure sare ekonomikoaren sendotasunari eragiten hasi zaio, lehenagotik pairatzen ari ginen arazoak areagotuz, energiaren eta lehengaien hornidurarekin, inflazioarekin eta logistikarekin lotutakoak gehienbat. Faktore horien batuketak ageriko kezka sortzen du, enpresen jarduera zailduz. Hala ere, Gipuzkoako industriak bere erresilientzia erakutsi zuen pandemian, azkar suspertuz eta 2019an zituen mailetatik hurbil geratuz, eta konfiantza osoa dugu erronka berri honetara egokitzeko duen gaitasunean. Foru Aldunditik inoiz baino gertuago egongo gara, beste erakunde eta eragile batzuekin lankidetzan, gure industria-sarearen lehiakortasuna bermatzeko”, azpimarratu du Olanok.

Ehun industrialaren eta enpresen “egoera eta kezken berri zuzena” izan ondoren, Foru Aldundiak “konpromisoa” hartu du horiei “azkartasunez” erantzuteko analisi bat egiteko. “Energia asko behar duten industriek bizi dute une honetan egoera larriena. Horregatik, gure jarduna egokituko dugu egoera horri erantzun sendo bat emateko. Pandemiaren krisialdian egin bezala, hartu dugun konpromisoa da egoera berri honetan ere etengabeko komunikazioan eta gertutasun osoz lan egingo dugula, erantzuna eraginkor bat artikulatzeko, beti ere gainontzeko erakundeekin elkarlanean”, gehitu du diputatu nagusiak.

Halaber, diputatu nagusiak bat egin du Eusko Jaurlaritzarekin gobernu zentralari eta Europar Batasunari energia garestitzearen eragina arintzeko “neurri koordinatuak eta eraginkorrak ahalik eta azkarren” hartu ditzala eskatzeko garaian, egoera honek bai “familietan, bai industrian eta beste sektore ekonomikoetan” edukitzeko ari den inpaktua geldiarazi ahal izateko.

Gaurko topaketa ez da azkena izango, izan ere, COVID-19aren agerpenaren aurrean egin zuen bezala, Aldundiak eragile, elkarte sektorial eta enpresa gehiagorekin harremanen agenda oso bat egituratzea aurreikusten du, egoera ekonomikoaren eraginaren diagnostiko ahalik eta zabalena eta zehatzena izateko. Diagnostiko horrekin, oinarri sendo bat finkatu nahi du, jarduera ekonomikoa eta enplegua babesteko balizko neurriak aztertzerakoan.

  

2395