Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak errepideetara ongi-etorria emango die gidari berriei ‘Bide On’ pack-arekin

Aldundiak errepideetara ongi-etorria emango die gidari berriei ‘Bide On’ pack-arekin

Gaurtik aurrera, lehen gidabaimena eskuratzen duten gipuzkoarrek doan eskuratu ahalko dute txaleko eta argi homologatuak eta errepideetako informazioa jasotzen dituen kutxa

2023/03/27
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua


Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak lurraldeko gidari berriei errepideetara ongi-etorria emango die Bide On pack berriarekin. Gaurtik aurrera, Bidegik Aritzetan (Usurbil) duen Bezeroen Arretarako puntuan jaso ahalko dute opari-kutxa, aurten lehen gidabaimena eskuratu duten gipuzkoarrek. Barruan, lurraldeko errepide-sareari buruzko informazio erabilgarria eta larrialdi-argi eta segurtasun-txaleko homologatu bana aurkituko dituzte.

            Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, “gidabaimena eskuratzen den momentuak garrantzi berezia du, mundua ireki egiten da, eta horretarako, abiapuntu ezin hobea dira gure lurraldeko errepideak”. Hortik, hark gidatzen duen departamenduak gidari hasiberriei egin nahi dien opariaren arrazoia. “Gipuzkoako errepide-sarean urteak daramatzagu azpiegitura eroso eta seguruagoak egiteko lanean” eta, hain zuzen, ahalegin hori ezagutzera eman nahi da ekimen honen bitartez. Gipuzkoako errepideak gaur egun erreferente dira artapenean eta digitalizazioan, esate baterako. Horren froga dira Gipuzkoako Biribilgunea, lurraldeko edozein puntutatik 15 minutu baino gutxiagotan autoz ahalmen handiko errepide batekin konektatzen gaituen errepide-sarea, ala Estatu mailan ongien baloratuta dauden zoruak, Espainiako Errepideen Elkartearen arabera.

Era berean, “apustu teknologikoan ere aitzindariak gara”, erantsi du Oiarbidek, Free flow peaje-sistema elektronikoekin ala Europa mailan aitzindari den Gipuzkoa Living Lab–ekin, adimen artifiziala ardatz duen berrikuntza-ekimena.” Errepide moderno, seguru eta erosoak eskaintzen dizkiegu gidariei”, eta hori da opari honekin ere partekatu eta ezagutarazi nahi dena. Halaber, Gipuzkoako errepideetako mapa osatu eta eguneratua eta gure lurraldeko turismo-puntu interesgarrienak ere jasotzen dituen informazioa ematen da Bide On pack-ean.  Horrekin batera, peajeak ordaintzeko Abiatu gailua eskuratu eta deskontuez baliatzeko sistemari buruzko informazioa jasoko dute gidariek.

Nola eskuratu

Bide On pack-a Gipuzkoan erroldatuta dauden eta 2023an B motako ala hortik aurrerako lehen gidabaimena lortu duten gidari berriek jaso ahal izango dute, izakinak agortu arte. BIDEGIk Aritzetan (GI-20 errepidea, Usurbil) duen Bezeroaren Arretarako puntuan jaso ahalko da opari-kutxa, nortasun agiria eta gidabaimena aurkeztuta. Pertsonako pack bat emango da.  Aritzetako bulegoak astelehenetik ostiralera daude irekita, 8:00etatik 20:00etara. Edozein kontsultarako, 943 105 106 telefonora deitu daiteke.

  

2602