Atzealdea

Aldundiak eta Afagik Alzheimerraren Mundu Egunerako kanpaina aurkeztu dute

Foto Aldundiak eta Afagik Alzheimerraren Mundu Egunerako kanpaina aurkeztu dute

Aldundiak eta Afagik Alzheimerraren Mundu Egunerako kanpaina aurkeztu dute

Gaur emango zaio hasiera aurtengo programari, eta Alzheimerrari osoki heltzea izango du helburu; programaren barruan, informazio mahaiak eratuko dira Gipuzkoako hainbat herritan

Aldundiak eta Afagik Alzheimerraren Mundu Egunerako kanpaina aurkeztu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Afagik (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) gaur goizean aurkeztu dute Alzheimerraren Mundu Egunaren harira Afagik antolatutako kanpaina. Irailaren 21ean ospatuko da egun hori, «Kontzientzia soziala» lemapean. Horretarako, programa bat prestatu dute, eta gaur bertan, irailak 12, hasiko da «Alzheimerra duten pertsonei zuzendutako Invisible Beauty Giza-Ekimena» aurkeztearekin batera (Donostiako Antzoki Zaharrean 19:00etan). Ai Dō Project dantza konpainiaren laguntzaz egindako antzerki eta dantza emanaldia da, eta publikoa eta doakoa izango da.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu duenez, aurtengo lemaren bidez («Kontzientzia soziala»), «beharrezko kontzientzia» aldarrikatu nahi da, Alzheimerrari «modu egokian» eta osorik heldu ahal izateko. Gaur egun, gaixotasun honek «12.000 pertsonari eragiten die Gipuzkoan, baina aurreikusten da 2030ean pertsona horien bikoitzari baino gehiagori (24.220) eragingo diola, eta, 2050ean, 48.440 pertsonari». «Aurreikuspen horiek kontuan izanik, kontzientziazio sozialak barne hartu behar du gizarte zibilaren sentsibilizazioa eta parte hartzea, eta baita gaixotasun honen ikerketara bideratutako aurrekontuen areagotzea ere», gehitu du Peñak gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Koldo Aulestia Afagiko presidentea alboan zuela.

Hala, Afagi kanpaina hilabete honetan zehar eramango da aurrera, eta, lurraldeko hainbat herritan, informazio mahaiak egingo dira (Irun/Hondarribia, Eibar/Elgoibar/Mutriku, Arrasate, Donostia, Ordizia, Errenteria/Pasai Donibane, Tolosa, Orio/Zarautz eta Ondarroa). Hilaren 22an, ohiko VI. Giza Kate Solidarioa egingo da Alderdi Ederren, eta, hilaren 25ean, «Ensayos clínicos preventivos en la enfermedad de Alzheimer preclínica: Investigación pionera en Gipuzkoa hacia la prevención de la demencia» hitzaldia emango du Pablo Martinez-Lage CITA-Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoak, Koldo Mitxelenan. Kanpainari amaiera emateko, urriaren 19an, «Memoria guztiona da. Alzheimerra eta beste dementzien aurrean Gipuzkoako Agenda 2018» aurkeztuko da Miramar Jauregian.

 

Gaixoa-zaintzailea binomioa

Bere aldetik, Aulestiak hau azpimarratu du: Afagi «hausnarketarako» prozesuak bultzatzen ari dela, «ezagutza erabilgarria» sortzeko apustuaren barruan, gaixotasunak eragindako pertsonei lagundu, eta horien «bizi kalitatea» hobetzeko prozesuak sortzeko asmoz. Ildo horretatik, «Alzheimerrak eragindako pertsonei» erreferentzia egin die, eta halakotzat hartu ditu «bai, gaixotasuna diagnostikatu zaien pertsonak, eta baita pertsona horien ardura eta zaintza bere gain hartzen duen inguru familiarra ere». Hortaz, «gaixoa-zaintzailea» binomioa finkatzen dela azaldu du Afagiko presidenteak, eta gaineratu du, kalkuluen arabera, kasu bakoitzak «3 senitarteko gehiagori eragiten diela». Zentzu horretan, gogorarazi du gaixotasunari aurre egiteak «laguntza karga handia» eskatzen duela, eta kostu handiak ekartzen dituela; hori dela-eta, dementziak «lehentasun» gisa hartu behar lirateke osasun publikoan eta gizarte-ekintzetan.

 

Mendekotasunaren kausa nagusia

Diputatuak adierazi du Alzheimerra, bereziki, eta dementziak, orokorrean, mendekotasunaren «kausa nagusia» direla.   Horren inguruan adierazi du «diagnostiko goiztiar eta zehatza» betidanik izan dela elkarteek formulatutako «helburu» nagusietako bat. Horren harira, «prebentzioaren» garrantzia nabarmendu du, eta azpimarratu du bide bakarra gaixotasunari «aurre hartzea» dela, jakina baita Alzheimerraren lehen sintomak gaixotasuna agertu baino «askoz lehenago» ikus daitezkeela.

Halaber, Peñak gogorarazi du oraindik ere bide luzea egiteko dagoen arren, «asko aurreratzen ari dela» ikerkuntzan, eta, horri esker, gero eta diagnostiko gehiago daudela «gaixotasunaren hasierako faseetan». «Horrek guztiak aukera ematen du tratamendu farmakologiko eta ez-farmakologikoak garaiz hasteko, pazienteen bizi kalitateko aldiak luzatzen dituztenak, eta, horrela, gaixotasunaren garapena atzeratzen dutenak. Beraz, adi egon behar dugu edozein sintoma agertzen bada ere», laburbildu du diputatuak, eta, amaitzeko, Foru Aldundiaren eta Afagi elkartearen arteko «elkarlana» goraipatu du, bere ustez, lortzen ari direlako bizi kalitatea hobetzea, Alzheimerra duten pertsonena eta baita horien senideen nahiz lagunena ere.

 

 

Gaur egun, gaixotasun honek 12.000 pertsonari eragiten die Gipuzkoan, baina aurreikusten da 2030ean pertsona horien bikoitzari baino gehiagori eragingo diola