Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Atzegik 23 plaza berri ireki dituzte Donostian eta Zarautzen adimen-urritasuna duten pertsonentzat

Aldundiak eta Atzegik 23 plaza berri ireki dituzte Donostian eta Zarautzen adimen-urritasuna duten pertsonentzat

Hiru etxebizitza berriekin, Gipuzkoak 975 plaza ditu desgaitasuna duten pertsonentzat, baliabide horiek “funtsezkoak” dira aukera-berdintasuna bermatzeko.

Markel Olano Diputatu Nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua

Markel Olano Diputatu Nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua


Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak Donostiako Ategorrieta etorbidean dauden bi etxebizitza berri bisitatu dituzte gaur goizean, adimen-urritasuna duten pertsonentzat zuzenduta daudenak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Atzegik 16 plaza ireki berri dituzte Donostian eta beste zazpi Zarautzen. Plaza horiek Gipuzkoan desgaitasuna duen pertsonentzako egoitza-plazen sarean sartu dira, non 975 plaza dauden jada. Diputatu nagusiak azpimarratu du etxebizitza horiek oso garrantzitsuak direla desgaitasun intelektuala duten pertsonen “aukera-berdintasuna eta autonomia” bermatzeko.

            Bisitaren gidari izan dira Oiane Orkaizagirre, Ategorrieta etorbideko Etxegorria etxebizitzen arduraduna, han bizi diren hiru pertsona, Amaia, Xabi eta Isabel, eta etxebizitza horietan laguntzen duen langile bat, Gurutze García. Gainera, diputatuekin batera Atzegiko presidentea eta zuzendaria izan dira, Josean Idoeta eta Mitxel Lacunza, hurrenez hurren. Etxegorriako bi etxebizitzetan 15 pertsona bizi dira jada, adimen-desgaitasuna duten sei gizon eta bederatzi emakume; “bakoitzak banakako laguntza-plan bat du, bizimodu autonomoa izateko aukera ematen diena”, zehaztu du Olanok.

Astelehenetik ostiralera Gureak Fundazioaren okupazio eta tailer zerbitzuetara edo Goyenche Fundazioaren Garaguneetako eguneko arreta zerbitzura joaten dira guztiak. Asteburuetan askotariko aisialdi jarduerak egiten dituzte, bakoitzaren nahiei eta zaletasunei erantzunez. Etxebizitza horiek diziplina anitzeko profesional talde baten laguntza dute, erabiltzaile bakoitzaren ongizate fisiko, psikologiko eta soziala xede duen arreta emateko.

Diputatu nagusiak azpimarratu du desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako laguntzak dituzten etxebizitzak “funtsezkoak direla ahalik eta bizitza autonomoena egin ahal izan dezaten” eta, horrela, “pertsona guztien aukera-berdintasuna ahalbidetzeko, bakoitzaren egoera edozein izanik ere”.

            Gainera, gaineratu du Gipuzkoako ereduan sakontzea dela formularik eraginkorrena gero eta kohesionatuagoa den gizarte bat eraikitzeko, zainketen pertsonalizaziotik, gizarte-berrikuntzatik eta komunitatearekiko loturatik abiatuta. “Hau da, lurralde osoak desberdintasunen aurka egiten duen apustua indartuz eta, aldi berean, hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan arituz, azken hori baita kolektibo kalteberenei laguntzeko aktibo nagusia”, esan du Olanok.

100 plaza gehiago

Hiru urtean (2020-2023), eta COVID-19aren pandemiak eragindako “zailtasun handiak” gorabehera, Gipuzkoako Foru Aldundiak desgaitasuna duten pertsonentzako 100 egoitza-plaza inguru zabaldu ditu, 886 izatetik 975 izatera igaro baitira. Diputatu nagusiak berretsi du foru-erakundeak “konpromiso irmoa” duela desgaitasunari arreta emateko sarea zabaltzen eta pertsona eta une bakoitzaren beharretara egokitzen jarraitzeko, “betiere kontuan hartuta lurraldeen arteko oreka eta udalerri eta eskualde bakoitzaren errealitatea”.

Zehazki, Atzegik Gipuzkoan 36 etxebizitza eta 267 plaza kudeatzen ditu adimen-urritasuna duten pertsonentzat (140 gizon eta 127 emakume), lurralde osoan zehar banatuta eta “ingurune komunitarioetan” kokatuta. Mitxel Lacunzak azaldu duenez, egoitza-zentro horietan “pertsona ardatz” duen arreta-eredu inklusibo bat garatzen da; izan ere, pertsona bakoitzak banakako laguntza-plan bat du, baina etxebizitza bakoitzean talde-jarduerak ere antolatzen dira, pertsonen arteko harremanak, gizarte-partaidetza eta taldearen kohesioa sustatzeko.

  

2717