Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Burmuinaren Etxeak «Alzheimerraren semaforoa» App berria aurkeztu dute

Aldundiak eta Burmuinaren Etxeak «Alzheimerraren semaforoa» App berria aurkeztu dute

Aplikazio horri esker edozein pertsonak jakin ahal izango du zer faktore aldatu dezakeen bere bizitza estiloan Alzheimerra izateko arriskua murrizteko

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eta Gurutz Linazasoro neurologoak «Alzheimerraren semaforoa» izeneko App berria aurkeztu dute gaur goizean, gaixotasun hori izateko arriskua modu goiztiarrean detektatzeko. App berriari esker, edozein pertsonak, «modu errazean», jakin dezake «zein faktore» aldatu behar dituen «bere bizitza estiloan» Alzheimerra izateko «arriskua murrizteko», beti ere burmuinarentzako onuragarria den «bizitza estilo osasungarri bat sustatuta», nabarmendu du diputatuak.

App berri hori dohain erabil daiteke dagoeneko euskaraz eta gaztelaniaz, eta Gipuzkoako Bunt Planet enpresak garatu du mugikor, tableta eta ordenagailurako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Diario Vasco egunkariaren lankidetzarekin. Diputatuak esan duen bezala, aplikazio hori baliagarria izango da, alde batetik, Alzheimerra «garatzen laguntzen» duten arrisku faktoreen egoera ezagutzeko, eta, bestetik, «kontrolatu gabe dauden» hainbat faktore aldatzeko bete behar diren «jarraibide batzuk» ezagutzeko.

12.000 pertsona inguru Gipuzkoan

Mediku gipuzkoarrak, La Casa del Cerebro-Burmuinaren Etxearen eta Quirón Salud-Poliklinika Gipuzkoa ospitaleko Alzheimer eta Parkinson Gaixotasunen Terapia Aurreratuen Programaren zuzendari ere badenak, gogoratu du munduan 47 milioi pertsonak dutela Alzheimerra, eta kasu bat diagnostikatzen dela lau segundoero. Gainera, adierazi du, aurreikuspenen arabera, «2040. urtean 100 milioi pertsonak izango dutela gaixotasun hori», eta gaixo bakoitzeko kostua «25.000 euro urteko dela, eta kostu hori 818 bilioi dolar baino gehiagokoa dela mundu mailan, hau da, munduko BPGaren % 1 inguru». Gure lurraldean duen eraginari dagokionez, diputatuak adierazi duenez, gaur egun Gipuzkoan 65 urtetik gorako adineko pertsonen % 8ak du Alzheimerra, eta egoera horrek eragina du 12.000 pertsona inguru eta beren familiengan. Eta 2030ean 24.000 pertsona izango direla, eta 2050ean, berriz, 48.000. «Zifra horiek argi uzten dute erronka handia dugula etorkizunari begira» esan du.

Linazasorok azpimarratu duenez, gaixotasunaren oinarrian dauden faktoreen bi heren «faktore genetikoei eta zahartzeari» dagozkie, eta beste heren bat lotuta dago «bizitza estiloarekin», hau da, zerikusia du «inguruneko faktoreekin, eta faktore horiek gure esku dauden jardunbideekin aldatu daitezke». «Hain zuzen, App berri horren bitartez «prebentzioan» eragin nahi da,  herritarrak hezten laguntzeko «bizitza estilo osasuntsu» bat eraman dezaten», nabarmendu du neurologoak; halaber, adierazi du adimen artifizialeko programa hori publiko guztietara zuzenduta dagoela, baina, nolanahi ere, Alzheimerraren prebentzio primarioak oso emaitza ona lortzen duela ahalik eta azkarren hasiz gero (30 eta 40 urte bitartean).

Linazasorok adierazi duenez, Alzheimerraren prebentzio primarioak, zeinak ingurumeneko arrisku faktoreak kontrolatzea baitu oinarri, gero eta euskarri zientifiko handiagoa du. Eta erantsi du «prebentzio primarioak duen garrantzia kontuan hartzeaz gain», itxaropen handiak daudela jarrita «jarduketa goiztiarraren» inguruan; izan ere, sendagai batzuek porrot egin lezakete «berandu emateagatik». «Aspalditik dakigu gaixotasunaren aldaketa tipikoak ahazteak eta beste sintoma batzuk agertu baino urte asko lehenago hasten direla -amiloide eta tau izeneko bi proteina anomalo jartzen dira burmuinean-».

Prebentzioaren ideia horretan sakonduz, diputatuak azpimarratu du Alzheimerra izan dezakeen pertsona baten burmuineko aldaketak gaixotasuna garatu baino 25 urte inguru lehenago agertzen direla. Halaber,  azken urtean, egoitza batean ingresatzeko eskaeren % 42a narriadura kognitiboren bat duten pertsonei dagokiela esan du diputatuak eta «funtsezkotzat» jo du diagnostiko goiztiarra eta zehatza egitea («gero eta diagnostiko gehiago egiten dira gaixotasunaren hasierako faseetan, eta horrek aukera ematen du tratamendu farmakologikoekin eta ez farmakologikoekin garaiz hasteko”), eta baita «ohitura osasungarriak» izatea ere, besteak beste kirola egiteko ohitura izatea.

Horren inguruan, neurologoak esan du Alzheimerrari aurre egiteko «garrantzitsua dela bizitza estilo osasungarri bat izatea» eta, beraz, komenigarria dela, besteak beste, tentsio arteriala kontrolatzea, produktu toxikoak ekiditea -tabakoa eta alkohola-, dieta osasungarria eramatea eta kirola egitea». Halaber, gomendatu du beste faktore batzuk ere ekiditea, hala nola «isolamendu soziala, gizentasuna, kolesterola eta tabakoa», Alzheimerraren oinarrian egon daitezkeen faktoreak direlako. «Helburu horiek lortzeko lagungarri da ere jakin-mina eta optimismoa mantentzea». 

Aplikazioaren garapenari dagokionez, Linazasorok adierazi du deskarga kopuruaren arabera erabakiko dutela onura gehiago ateratzea edo ez, eta baloratzen ari direla beste herrialde batzuetan merkaturatzeko aukera Osasun Sistema Nazionalaren proiektu gisa. Amaitzeko, Maite Peñak nabarmendu du gaur aurkeztu den App horren bitartez «jarraitasuna» eman nahi zaiola Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udalak eta Diario Vasco egunkariak sustatu duten sentsibilizazio kanpainari, Gipuzkoako herritarrak «lehen postuan egon daitezen mundu mailan Alzheimerraren kontrako prebentzio arloan».

 

Alzheimerra izan dezakeen pertsona baten burmuineko aldaketak gaixotasuna garatu baino 25 urte inguru lehenago agertzen dira
  

2572