Aldundiak eta Donostiak indarrak batu dituzte sektore estrategikoetan
Aldundiak eta Donostiak indarrak batu dituzte sektore estrategikoetan
Foru erakundeak milioi bat eurotik gora inbertituko du hirian
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak beren lankidetza indartuko dute jarduerak sustatzeko lurraldearentzat estrategikoak diren sektoreetan, Markel Olano diputatu nagusiak eta Eneko Goia hiriburuko alkateak sinatu duten lankidetza hitzarmenari jarraikiz. Bi erakundeok ekintza berritzaileak sustatuko dituzte elkarlanean, zibersegurtasuna, elektromugikortasuna, adineko arreta, gastronomiaren digitalizazioa eta beste zenbait eremu garatu daitezen laguntzeko.
Aldundiak, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren bidez, Donostian egoitza duten berrikuntza zentroak eta enpresak indarrez sustatzen ditu. Horretarako, Ekonomia Suspertzeko Planeko partiden bitartez, guztira 10 milioitik gora bideratzen dira urtero hiburura. Hitzarmen hau sinatuta, milioi batetik gorako ekarpen estra egingo da, hazteko potentziala duten sektoreetako proiektuak eta etorkizunean jarduera ekonomikoa sortzeko proiektuak finantzatzeko. Gaur sinatu den akordioak, gainera, 250.000 euroko ekarpen bat aurreikusten du Donostiako Sustapen Sozietatearen alde, aurretik aplikatuko diren programak adostuta.
“Etorkizuna Eraikizen bitartez, Gipuzkoa sendotu dadin buru-belarri lanean ari gara, etorkizuneko sektoreak bultzatuko dituzten egitasmo konkretuen bitartez aritu ere. Sektore horietan gaitasunak eta ezagutza baditugulako, ekonomia aktibitate berria eta lanpostu berriak sorrarazteko potentziala dutelako”, kokatu du diputatu nagusiak. Testuinguru horretan, gaineratu duenez, “oinarrizkoa” da lurraldeko gainontzeko “eragile sozio-ekonomikoekin eta erakundeekin” aurrera egitea. Gaur sinatutako akordioak, gisa horretan, Gipuzkoako hiriburuarekin “agenda hori partekatzea” esan nahi du. “Ez bakarrik hiriburuaz ari garelako, baizik eta ezagutza handia eta energia zabala pilatzen duelako. Bidezkoa da aitortzea Donostiak egiten duen ahalegina lurralderako estrategikoak diren sektoreak bultzatzeko garaian”, goraipatu du Olanok.
Donostiako alkatearen iritziz, berriz, Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenak “lankidetzarako jokaleku egonkor bat ezartzen du, datozen hilabeteetan garatzen joango diren konpromiso zehatzak jasoz”. Horrela, Goiak adierazi duenez, akordioan jorratutako alorrak “ez dira soilik lurralderako estrategikoak, hiribururako ere hala direlako”. “Donostiak aintzindari izan behar du zibersegurtasuna, elektromugikortasuna eta gastronomia bezalako sektoreetan, gure hirian konzentratzen delako eremu horietan egiten den ikerkuntza, garapen eta berrikuntzaren zati esanguratsu bat.
Ekintza lerri hauek ongi ezarriak daude, proiektu konkretuetara lotuta jaio dira eta hala izan dadin elkarrekin egin beharreko inbertsio konpromiso batekin adostu ditugu. Horregatik, beren abiaraztea bideragarria eta neurgarria izango da aurtengo aurrekontuari atxikitako egitasmoetan bertan”, gaineratu du alkateak.
Zibersegurtasuna, gastronomia, elektromugikortasuna eta adinekoen arreta
Hitzarmenaren sinaduran, gaur goizean Aldundian, Ainhoa Aizpuru diputatuak azaldu ditu ildo nagusiak. Bi erakundeok sakonduko duten lehen puntua zibersegurtasuna izango da, duela hilabete bi arduradunek prentsaurreko batean aurreratu zuten bezala. Orduan, iragarri zuten Zuatzuko Enpresa Parkea, Donostian, Zibersegutasun Industrialeko Zentro Aurreratuaren egoitza izango zela.
Elektromugikortasunari dagokionez, Foru Aldundia eta Udala bat datoz lotura puntu bat sustatzeko helburuan, hartara, batetik, mugikortasun jasangarriaren eremuko garapen teknologikoa eta industriala indartzeko eta, bestetik, autobus elektriko bat ezartzeko Donostiako hiri garraioaren sisteman. Hori dela eta, foru erakundea eta Gipuzkoako hiriburua lankide izango dira Dbus-en elektrifikazio proiektuan. Horretarako, kargen azpiegiturako proiektu pilotu bat abiaraziko dute Dbus-en linea jakin batean, hiri garraio publikoaren kudeaketaren sistema aurreratuak sartzeko, ingurumena nabarmen hobetzeko, karbono emisioak erruz murrizteko eta lurraldeko sektoreko industriak sustatzeko.
Proiektu pilotuak bi fase izango ditu. Lehenean, 18 metroko autobus bat jarriko da kaleetan, karga puntu bat beharko duena pantografoarekin. Bai Foru Aldundiak, bai Udalak, % 50 finantzatuko dute azpiegitura hori.
Hirugarrenik, Foru Aldundia lanean ari da adinekoen arretarako erreferentzia zentro baten diseinuan, zeina Pasaian kokatuko baita. Bi erakundeen ustez, aukera bat da lankidetza bat izateko zahartzearen eremuan, baita bertako teknologiak eta zerbitzuak garatzeko ere. Foru erakundeak eta Gipuzkoako hiriburuak konponbide berritzaileak ezartzeko xedea partekatzen dute, dela alderdi teknologikotik, dela alderdi sozialetik, hartara herritarren zahartzeak berekin dakartzan beharrei arreta emateko.
Laugarrenik, bi erakundeok elkarrekin lan egingo dute gastronomiaren alorrean, bereziki gastronomiaren digitalizazioaren esparrua lantzeko, berritzeko gaitasuna indartuz eta jarduera berri bat sortuz bere osotasunean ulertuta, sektorean dugun kokapena hobetzeko xedez.
Azkenik, klima aldaketaren aurkako borrokan Foru Aldundia egiten ari den proiektu estrategikora ere zabalduko da lankidetza hitzarmena. Era berean, bi erakundeak erakundeak elkarlanean jardungo dute Donostiak hartu dezan Wavegarden enpresa bultzatzen ari den olatu artifizalaren proiektua, zeinak aurreikusten duen hiriburuan kokatzea.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak lan bilera bat izan zuten iazko maiatzean. Bertan bi erakundeen arteko koordinazioa eta proiektuak aztertu zituzten. Bileran Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak ere parte izan zuen. Bertan, erabaki zuten sustapen ekonomikoaren eta berrikuntzaren alorrean egun dagoen koordinazioan sakontzea. Lan horren emaitza da bi erakundeon artean gaur sinatu den hitzarmena.
1724