Aldundiak, Donostiako Elizbarrutiak eta Udalak Andra Mariren parrokiako organoa berrituko dute
Aldundiak, Donostiako Elizbarrutiak eta Udalak Andra Mariren parrokiako organoa berrituko dute
Lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira.
Lehiaketa irekia deitu da zaharberritze proiektua hautatzeko. Lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira eta 2020an amaituko dira. Ondoren, Bergarako San Pedro elizako organoa zaharberrituko da.
Itxaso: «Gipuzkoako organo erromantikoak arte ondare garrantzitsuenetakoak dira eta Aldundiak aditu batzorde bat sortu du haien mantentze lanetarako eta kontserbaziorako. Gainera, prest gaude lurraldeko organo-alerik baliotsuenak berritzeko».
Denis Itxasok aurkeztu ditu Aldundiak eta Donostiako Elizbarrutiak osatutako batzorde berriak organo eta harmoniumak kontserbatzeko eta zaharberritzeko egin dituen lanak. Batzordeak lehentasunak ezarriko ditu eta Donostiako Elizbarrutiaren organo eta harmoniumak zaharberritzeko behar diren prozedurak kudeatuko ditu. Aldundiaren presentzia areagotu nahi izan da, egitasmoa diruz laguntzen duen eta ondarearen kontserbazioa bermatzen duen organismoa baita.
«Gipuzkoako organo erromantikoak arte ondare garrantzitsuenetakoak dira, eta Aldundiak aditu batzorde bat sortu du haien mantentze lanetarako eta kontserbaziorako. Gainera, prest gaude lurraldeko organo-alerik baliotsuenak berritzeko», baieztatu du Itxasok.
Aldundiak Musikeneri eskatu dio organoi bakotzarentzat beharrekoak diren ikerketa lanak zuzendu ditzan.
Aipatutako Batzordeak Batzorde Tekniko baten aholkularitza izango du; bigarren batzorde horrek Musikeneko organo-irakaslea, Esteban Landart, izango du koordinatzaile eta organo-ondareari lotutako hainbat diziplinatako adituek osatuko dute, baita instrumentu horren interpretatzaileek eta Elizbarrutiko, parrokietako eta udaletako ordezkariek ere. Organismo horrek aholkuak ematen ditu instrumentu batean esku-hartu behar ote den erabakitzeko.
Batzorde horrek egingo dituen lehen lanak Donostiako Santa Mariako organoa, eta, ondoren, Bergarako San Pedrokoa berritzea izango dira.
«Batzordeak ikerketa diagnostiko bat egin du instrumentu horietako esku-hartzeen plangintza egiteko asmoz, ondare zinez interesgarria baitira». Organismo horrek organoen jabeen proposamenak jaso ditu, eta, larrialdi irizpideen, ondare interesen eta bideragarritasun ekonomikoaren arabera, haien esku-hartzea baimenduko du, eta abantaila gehien dituen eskaintza aukeratuko du», azaldu du Itxasok.
Organoa instrumentu bikaina eta konplexua da, liturgiarako zein kontzertuetarako erabiltzen dena; baina, era berean, delikatua da eta adituen mantentze lanak behar ditu, eta, zaharberritze prozesuetan, galdutako sonoritatea itzuli behar zaio. Azken urteetan organo asko zaharberritu ditu Donostiako Elizbarrutiak, Aldundiarekin lankidetzan eta organo-jotzaile adituen aholkularitzari esker.
Hala eta guztiz ere, ekonomia krisiaren eraginez, Artzai Onaren katedraleko organoa zaharberritu zenetik, oso zaharberritze proiektu gutxi egin dira. Orain, proiektu handi horietara itzuliz, Donostiako Koruko Andre Mariaren parrokiako organoarena izango da lehena. Organo hori Cavaillé-Coll organogile maisuak egindako azkena da, eta bat dator jatorrizko egoeran organo erromantikoak duen prototipoarekin. Fernand Princek harmonizatu zuen eta 1863an instalatu zuten. Adituek diotenez, oso ezaguna da nazioartean, César Francken musika interpretatzeko aproposenetakoa delako.
Instrumentu delikatu horren zaharberritzeari dagokionez, Batzorde Teknikoak ikerketa bat egin du instrumentuaren kontserbazio egoeraren inguruan, eta haren baldintza plegua prestatu du. Pleguaren bidez, parrokia titularrak deialdi publiko bat egin die organo enpresa espezializatuei beren aurreproiektua aurkez dezaten, egikaritze proiektua idatziko duten enpresak hautatzearren. Horrela, bi aurreproiektu onenak hautatu dituzte, eta parrokiak egikaritze proiektua erredaktatzeko eskatu die aurreproiektu horiek egin dituzten enpresei.
Proiektuak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Urriaren amaieran bi proiektuak aurkeztuko dira, eta aurkezpen onena egiten duen enpresa izango da zaharberritzearen esleipenduna. Bigarren postuan gelditzen den enpresak diru saria jasoko du, proiektuaren prestakuntzaren lana ordaintzeko. Lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dituzte eta 2020an amaituko dituzte.
Zaharberritzeak 600.000 - 800.000 bitarteko euroko kostua izango duela aurreikusten da. Kultura Departamentuak inbertsioaren erdia ordainduko du; gainontzekoa, aldiz, Donostiako Elizbarrutiak eta Udalak finantzatuko dituzte, erdi bana.
Organo-ondarea
Gipuzkoako organo-ondarea Europako garrantzitsuenetakoa da. Ia 150 organok osatutako ondarea da. Honako hauek dira nabarmenenak: Ataungo San Martin de Tours elizako organo barrokoa, Lorenzo de Arrázolak egina 1761ean; Cavaillé-Coll organo erromantiko frantsesak, 1861-1898 urteen artean eginak; Stoltz-frères organoak, nahiz Merklin/Gutschenritter, Puget edo Didier markakoak... Baina badaude XIX. mendearen amaieran bertako organogileek egindakoak ere; horien artean nabarmenena da Artzai Onaren katedraleko organoa, Azpeitiko Organería Española enpresak egina 1953an eta Espainiako organo neoklasiko handiena.
Kultura handia garatu da organoaren inguruan: konpositoreak, interpretatzaileak, bertako enpresa organogileak... Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak instrumentu horri zuzendutako espezialitatea, urteroko kontzertu zikloak lurraldeko leku desberdinetan eta Asociación Fray Joseph de Echevarria de Amigos del Órgano de Gipuzkoa elkartea dira instrumentuak duen indarraren adierazle.
2020