Aldundiak eta Elkargik lankidetza areagotuko dute «krisialdian jarduera ekonomikoa eta enplegua egonkortzeko» neurri berriekin
Aldundiak eta Elkargik lankidetza areagotuko dute «krisialdian jarduera ekonomikoa eta enplegua egonkortzeko» neurri berriekin
Aldundiak eta Elkargik lankidetza areagotuko dute «krisialdian jarduera ekonomikoa eta enplegua egonkortzeko» neurri berriekin
Bi erakundeen arteko lan-bileran, Foru Aldundiak bertatik bertara ezagutu ahal izan du Elkargi nola ari den berrasmatzen enpresa-sareari zuzendutako produktu eta zerbitzu berriekin.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak lan bilera bat izan dute gaur Elkargiko Josu Sánchezekin eta Zenón Vázquezekin (elkarren bermerako sozietateko lehendakaria eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren). Lan bilera horretan, egungo egoera ekonomikoa aztertu dute eta elkarri azaldu diote zer-nolako lana ari diren egiten COVID-19ak eragindako krisiaren eragina arintzeko. Foru erakundeak bertatik bertara ezagutu ahal izan du Elkargi nola ari den berrasmatzen enpresa sarearen beharrei erantzuteko finantza produktu eta zerbitzu berriekin.
Bi erakundeek Gipuzkoan «jarduera ekonomikoa eta enplegua egonkortzen laguntzeko» lankidetza «areagotzen» jarraitzeko konpromisoa berretsi dute; hala, «pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko eta gure produkzio sarearen eraldaketa bultzatzeko, bereziki, sektorerik kaltetuenen, ETEen eta autonomoen jarduerari begira». Ildo horretan, Aldundiak aurtengo aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak partekatu ditu Elkargiren arduradunekin. Joan den ostegunean aurkeztu zen proiektu hori, eta ekonomia sustatzera bideratutako partidak indartzen ditu. Horrez gain, Aldundiak egungo krisiari aurre egiteko prestatzen ari den Plan Ekonomikorako ekarpenak jaso ditu.
Bestalde, Elkargiko arduradunek, pandemiak iraun duen bitartean egiten ari den finantza-jardueraz gain, enpresa-sarearentzat garatzen ari den produktu eta zerbitzu berrien, finantza- eta aholkularitza-zerbitzuen, eboluzioaren berri eman diote Aldundiari. Azken batean, enpresen neurrirako irtenbide sorta bat, epe luzean haien iraunkortasuna eta hazkundea bermatzeko: diruzaintza kudeatzeko zerbitzuak, kudeaketaren kontrola hobetzea, Metix proiektua (estalduren eta dibisa-arriskuaren kudeaketa). Horrez gain, familia-enpresara bideratutako zerbitzuak eta diru-laguntzen kudeaketarako banaketa berri bat, besteak beste.
Aldundiak eta Elkargik adierazi dute pandemiak «eragin handia» duela lurraldearen ekonomian, jardueraren geldialdiaren eta ondorengo murrizketen ondorioz, eta eragin hori produkzioan zein enpleguan islatu dela. Iragarri dutenez, osasun egoeraren bilakaerak «hein handi batean» baldintzatuko du hurrengo hilabeteetako bilakaera, baina uste dute urteko bigarren seihilekoan susperraldiaren erritmoa «oso nabarmen» haziko dela. «Nolanahi ere, argi dago finantzaketa eta likidezia eskuratzea funtsezko elementua izango dela gure enpresentzat, bai sektore ahulenek krisiaren oldarraldiari eusteko, bai lehiakortasuna indartzeko aukera emango duten eraldaketei aurre egiteko», azpimarratu dute.
Markel Olanok honako hau ziurtatu du: «Krisialditik irteteko, erakundeen arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan sakontzen jarraitu beharra dago. Jarduera ekonomikoari eta enpleguari eusteko abian jarritako neurriei esker, gure enpresa-sareari eutsi ahal izan diogu hamarkadetan bizi izan dugun krisirik gogorrenaren aurrean, eta orain gure ahalegin guztia egin behar dugu lehiakortasuna, berrikuntza eta etorkizuneko sektoreak indartzeko, Gipuzkoa behar bezala koka dadin pandemia-osteko agertokian». Olanok «ezinbestekotzat» jo du Elkargiren lana, «ehun ekonomikoarekiko hurbiltasunagatik, erabakiak hartzeko eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioa profesionalizatzeko eskaintzen duen balioagatik, eta une gogor honetan enpresei ematen dien arnasagatik».
Bestalde, Josu Sanchez Elkargiko presidentea bat etorri da Olanorekin: "Erakunde eta entitate publikoekin dugun harremana sendotzen jarraituko dugu, enpresen arteko lankidetzatik sortu baikinen, lankidetzan sinesten dugu eta ziur gaude lankidetza publiko-pribatua inoiz baino garrantzitsuagoa dela gaur egun”. Horregatik, "Elkargin berrasmatzen ari gara, hala eskatzen digutelako gure enpresek, eta gure DNAn daramagu gure enpresa-sarea eta, ondorioz, gure ongizatea indartzea helburu duten ekimen guztien buru izatea", zehaztu du.
Bi erakundeek elkarrekin lan egiten dute, lurraldeko ETEek finantzaketa eskuratu ahal izan dezaten honako hauekin lotutako proiektuetarako: berrindustrializazioa eta enpresa-eraldaketa, nazioartekotzea, langileen parte hartzea eta enpresa-proiektu berriak abiaraztea. 2018az geroztik, emakumeek enpresa berriak abian jartzea ere babesten da. Gainera, iaz hitzarmen bat sinatu zuten hiru foru aldundiek eta Elkargik, hiru lurraldeetako ETEen indarreko maileguen ordainketetan 6-12 hilabeteko atzerapenak ezar zitezen errazteko, eta, hala, COVID-19aren ondorioak arintzeko. Elkargi, enpresentzat eta enpresentzat sortua, 21.500 enpresa bazkidek baino gehiagok osatutako finantza-erakundea da.
2576