Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak «azken minutuko» elikagaiak ematea sustatu duten enpresen lana aitortu dute

Aldundiak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak «azken minutuko» elikagaiak ematea sustatu duten enpresen lana aitortu dute

Baserriko Uzta eta Asprocan enpresek saria jaso dute emandako laguntza bereziagatik.

Markel Olano: «Elikagaien Bankua eta ‘Azken minutua’ ekimenarekin kolaboratzen duten elkarteak dira Gipuzkoaren izaera solidario eta komunitarioaren testigantzarik onena».

José Ignacio Asensio: «Elikagaiak alferrik galtzea arazo globaltzat hartu behar da, etikoki onartu ezina, sozialki bidegabea, eta ekonomia eta ingurumenaren aldetik eutsiezina».          

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatutako Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan, Markel Olano diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak diplomak eman dizkiete «azken minutuko» elikagaiak ematea sustatu duten enpresa laguntzaileei. Oraingo honetan,  Baserriko Uzta eta Asprocan enpresek jaso dute saria emandako laguntza bereziagatik.

Kontuan hartuta COVID-19 pandemiaren eraginez gaur egun bizi dugun egoera, ezinbestekoa da nabarmentzea Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egindako lana; izan ere, entitate hori funtsezko eragilea da osasun krisiak kaltetutako edo gogor eragindako familia guztiei elikagaiak bermatzeko. Bi urte hauetan nabarmen handitu da Elikagaien Bankuaren arreta jaso duten pertsonen kopurua: pandemiaren aurretik 17.663 pertsona artatzetik gaur egun 21.800 pertsona artatzera igaro da, hau da, 2019an baino % 22 gehiago.

Ekitaldian, Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Elikagaien Bankuko boluntarioek egiten duten “lan nekaezina” baloratu du, baita ‘Azken minutua’ ekimenean parte hartzen duten erakundeek erakusten duten “konpromiso soziala” ere, “Gipuzkoaren izaera solidario eta komunitarioaren testigantzarik onena” direlako, Olanoren hitzetan. Diputatu nagusiak deia egin dio gipuzkoar gizarteari Elikagaien Bilketa Handian parte hartzeko, “bonu bat erosteak berekin dakarren gizalegezko keinuarekin bat egiteko”, alegia. “Pandemiak sortutako krisialdiaren ondorioz beharrizan sozio-ekonomikoak areagotzen direnean, pertsona eta familia ahulenen alde lanean eta elkarlanean jarraitzeko unea da, guztion artean eraikitzen jarraitu nahi dugun Gipuzkoa kohesionatu eta iraunkor horren alde egiten jarraitzeko unea”, gehitu du.

Bestalde, Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok gogora ekarri janaria alferrik galtzean, kontsumitu gabeko elikagaia galdu ez ezik, «hura ekoizteko gastatu diren baliabide guztiak ere alferrik galtzen direla», esate baterako, lurraren erabilera, mantenugaiak, ura, eta elikagaiak ekoizteko, eraldatzeko eta garraiatzeko erabili den energia; halaber, berotegi efektuko gas-isurketak sortzen dira. Asensiok adierazi duenez, «elikagaiak alferrik galtzea arazo globaltzat hartu behar da, etikoki onartu ezina, sozialki bidegabea, eta ekonomia eta ingurumenaren aldetik eutsiezina».  

«Azken minutua» programa

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak hamarkada bat baino gehiago daramate elkarlanean, merkaturatu ezin diren «azken minutuko» elikagaiak ematea bultzatzeko. Programa honen bidez, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak merkataritza entitate laguntzaileen soberakinak hartzen ditu. Horiek ezin dira jada saldu, baina jateko moduan daude erabat. Elikagai freskoak dira, eta Elikagaien Bankuak talde baztertuekin lan egiten duten entitateetara bideratzen ditu.

Gure lurraldea ez dago elikagaien xahutzea prebenitzeko erronkatik kanpo; izan ere,  kalkulatzen da urtean 123.000 tona elikagai inguru xahutzen direla gure lurraldeko nekazaritzako elikagai katean (% 23 xahuketari dagokionez eta % 77 galerei dagokienez). Lehen faseetako xahuketak (ekoizpena, eraldaketa eta banaketa) guztizkoaren % 30 hartzen du; kopuru horietatik 6.000 tona inguru erabil daitezke.

Saritutako enpresak

Eroski, Mercadona, Uvesco, Carrefour, Ausolan S. Coop, Frutas Landetxa SL, Interal, Brioche Pasquier Recondo, Kaiku Km 0 SL, Angulas Aguinaga, Aldi, Alcampo, Frutas Adarra eta Patateros Solidarios.

  

1380