Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak enpresa-misio bat antolatuko dute Mexikora, aukera estrategikoak bultzatzeko

Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak enpresa-misio bat antolatuko dute Mexikora, aukera estrategikoak bultzatzeko

Gipuzkoako hamabi enpresek nazioarteko hazkunde-aukera berriak aztertuko dituzte ekainaren amaieran egingo den sektore anitzeko misio estrategiko honen esparruan. Programak automobilgintza eta aeronautika sektoreetako bezeroekin, lankideekin eta klusterrekin bilera estrategikoak izateko aukera eskainiko die partehartzaileei

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak eta Gipuzkoako Bazkundeak enpresa-erakunde misio bat burutuko dute Mexikora. Misio hau ekainaren 23an hasiko da, eta helburua Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea sustatzea izango da.

Mexiko bazkide estrategiko bihurtu da Gipuzkoarentzat, eta lurraldeko esportazioen rankingean seigarren postua lortu du. Bere kokapen geografiko pribilegiatuak, merkatuaren tamaina eta dinamismoak, hazkundean dagoen ekonomiak, eta merkataritza askeko akordioen sare zabalak herrialde estrategiko bihurtzen dute nazioarteko esparruan presentzia indartu nahi duten Gipuzkoako enpresentzat.

Sektore anitzeko misioa, automobilgintza eta aeronautika bezalako sektore estrategikoak bultzatzeko

Gipuzkoako misioak Mexiko Hiria eta Queretaro bisitatuko ditu, eta balio estrategiko handiko sektoreetan zentratuko da, hala nola automobilgintzan eta industria aeronautikoan. Automobilgintzan, Mexiko munduko erreferente bihurtu da 2017ko errekorra gaindituz eta urtean 4 milioi ibilgailu ekoiztuz. Honez gain, ekipo fabrikatzaileen (OEM) presentziak hazten jarraitzen du herrialdean eta ondorioz auto osagaien merkatua ere garatzen ari da.

Aeronautika sektoreri dagokionez, Mexikok hazkunde nabarmena izan du azken urteetan, inbertsio atzerritarra erakarriz, garapen ekonomikoaren motor garrantzitsu gisa sendotuz eta aireontzi komertzial eta pribatuaren alorrean aukerak estrategikoak eskainiz.

Misio honetan parte hartzen duten 12 enpresek Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako bidaia-poltsa bat jasotzeko aukera izango dute. Ekimen honen helburua lurraldeko industria-ehuna indartzea eta esparru globalean hazkunde-aukera berriak irekitzeko bidea erraztea da.

Emaitzetara bideratutako agenda – programa

Programak, parte hartzen duten enpresei bezero eta lankide potentzialekin bilerak izateko aukera emango die, baita bertako erakunde eta eragile publiko eta pribatuekin, eta automobilgintza eta aeronautika klusterrekin topaketak izateko aukera ere.

"Ekimen estrategiko honen helburua, Gipuzkoako enpresei bazkide estrategikoekin eta bezero potentzialekin konektatzeko aukerak eskaintzea da, gure industriaren gaitasuna gure mugetatik haratago erakustea ahalbideratuz. Horrez gain, nazioartekotze-estrategia honek merkatu berrietara sartzea errazteaz gain, Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna indartuko du, sektoreko azken joeren eta eskaeren nondik norakoak gertutik jarraituko bait ditu. Enpresek aliantza komertzialak sortu ahal izango dituzte, inbertsio aukerak identifikatuz eta beraien posizionamendua sendotuz gero eta dinamikoago eta lehiakorragoa den merkatu global batean", adierazi du Unai Anduezak, Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.

Bestalde, Javier Ayala, Gipuzkoako Ganberaren Nazioarteko Garapeneko zuzendariaren hitzetan, "Mexiko gure enpresen esportazioetan lehen herrialdea da Latinoamerikan. T-MEC bezalako merkataritza-hitzarmenen sareari eta 2025ean Europar Batasunarekin eguneratutako akordioei esker, kokapen geopolitiko estrategikoa du, eta, ondorioz, esportazio-hub eta industria aurreratu gisa kokatzen den herrialdea da. Historikoki, Mexiko herrialde erakargarria izan da sektore estrategikoetan inbertitzeko, egonkortasun makroekonomikoari eta enpresa industrialak eta teknologikoak ezartzen laguntzen duten politikei esker. Aurreikusitako merkataritza-agendez gain, Mexikon kokatutako enpresa gipuzkoarrak bisitatzeko eta tokiko errealitatea bertatik ezagutzeko aukera ere izango dugu.

  

4363