Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta ‘GK Recycling’ klusterrak Gipuzkoan ekonomia berdea indartzeko helburuari helduko diote

Aldundiak eta ‘GK Recycling’ klusterrak Gipuzkoan ekonomia berdea indartzeko helburuari helduko diote

Gipuzkoan birziklatzearen industria eta ekonomia berdea sendotzeko ibilbide-orria da plagintza hau.

2020/02/06

José Ignacio Asensio: “Gipuzkoak indar handia du birziklatze eta berrerabiltze arloan. Sektorea bultzatzeko aukera paregabea da, motor ekonomiko gisa ekonomia zirkularraren barruan eta enplegu berdearen sorreran”.

 

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok GK Recycling klusterraren 2020-2024ko plan estrategikoa aurkeztu du, zeina baita berrerabiltzearen eta birziklatzearen Gipuzkoako klusterra. Aldi horretan zehar aurrera eramango den ekintzarik nabarmenetako baten helburua izango da klusterraren harremanak eta irudiaren presentzia handitzea, aukera-bilaketa eta sinergia-sorrera sustatuz, eta enpresei lagunduz diru baliabideak eskuratzen Europako dirulaguntzen bidez. Orobat, nazioarteko eragileei jakinarazi zaie zein den Gipuzkoako birziklatzearen sektoreko enpresa eta erakunde egitura; horretarako, Gipuzkoan topaketak eta alderantzizko misioak burutuko dira eta kanpoko ekitaldietan eta azoketan parte hartuko da.

 

Helburua baita enpresa, produktu eta ikerketa-ildo berriak sortzea, eta klusterraren nahiz haren kideen tokiko proiekzioa sustatzea, horri dagokionez azpimarratu behar da programa berri bat sortuko dela, gaitzat hartuko dituena enpresek klima-aldaketaren aurkako borrokan dituzten erronkak, ekonomia zirkularra sustatuz eragile hauen eskutik: Naturklima, Ingurumeneko Departamentua –Gipuzkoako Foru Aldundia–, eta GK Recycling. Programa horren helburua izango da Gipuzkoako lurraldeko enpresa txiki eta ertainei laguntzea eguneroko funtzionamenduan aurre egiten dieten erronkei erantzuten, talentua bilatuz bai enpresen beren barruan, bai haietatik kanpo, horri esker hobetu dezaten beren lehiakortasuna, eta azalerarazi ditzaten negozio ideia berriak, lagungarriak izango direnak klima-aldaketaren aurka neurriak hartzeko eta borroka egiteko.

 

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azaldu duenez, Gipuzkoak indar handia du birziklatze eta berrerabiltze arloan. “Ikusgai jarri behar dugu sektorearen garrantzia, motor ekonomiko gisa ekonomia zirkularraren barruan eta enplegu berdearen sorreran”. Gainera, gogorarazi du zer-nolako konpromisoa daukan Ingurumeneko Departamentuak sektorearekin, hura bultzatu, lagundu eta ikusgai bihurtzeko. “Sektore estrategiko bat da enplegua sortzeko, ahalmen handia duena hazkunde ekonomikorako”.

Gipuzkoako birziklatze sektoreak 401.484.000 euro fakturatzen ditu urtero, eta 5.295 pertsona enplegatzen ditu. 2017an, Gipuzkoako klusterra sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak bultzatuta. Une honetan, GK Recycling osatzen dutenak 62 entitate dira: 36 enpresa, 8 elkarte eta fundazio, 7 unibertsitate eta zentro teknologiko, eta 11 ingurumen aholkularitza, ekonomia zirkularrari lotuak. 

Helburua 2030 urterako zifra horiek bikoiztea dela azaldu du Asensiok: “Kontziente gara handinahiko helburua dela, baina Gipuzkoak benetako aukera du ekonomia berdean kokatu, garapen modelo iraunkorrago baterantz bideratu eta enplegu berdea eratzeko. Plan estrategiko honek norabide horretara zuzentzeko bidea erakusten digu”.

Kluster horren asmoa da, alde batetik, birziklatzearen eta berrerabiltzearen hazkundea sustatzea, ohitura bat balitz bezala nola herritarrentzat hala enpresentzat, oro har, ekonomia zirkular progresibo baten garapen erreal eta praktiko bat bilatuz, eta bestetik, sektore hori sendotu eta haztea Gipuzkoan, ekonomia eta enplegu berdea sortzeko motor gisa. Plan estrategiko berriak jarduera hori kontsolidatzea du helburu eta hori horrela, aurrera egitea ekonomia zirkular bat sortzeko bidean, hondakinak eraldatuz industriarako baliabide bihurtuta. Hau guztia isuriak murrizteko estrategiaren testuinguruan dago, eta bide batez, Gipuzkoak garapen iraunkorreko modelo bat kontsolidatzearekin lerrokatuta, enplegua eta aberastasuna sortuko dituena gure lurraldeko enpresen, administrazioen eta herritarren arteko lankidetzan.

  

1468