Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Gozoa elkarteak artisau gozogintzaren sektoreko berrikuntza eraldatzailea sustatuko dute

Aldundiak eta Gozoa elkarteak artisau gozogintzaren sektoreko berrikuntza eraldatzailea sustatuko dute

Helburua da Gipuzkoako artisau gozogintza «euskal gastronomiak mundu mailan duen aintzatespen maila berean» kokatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak eta Gipuzkoako artisau gozogintzako lantegiak biltzen dituen Gozoa elkarteak lankidetza konpromiso globala adostu dute sektorearen eraldaketa estrategikorako, jarduera planifikatu baten esparruan.

Lankidetza konpromiso hori gaur bertan iragarri da, azaroaren 5ean, osteguna, Foru Aldundiaren egoitzan egindako prentsaurreko batean. Prentsaurreko horretan agerraldia egin dute Imanol Lasa, departamentuko foru diputatu eta diputatu nagusiordeak, eta Lorena Gómez eta Miren Lukasek, Gozoa elkarteko presidenteak eta zuzendaritza batzordeko kideak, hurrenez hurren.

Elkarteak foru erakundearekin azken hilabeteetan izandako harremanen emaitza da lankidetza konpromisoa. Hilabete horietan, sektoreak lehiakortasuna bultzatzeko bere ibilbide estrategikoa eta ahaleginak partekatu ditu. Aldundiak dagoeneko babestu ditu ekintza horiek: elkarteari 15.000 euroko diru laguntza eman dio aholkularitza estrategikorako, eta 14.850 euroko beste bat emango dio lantegien errolda bat egiten laguntzeko, bilakaera eta berrikuntza prozesuak erreferente objektiboetatik denboran zehar erregularki ebaluatu ahal izateko. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gozoari jakinarazi dio elkartearen proiektuak zein laguntza deialdietan parte har dezakeen, eta laguntza instituzionala emango dio elkarteari kontsumoa ikusarazteko eta sustatzeko egiten dituen ekintzetarako.

Gozoako bi ordezkariek bi inguruabar aipatu dituzte lankidetza konpromisoa testuinguruan kokatzeko. «Lehenengoa duela gutxi gertatu zen. Duela aste gutxi, Elgoibarko Murumendiaraz, gozogile errotuenetako bat, ia ehun urte zituena, itxi zela jakinarazi zen. Beste inguruabar nagusia pandemiak sortutako krisia izan da».

Adierazi dutenez, Muruamendiaraz ixtea «azken bi hamarkadetako joeraren azken tanta izan da». Duela 25 urte Gipuzkoan lanean ari ginen artisau gozogileetatik, erdia gara gaur egun. Eta oro har, ez da merkatu faltagatik edo negozioak porrot egin duelako. Arazoak hainbat jatorri ditu. Arazoa aztertu dugu, eta horretan oinarrituta planifikatutako ibilbideari ekin genion duela bi urte, etorkizunera begira eman beharreko urratsak bideratzeko. Hasteko, sektoreko eragileen artean kultura kooperatiboaren bidea zabaltzen ari gara, orain arte lehia hutsa izan baita nagusi. Hain zuzen ere testuinguru horretan sortu dugu Gozoa elkartea, Gipuzkoako artisau gozogileak biltzeko. Oraingoz 18 bazkide gara, baina aurreikuspenen arabera, hazkunde oso handia izango dugu epe laburrean».

Zehaztutako berehalako zereginetako bat Gipuzkoako artisau gozogileen errolda kualifikatu bat egitea izan zen. «Sektorearen egoera hain ezezaguna da, non ez dakigun Gipuzkoan zenbat artisau gozogintzako lantegi gauden. Egoera ezberdina bizi dugu azken hamarkadetan nabarmen gora egin duen gozogintza industrialaren aldean. Nor eta zenbat garen jakin nahi dugu, baina datu hauek ere bildu nahi ditugu: zenbat lanpostu sortu ditugun, langileek zein prestakuntza maila duten, generoaren ehunekoak, adina, soldata maila eta lan baldintzak, negozioen fakturazioa, zero kilometroa eta trazabilitatea gure hornitzaileekin, besteak beste, baita sektoreak Gipuzkoako BPGari egiten dion ekarpena ere».

Gómezek eta Lukasek adierazi dute datu bilketa hori egiten ari zirenean, pandemia iritsi zela, eta horrek «izugarrizko» inpaktua sortu duela sektorean. «Egoera oso zailean dago sektorea, gainerakoak bezala. Izan ere, lantegiez gain, dendak eta kafetegiak ditugu, gure lantegietan eskuz egindako produktuak bertan saltzeko. Beraz, ostalaritza sektorearen arazo bera dugu. Hala ere, egungo krisi egoeraren ondorioz estualdian gauden arren, pandemiaren aurretik sektoreak bizi zuen krisi orokorrari aurre egin nahi diogu».

Txoke plana

Ildo horretan, Gozoak adierazi du «txoke plan» batekin egungo egoerari aurre egiteko asmoa duela, irizpide argi batekin: «Ez dugu nahi sektorean beste negoziorik ixtea, ezta sektorean lanposturik galtzea ere». «Sektorearen perspektiba planari uko egin beharrean, ahalegin handiagoa egingo dugu plana eraldatzeko; ez gara aldaketa handi edo txikiekin konformatuko, eraldaketa global baten aldeko apustua egingo dugu, sektorearen erabateko berrikuntza prozesu baten bidez». Aurreratu dutenez, «epe luzerako prozesu bat izango da, hainbat urtekoa», eta erreferentzia eredu gisa aipatu dituzte «Arabako Errioxako ardoaren, txakolinaren edo sagardoaren sektorean gertatu diren eraldaketak, aldaketa sakonak egin baitira elaborazio prozesuetan, enpresa edo negozio ereduetan eta baita produktuaren kontsumo ohitura sozial berriak txertatzeko orduan ere».

Helburua da Gipuzkoako artisau gozogintza «euskal gastronomiak mundu mailan duen aintzatespen maila berean» kokatzea. Izan ere, gu ere gastronomia gara: gastronomiaren familia zabalaren barnean gaude. Horregatik esaten diogu artisau gozogintzaren gastronomia gure sektoreari, horren barnean baitaude hala nola pastelgintza, txokolategintza, bonboigintza, tartagintza, opilgintza, gozokigintza, izozkigintza eta abar. Itxaropena zabaldu nahi dugu, anbizioa, agian ausardia, eta hori guztia pandemiak eragindako krisian murgilduta gainera. Gure eraldaketa proiektua etorkizuneko proiektu bat da, krisi hau oso gogorra izaten ari den arren» adierazi dute elkarteko ordezkariek.

Imanol Lasak, bere aldetik, adierazi du «Gozoak Gipuzkoan artisau gozogintzaren sektorea suspertzeko egiten dituen ahaleginak guztiz lerrokatuta daude tokiko, kalitatezko eta 0 kilometroko produktua sustatzeko gure apustuarekin. Halaber, lerrokatuta daude egungo krisian zailtasun handienak dituzten sektoreei laguntzeko egiten ari garen ekintzekin, arreta jarduera estrategikoetan jarrita, baina maila txikiagoko baina garrantzi kualitatiboa duten beste batzuk alde batera utzi gabe. Gipuzkoa beti izan da erreferente kalitatezko gozogintzan, eta Aldundiak ere hala izaten jarraitzea nahi du etorkizunean».

Amaitzeko, honako hau nabarmendu du: «Gipuzkoan jarduera ekonomiko guztiak batzen dituen ardatz nagusi bat dago. Jarduera horiek askotarikoak dira, baina bikaintasunean, kalitatean eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako egiteko moduak dituzte ezaugarri, esaterako, gure industrian, gure lehen sektorean, gure saltoki txikietan edo gure zerbitzuetan. Egiteko modu horietan sakonduz eta errezeta hori aplikatuz lortuko dugu bai jarduerari eta enpleguari eustea, bai aukera berriak sortzea».  

  

1551