Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta kostaldeko udalek hondartzen kudeaketa integralerako akordio historiko bat lortu dute

Aldundiak eta kostaldeko udalek hondartzen kudeaketa integralerako akordio historiko bat lortu dute

Jasangarritasun Departamentuak 12 milioi euro bideratuko ditu hemendik 2027 urtera, hondartzen funtsezko zerbitzuak finantzatzeko, udalerrien eskaerei erantzuteko, batez ere udalerri txikienei. Horrek 4 milioi eurotik gorako inbertsio gehigarria dakar.

2025/05/22
Sostenibilidad

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta kostaldeko udalek garrantzi handiko akordio estrategikoa lortu dute hondartzen kudeaketa 2027 urterarte indartzeko. Departamentuak 4,1 milioi euro gehiago bideratuko ditu (2025-2027 aldian) hondartzetako funtsezko zerbitzuak finantzatzeko, udalerrien eskaerei erantzunez, batez ere udalerri txikienei.

Akordioa gaur goizean berretsi du Gipuzkoako Hondartzen Mahaiak, eta behin betiko aurrerapena da lurraldeko hondartzen kudeaketa integral eta koordinaturako ereduan, udal-eskumenarekiko errespetuan oinarritutako lankidetza instituzionala sendotuz, Aldundiak laguntzeko eta lankidetzan aritzeko duen bokazio argia erakutsiaz.

Aurrekaririk gabeko ahalegin ekonomikoa

Urtero hondartzak kudeatzeko bideratzen diren 2.650.000 euroei, aurten 700.000 euro gehitu behar zaizkie. Ekarpen gehigarria, 1.700.000 eurokoa izango da 2026 eta 2027 urteetan, inbertsio osoa 4,4 milioi eurotakoa izango delarik ekitaldi bakoitzeko.

Hala, 2027. urteraino, Jasangarritasun Departamentuak 12 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu lurraldeko hareatzen kudeaketa integralerako, kostaldeko udalen eskaerei erantzuna emanaz.

José Ignacio Asensio, Jasangarritasuneko diputatuak, balioan jarri du akordioa, eta egindako ahalegin ekonomiko garrantzitsua nabarmendu du: “Akordio hau negoziazio luze baten eta Aldundiak lurraldearekin duen konpromiso irmoaren emaitza da. Badakigu hondartzen kudeaketak ahalegin ekonomiko handia eskatzen duela, batez ere udalerri txikienentzat. Inbertsio horrekin, gure hondartzen kudeaketa integralean eredu bidezkoagoa, koordinatuagoa eta eraginkorragoa lortzeko urrats estruktural eta egonkorra egin dugu”.

Bidezko kudeaketa egiteko finantzaketa proportzionala

Jasangarritasun Departamentuak 1.700.000 euro gehiago emango dizkie kostaldeko udalei 2026ko eta 2027ko hondartza-denboraldiko zerbitzuak finantzatzeko (sorospena, bainugela egokitua, hondartza-zerbitzuak, etab.). Akordioak funtsen banaketa hau ezartzen du, udalerri bakoitzeko biztanleriaren arabera:

  • Getaria (5.000 biztanle baino gutxiago): estalitako kostuaren % 80.
  • Mutriku, Deba, Orio (5.000 eta 10.000 biztanle artean): % 75.
  • Zumaia (10.000 eta 15.000 biztanle artean): % 60.
  • Zarautz eta Hondarribia (15.000 biztanletik gora): % 50.

Bestalde, 2025erako aurreikusitako 700.000 euro gehigarriak udalerri horien artean banatuko dira, laguntza ekonomiko gisa, proportzionaltasun-irizpide berberei jarraituz, finantzaketa-eredu berrirako trantsizio bidezkoa bermatzeko.

Garbiketa eta jasangarritasuna indartzea

Udalerrientzako zuzeneko finantzaketatik haratago, Aldundiak bere gain hartuko du ibai-bokaleetako hondartzetan (Orio, Deba, Zumaia eta Mutriku) hondakinak kudeatzeko kostua.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erosketa zentralaren bidez lankidetza ezarriko da sorospen eta salbamendu zerbitzua kontratatzeko.

Akordio honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak kostaldeko udalerriekin duen konpromisoa indartzen du, eta hondartza garbiak, irisgarriak, seguruak eta jasangarriak bultzatzen ditu, herritar guztiek goza ditzaten. Aldi berean, erabat errespetatzen du udal-eskumena kudeaketan.

  

4424