Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Matia Fundazioak zentro berritzailea eraikiko dute Usurbilen, «etxean bezala» bizitzeko

Aldundiak eta Matia Fundazioak zentro berritzailea eraikiko dute Usurbilen, «etxean bezala» bizitzeko

110 bizileku eskainiko ditu 127 lagunentzat, eta Buruntzaldea eskualdeko egoitza plazen eskaria murrizteko balioko du

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Matia Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute, Usurbilen zentro berritzaile bat eraikitzeko. Zainketadun bizitokia eskainiko duen zentroak 127 lagunentzako 110 bizileku eskainiko ditu eta aitzindaria izango da estatu mailan, Aldundiak sustatzen duten «bizitoki» eredutik abiatuta diseinatu baita, hau da, «etxean ez bada, etxean bezala bizitzeko» helburuz, hala nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak gaur egindako prentsaurrekoan, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Gerardo Amunarriz Matia Fundazioko zuzendaria orokorra lagun izan dituela. Olanok gaineratu duenez, aurreikusten da Kalezar auzoan eraikiko den zentro berria 2021 urtearen amaieran irekitzea, eta, horri esker, «Buruntzaldeako egoitza plazen eskaria murriztuko da»; izan ere, Buruntzaldea da Gipuzkoan ase gabeko «eskaririk handiena» duen eskualdea.

Halaber, guztira 13,8 milioi euroko inbertsioa izango duela –2,8 M € Aldundiaren eskutik–, baliabide berritzaile honek eguneko zentro «ireki, malgu eta intentsibo bat» izango du, eta haren bidez zaintzaren «jarraipena bermatu nahi dugu», zaintzaileekin etxebizitzetan egiten den esku-hartzearen bidez eta zentroko «jarduerarekin koordinatuz», erantsi du diputatu nagusiak. Lankidetza «publiko-pribatua» goraipatu du segidan; izan ere zentro berria «elkarlanaren emaitza» baita: Gipuzkoako Foru Aldundia, Usurbilgo Udala («lankidetza beraiekin oso ona izaten ari da») Matia Fundazioa («nazioartean erreferentzia da eredu honetan») eta hirugarren sektorearen artekoa, hain zuzen.

Orobat nabarmendu nahi izan du hauxe dela «Estatu osoan hutsetik eraikiko den mota honetako lehen proiektua; arreta eredu gipuzkoarraren barruan, hain zuzen». Honelako proiektu berritzaileei esker –Pasaiako Adinberri zahartzaroaren erreferentzia zentroa eta Irungo Arbes egoitza berria ere horren adibide– Gipuzkoa eta Euskadi «lehen lerroan» daude mendekotasun egoeran dauden adinekoei bizilekua eskaintzeari dagokionez, Europa osoan hazten ari den eskaintza mota horri jarraiki.

Foru Aldundiko arduradun nagusiak zehaztu du, bestalde, Gipuzkoa «jada lerrokatuta» dagoela mugimendu berritzaile honekin, eta «printzipio jakin batzuk» izango dituela oinarri, hala nola gizarte eta osasun zerbitzuen «hornidura integratua», adinekoek «beren ohiko ingurunean» jarraitzea, «etxean bezala bizi» goiburua bermatzen duen bizitoki eskaintza alternatiboa; «baita ere pertsonak eta horien nahiak erdigunean» dituen arreta eredua, «hau da, korridoreen inguruan kokatutako gelak oinarri dituen eredu instituzional tradizionala alde batera uzten duena. Horrela, pertsona horien «autonomia pertsonala sustatzen da, hautatzeko gaitasuna bultzatuz, aurreko ingurunearekiko harremanari eutsiz eta betiere duintasuna eta intimitatea zainduz».

 

18 laguneko bizikidetza unitateak

Ildo horretan, zentro berriaren arkitektura diseinuak bateragarri egingo ditu egoitza eredua eta «etxean bezala bizitzea» bermatuko duten espazioen modulazioa,  gelaren ordez «etxebizitza» kontzeptua barneratuko baitu. Horri esker, «familiarekin, lagunekin edo boluntarioekin komunikatzeko eta konpainian egoteko espazio pribatu bat bermatzen da, erakunde tradizionalak bestela lortu ezin duen eta ezinbestekoa den pribatutasun hori errespetatuz», azaldu du Olanok.

 

Arkitektura proposamenak hiru ardatz nagusi ditu: hiri eta gizarte testuinguruan integratzea; etxebizitza multzoen eta horietako eremu komunen bidez gizarte interakzioa lortzea, eta, azkenik, bizileku indibidualen diseinuaren bidez, independentzia, autonomia eta norberaren identitatea sustatzea.

Eredu hori bizikidetza unitate berezituen kontzeptua aintzat hartuz diseinatuko da, eta haietako bakoitzean 18 lagun biziko dira. Era berean, aukera izango da unitate horiek bederatzi laguneko bi unitatetan bereizteko, asmoa baita etorkizun hurbilean profil eta ratio profesionalak berrikustea, zentroaren egiturara hobeki egokitzeko xedez.  Bestalde, ekipamendu berri honetan egunerokotasun bat egongo da, eta eguneroko jarduerak «zentzuz» egingo dira, bertan bizi diren pertsonak erdigunean jarrita eta horien rol desberdinak errespetatuz: arreta behar duten adinekoak, profesionalak, familiako kideak, boluntarioak eta abar.

Antolaketari dagokionez ere, arreta eredu horrek eskatzen duenaren araberako aldaketak egingo dira, rol profesional egokiak eta horiei dagozkien konpetentziak eta trebetasunak identifikatuz, langileen lankidetza eta konfiantza oinarri dituzten antolaketa eredu baten bidez, eta, gainera, antolaketa horizontalago bihurtzeko ezinbesteko prozesuari bide emanez.  Inguruko bizilagunek eta gainerako herritarrek ere izango dute instalazioa erabiltzeko aukera: zentroak kafetegi txiki bat izango du, eta plaza bat ere egokituko da eraikinaren kanpoaldean. Espazioaren kokapenari eta kalitateari esker, ingurua erakargarri bilakatuko da usurbildarrentzat eta gizartearekiko hartu-emana ahalbidetuko da.

Amaitzeko, diputatu nagusiak Adinberri estrategiaren barruan kokatu du Usurbilgo proiektu berria. Adinberriren bidez «zahartze osasungarriaren aldeko» apustua egin du Aldundiak, «gure lurraldea biztanleriaren zahartzeari dagokionez  nazioartean erreferentzia izan dadin». «Eta horretarako –gaineratu du– ezinbestekoa da zahartzaren alorreko eragile guztien inplikazioa: adinekoena, gizarte eta osasun arloko sektorearena eta biozientziena, gure lurraldeko udalak, berrikuntza eta ezagutza ahaztu gabe. Horiek guztiak islatzen dira, hain zuzen, Usurbilgo zentro honetan, zeren sinetsita baikaude etorkizuneko egoitza eredua dela adineko pertsonentzat».

aurreikusten da Kalezar auzoan eraikiko den zentro berria 2021. urtearen amaieran irekitzea
  

1961