Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Realak gizarte zerbitzuetako erabiltzaile eta langileei txertoa jarriko diete Reale Arenan

Aldundiak eta Realak gizarte zerbitzuetako erabiltzaile eta langileei txertoa jarriko diete Reale Arenan

Martxoaren 30etik aurrera, Realeko bi erizaintza-taldek 8.500 txerto inokulatuko dizkiete Gipuzkoako hainbat gizarte kolektibori

Datorren martxoaren 30etik aurrera, Gipuzkoako hainbat gizarte kolektiboren txertaketak Realaren Reale Arena estadioan jarraituko du. Kirol-klubak Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eskaini ondoren, bi erakundeek txertaketa-puntu berri bat jarriko dute Reale Arenaren instalazioetan.

Bertan, Realeko bi erizaintza-taldek Astrazenekako txertoak inokulatuko dizkiete honako kolektibo hauei (Osasun Sailak zehazten dituenak eta guztiak 65 urtetik beherakok): gizarteratze-baliabideen erabiltzaileei eta langileei (egoitzak, etxebizitzak eta eguneko zentroak), adingabeei arreta emateko egoitza-baliabideetan lan egiten duten langileei, laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoa (LPPE) jasotzen duten mendeko pertsonei arreta ematen dieten langileei, desgaitasuna eta II. mailako mendekotasuna duten pertsonei eta haien zaintzaileei, eta zentro okupazionaletako erabiltzaileei. Guztira, 8.500 pertsona ingururi jarriko zaie txertoa datozen asteetan zehar.

Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean ari da txertaketa-kanpainan, eta DYAko, Aita Menniko eta, datorren astetik aurrera, Realeko taldeen eta Gurutze Gorriaren laguntza ere izango du. Horiek guztiek prestakuntza jasotzen dute Osakidetzako profesionalen eskutik, eta txertaketa-kanpaina ikuskatzeaz ere arduratzen dira. Orain arte, erizain taldeek Txara I-eko txertaketa-gunean ipini dituzte dosi gehienak, eguneko zentroetako adinekoei izan ezik, horiei beren zentroan eman baitzaizkie txertoak. Datorren astetik aurrera, Reale Arenako txertaketa-gunea gehituko da kanpainara.

Gipuzkoako Foru Aldundiak txertoaren lehen dosia jarri die dagoeneko 3.392 erabiltzaile eta langileri, adinekoen eguneko zentroetakoak, eta desgaitasuna eta osasun mentaleko baliabideetakoak. Joan den ostegunetik, martxoak 18, kolektibo horiek Pfizer/Biontech botikaren bigarren dosia jasotzen ari dira.

  

3101