Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ezagutaraziko du Demokrazia Zuzenaren Mundu Foroan

Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ezagutaraziko du Demokrazia Zuzenaren Mundu Foroan

Elkarlaneko gobernantza eredua aurkeztuko du

2018/06/11
Foto Aldundiak Etorkizuna...

Gipuzkoako Foru Aldundiak Demokrazia Zuzenaren Mundu Foroan parte hartzeko gonbita jaso du. Foroa Erroman egingo da, aurtengo irailaren 26tik 29ra. Aurten hamar urte beteko dira foroa lehendabizikoz egin zenetik, eta hasiera-hasieratik mundu osoko ehunka aditu, aktibista eta gobernu ordezkari biltzen ditu, demokrazia parte-hartzailearekin eta giza eskubideekin lotutako gaiei buruz eztabaidatzeko, jakinik ezinbestekoa dela gobernantza demokratikoa tokiko mailan indartzea, fokua herritarrengan eta haien eskubideengan jarriz, egungo eta etorkizuneko erronka globalei -desberdintasunaren edo klima aldaketaren aurkako borroka, esate baterako- aurre egin nahi badiegu.  Foroan askotariko gaiak jorratuko dira, hala nola erreferendumak, demokrazia digitala eta giza eskubideak.

            Konfirmazio ofiziala Aldundiak Suitzara egindako bidaia instituzionalean jaso zen. Bidaia horren xedea izan zen, hain zuzen, Aldundiaren gobernantza eredua kontrastatzea demokrazia zuzeneko eredu suitzarrarekin. Izan ere, eredu suitzarrak tradizio luzea du herritarren deliberazio eta erabaki prozesuen antolaketan, hiru maila administratibotan -estatua, kantonamendua eta udala-, eta herritarrek askotariko tresnak dituzte politika publikoak abian jarri eta agenda publikoa antolatzeko.

            Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak Swiss Democracy Foundation fundazioko zuzendari Bruno Kaufmannen eskutik jaso zuen gonbidapena. Horrela, Etorkizuna Eraikiz gobernantza dinamikaren esparruan garatzen ari diren askotariko proiektuak eta erreferentziazko zentroak aurkeztuko ditu Aldundiak aipatu foroan. «Erakusleiho bikaina da, aukera paregabea herritarrekin eta Gipuzkoako egitura sozial eta ekonomikoarekin lankidetzan egiten ari garena ezagutarazteko; horrela lortu nahi baitugu, elkarlanaren eta esperimentazioaren bidez, gobernu ekintza eraldatzea eta gure gizartearen etorkizuneko erronkei berme osoz erantzutea», adierazi du Lasak.

            Aipatu du, baita ere, beste helburuetako bat dela ezagutzea nola heltzen dieten beste herrialdeetan gobernantza berriari lotutako erronkei, eta sareak sortzea, arlo honetan ematen diren «jardunbide onenak» konpartitu ahal izateko. Horretarako, aurreratu du lanean ari direla, foroa antolatzen duten erakundeekin akordio bat sinatzeko. Akordio horretan «konpromiso zehatzak» jasoko dira, Gipuzkoako herritarrek politika publikoen «diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan» parte har dezaten. «Suitzara egindako bidaia honen irakurketa nagusietako bat da ezin dela inoiz demokrazia ziurtzat eman; hau da, etengabe hitz egin behar da demokraziaz, egunez egun eraikitzen baita. Eta hori guztion ardura da», adierazi du.

            Diputatuak lehen eskutik ezagutu ahal izan du nola antolatzen diren Suitzan herri galdeketak. Atzo, Lucernako hauteslekuan egon zen. Herritarrek Estatu mailako bi lege proposamen garrantzitsuren inguruko iritzia eman behar zuten: ausazko jokoei buruzko lege berria, eta osoko monetaren ekimena, zeinaren bidez proposatzen baita Suitzako moneta sistema goitik behera aldatzea. Lehena onartua izan zen; bigarrena ez. Gainera, herritarrek kantonamendu mailako beste bi proposamenen inguruan ere bozkatu behar zuten. Zurichen, adibidez, guztira 14 punturen gainean erabaki behar zuten: bi herri galdeketa federalak, kantonamenduari zegozkion bi galdeketak, eta udal mailako hamar proiektu.  Valaisen, esaten baterako, erabaki zen Sion ez aurkeztea 2026ko Neguko Joko Olinpikoetarako.

            Lasa han egon zen, bozkatzeko prozesuan nahiz ondorengo kontataketan, Lucernako hauteslekuan, hauteskundeen arduradun Thomas Zumbhülekin eta udaleko eta hauteskunde erregistroko Elvira Schneider eta Yvonne Kehrlirekin. Bozkatzeko eta sinadurak biltzeko prozesu gehienak eskuz eta paperean egiten dira oraindik ere. Posta bidezko botoa izaten da gehien erabiltzen den aukera, baina 2019rako aurreikusten da kantonamenduen bi herenek internet bidez bozkatzeko aukera ematea herritarrei. «Oso interesgarria izan da ikustea nola urtean lau galdeketa garrantzitsu antolatzen dituen herrialde batek pixkanaka hobetu egin duen bere logistika, mende eta erdiz metatu duen esperientziaren bidez. Benetan kontuan hartu beharreko faktore bat da, partaidetzaren kultura zabaldu nahi badugu», esan du.

            Gainera, herenegun, diputatuak lan bilerak izan zituen herrialdeko aditu eta ordezkari desberdinekin. Bilera horietan, demokrazia zuzeneko esperientzia desberdinak eta legeak ematen dizkien tresnak erakutsi zizkioten, eta Lasak Etorkizuna Eraikiz ekimena aurkeztu zuen.  Adituen artean zeuden Adrian Schimd, Swiss Democracy Foundation fundazioko presidentea eta Berdeen sortzaile eta presidente oiha; Renat Kunzi, demokrazia zuzenari buruzko informazioa hamar hizkuntzatan eskaintzen duen swissinfo.ch plataforma publikoko editorea; eta Thomas Gottin, Politforum Käfigturm espazioko zuzendaria -gobernantzari buruzko eztabaida publikorako eta hausnarketarako espazioa, Bernan-. Lasa espazio horretan egon zen, esperientziak konpartitzeko, eta Aldundian inauguratu berri den Etorkizuna Eraikiz Gunea hobetzeko.

  

178