Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak euri-jasek Ataunen eta Zaldibian eragin zituzten kalteak konpontzen lagunduko du

Aldundiak euri-jasek Ataunen eta Zaldibian eragin zituzten kalteak konpontzen lagunduko du

Bi udalek 23.821,88 euro eta 31.762,50 euro eskuratuko dituzte hurrenez hurren kaltetutako landabideak konpontzeko

2020/05/27

Foru Aldundiak dirulaguntza bana onartuko du Ataun eta Zaldibiako udalentzat, apirilaren 24ko euriteek bi herrietan eragindako kalteak konpontzen laguntzeko. Ataungo Udalak 23.821,88 euro jasoko ditu Iturtxoko bidean eragindako kalteen gastuen zati bat finantzatzeko. Konponketen aurrekontu osoa 31.762,50 euro da. Zaldibiakoak, bestalde, 32.963,80 euro izango ditu zenbait landabide konpontzeko: Arru, Zubialde, Aierdi, Alotzpe eta Arkaka. Kasu horretan, lanen kostua 43.951,74 euro izango da.

Horrela, Aldundiak erantzun egingo dio bi Udalek jasotako eskaerari, aparteko egoera klimatologikoagatik larrialdiko jarduera horiek egiteari ekin behar izan baitiote, biztanleei sarbidea bermatuz. Arratsaldeko azken orduan sortutako ekaitz batek sekulako euriteak eragin zituen Goierrin, eta bi herri horiek izan ziren kaltetuenak. Metro karratuko 46 eta 34 litro erori ziren bertan ordubete baino gutxiagoan, eta lur-jausiek eta kalteek auzo batzuetarako sarbidea oztopatu zuten.

Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak udal zerbitzuen eta herritar askoren "erreakzio azkarra" azpimarratu du, ordu gutxiren buruan normaltasunera itzuli ahal izateko lan egin zutelako. Orobat esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako 89 udalerrietatik "gertu" egoteko duen borondatearen ondorio dela erabakia, "bereziki txikiengandik gertu", aipatutako "premiazko egoeren" aurrean babesa emateko eta "lurralde-oreka" zaintzeko.

Ildo horretan, eta bilketaren jaitsierak udalerri txikienetako udalen beharretan eta kudeaketan izan dezakeen eragina ikusita, Lasak gogorarazi du berriki aurkeztu den lehen sektoreko jarduera ekonomikoari eusteko planak 500.000 euro aurreikusten dituela udalei laguntzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko, baliabideak arrazionalizatzeko eta ematen dituzten zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko; udalaz gaindiko laguntza kolektiboko proiektuak eta plataformak indartzeko; eta, premia larriko kasuetan, baliabide ekonomikoak udaletara bideratzeko.

  

1365