Aldundiak ez du zor berririk hartuko 2020an
Aldundiak ez du zor berririk hartuko 2020an
Halaber, A-15eko tunelak Europako zuzentaraura egokitzeko Ekintza Plana onartu du Diputatuen Kontseiluak.
2020ko aurrekontu proiektua osatzeko prozesuarekin jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, testuinguru honetan, Diputatuen Kontseiluak behin betiko irizpideak eta datozen urteetarako agertoki ekonomikoa onartu ditu. Foru bozeramailea den Eider Mendozak aurreratu duenez, “jarraipeneko” aurrekontuak dira, foru erakundeak bere finantza egoera indartzeko duen konpromisoa berretsiz: “2019 honetan egin dugun bezala, 2020an ere ez dugu zor berririk hartuko. Gure helburua, hemendik eta legealdi amaierara bitartean, gure zorra krisi aurreko mailatara jaistea da”. Foru bozeramaileak adierazi du Aldundia “sendotzen” jarraitzea dutela jomuga: “Edozein agertoki aldaketaren aurrean prest egon behar dugu, eta aldi berean gai izan behar dugu ditugun etorkizuneko apustu estrategikoak gauzatzen jarraitzeko”.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, goizean egin den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Irizpide ekonomikoei dagokionean, gogoratu du aurrekontuaren hazkundeak mugak dituela, egun indarrean dagoen aurrekontu egonkortasunerako eta finantza jasangarritasunerako araudia dela eta, Gastu Araua bereziki. “Hori dela eta, departamentuen gastuari erreparatuz gero, zuzkidurak aurtengoaren antzekoak izango dira, gizarte politika salbu. Hazkunde nagusia departamentu horretan egongo da, gure gizarte babeserako sistema indartzeko egiten ari garen apustuaren adierazle. Eta, aldi berean, etorkizuneko proiektu estrategikoetan aurreikusita dauzkagun inbertsioei eutsiko diogu”, azaldu du.
Azkenik, Mendozak aurrekontu proiektuaren onarpenerako aurreikusi den egutegia gogoratu du. Prozesua uztailean hasi zen, lehen proposamen baterako irizpideen onarpenarekin. Orain, Kontseiluak behin betiko irizpideak onartu ditu, eta urriaren 22an aurrekontu proiektua onartuko du. Hurrengo astean, proposamena Batzar Nagusietan aurkeztuko da, eta azaroan eta abenduan bertan eztabaidatu eta bozkatuko da. “Kalitatezko enplegua eta etorkizuneko ekonomia lehiakorra bultzatu; babes sistema eta justizia soziala indartu; eta Gipuzkoako Foru Aldundia transformatzea dira erakunde honek legealdi honetan dituen helburu estrategikoak. Ondorioz, horretara bideratuta dago gure aurrekontu proposamena ere”, gogoratu du Mendozak.
Irizpideekin batera, Diputatuen Kontseiluak 2020 eta 2023 urteen arteko aurrekontu agertokiari ere argi berdea eman dio. Honek aurrekontuentzako oinarrizko irizpideak finkatzen ditu, eta sarreren eta gasturako erabilgarri egongo diren baliabideen aurreikuspena egiten du. “2020-2023 agertoki honekin Gipuzkoako Foru Aldundiak egonkortasunarekin eta finantza jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten du: superabitak, zor berririk ez hartzea eta hau murrizten jarraitzea”, aldeztu du Mendozak. Foru bozeramaileak gogoratu du Aldundiak berriki iragarri duela aurten 95,6 milioitan zorra murrizteko erabakia, eta 2015etik hona %23 murriztu duela jada bere zorra. “Orain, agertoki honen arabera, norabide berean jarraituko dugu, anbizioz jokatuz gainera: krisi aurrean genuen zorraren azpitik amaitu nahi dugu laurtekoa”, iragarri du, orduan 320 milioi eurotan zegoela gogoratuz.
A-15eko tunelak
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak A-15 autobideko tuneletan estaldura sendotu eta tunelen instalazioak egokitzeko Jarduketa Plana onartu du, Europako 2004/54/CE zuzentaraua betetzeko. Araudi honen helburua erabiltzaileen gutxieneko segurtasuna bermatzea da, gizakiaren bizitza, ingurumena eta tuneletako azpiegiturak arriskuan jar ditzaketen egoera kritikoak saihestu eta istripuak gertatuz gero dagokion babesa emanez. Direktiba hau Europako errepide sareko tunelei aplikatu behar zaie, 500 metro baino luzeagoak badira. Ondorioz, Gipuzkoan A-15 errepideko lau tuneli eragiten dio: Belabieta, San Lorentzo-Larre, Gorosmendi y Oindolar.
Mendozak gogoratu duenez, 2016an hasi zuen prozesua Aldundiak eta, gaur arte, San Lorenzo-Larre tuneleko Iruñea norabideko tutuan egin dira egokitzapen lanak, eta orain Donostia norabidekoan ari dira lanean. 12 milioi euroko inbertsioa bideratu da San Lorentzo-Larre tuneleko lanetara. Zailtasunak anitz ituen prozesua da, foru bozeramaileak azaldu duenez: alde batetik, errepidea mendiko autobia da, eta ondorioz martxoaren 15etik azaroaren 15era bitartean bakarrik da posible obrak egitea. Bestalde, proiektuak eragin ekonomiko garrantzitsua dauka, eta honi gehitzen zaizkio trafikoan duen eragina. Azken hau dela eta, ez da posible lanak tunelen guztietan aldi berean egitea.
Gaur onartutako Jarduketa Planarekin, Aldundiak berretsi egin du bere konpromisoa Belabieta, Gorosmendi eta Oindolarreko tuneletan lanak egiteko 2020 eta 2023 urteen artean. Inbertsioa, guztira, 48,3 milioi eurokoa izango da. “Plan honekin, foru erakundeak argi uzten du berriro ere proiektu hau gauzatu eta Europako zuzentaraua betetzeko duen konpromisoa, zailtasuna zailtasuna eta konplexutasunak konplexutasun. Errepideen artapena hizki larriz dator jasota gure plangintza estrategiko guztietan, eta erabaki hau norabide horretan doa hain zuzen”, defendatu du Mendozak.
Proiektuan, besteak beste, jarduketa hauek aurreikusten dira: estabilizazioa konpontzea; drainatzea berritzea; instalazioak egokitzea energia horniketara; ekipamendu elektronikoak tamainara egokitzea; argiteria sistema eguneratzea LED teknologiarekin ustiaketa kostuak murrizteko; aireztatze sistema berriz jartzea; eta sutearen aurkako babes sistema bat jartzea, hidrante sare batek eta zutabe lehor batek osatua galerairen barruan. Gainera, teknologia puntakoenak jarriko dira errepideen kudeaketa eguneratzeko, zirkulazioa eta edukierak kontrolatzeko, telebistako zirkuitu itxiaren sistema hobetzeko, Gertakarien Detekzio Automatikoko sistema bat ezartzeko, eta komunikazio sistema erabiltzailearekin, SOS zutoinen sistema berrituz eta megafonia gehituz.
2655