Aldundiak, Fagorrek eta Aretxabaletako Udalak 1,7 milioi euro inbertituko dituzte District Heating proiektu batean, energia aurrezteko eta CO2 emisioak murrizteko
Aldundiak, Fagorrek eta Aretxabaletako Udalak 1,7 milioi euro inbertituko dituzte District Heating proiektu batean, energia aurrezteko eta CO2 emisioak murrizteko
Aldundiak, Fagorrek eta Aretxabaletako Udalak 1,7 milioi euro inbertituko dituzte District Heating proiektu batean, energia aurrezteko eta CO2 emisioak murrizteko
Ekimen horri esker, Fagor Taldeko Fagor Ederlan kooperatibaren Aretxabaletako plantako soberakin termikoa Ibarra kiroldegiraino bideratu ahal izango da, hiriko bero-sare baten bidez. Zati batean "Euskadiko 2021-2027 EGEF" Europako funtsekin kofinantzatuta dago.

José Ignacio Asensio: “Gipuzkoan, jasangarritasuna eraldaketa- eta ongizate-motorra izan daitekeela erakusten ari gara. Aretxabaletako kiroldegia hornitzeko gaur egun galtzen den beroa berrerabiltzeak erakusten du trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra ere tokikotik eta industriatik eraikitzen direla”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Fagorrek eta Aretxabaletako Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, industria-prozesuetan sortutako hondar-beroaren energia-aprobetxamendurako sistema berritzaile bat garatzeko. Sinadura Fagor Ederlan kooperatibaren egoitza nagusian egin da, eta bertan izan dira Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensio, Fagor Taldeko idazkari nagusi Amaia Agirre, Fagor Ederlanen zuzendari nagusi Jon Zuazo eta Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbe.
Hitzarmenaren helburua da Fagor Ederlanen galdaketa-prozesuan sortzen den soberako beroa berrerabiltzea, eta hiri-beroko sare baten bidez bideratzea, Ibarra kiroldegia energia termikoz hornitzeko. Proiektuak hiru jarduera nagusi ditu:
- Bero sare bat instalatzea, industria planta eta kiroldegia lotuko dituena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatuta, 700.000 euroko kostuarekin (BEZa barne).
- Fagor Ederlaneko instalazioetan beroa berreskuratzeko sistemak sartzea, 912.000 euroko inbertsioa bere gain hartuta.
- Ibarra kiroldegiko azpiestazio termikoa egokitzea, 85.000 euroko aurrekontuarekin, Aretxabaletako Udalak finantzatuta.
Guztira, proiektuak 1,7 milioi euro inguruko inbertsio globala aurreikusten du. Erakunde sinatzaileetako bakoitzak dagozkion jarduketak gauzatzeko erantzukizuna hartzen du bere gain, dagozkion eskumenen barruan.
Ekitaldian, Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “hitzarmen hau trantsizio energetikoa erakunde publikoen eta enpresa konprometituen arteko benetako lankidetza-aukera bihurtzeko moduaren adibide bat da. Gaur egun galtzen den beroa udal-zerbitzuak energiaz hornitzeko aprobetxatzea, emisioak murrizteaz gain, ekonomia zirkularra tokikotik eta industriatik ere eraikitzen dela frogatzea. Ekimen horrek efizientzia hobetzen du, energia-kostuak murrizten ditu eta klima-neutraltasunerantz urrats zehatzak ematen ditu. Gipuzkoan frogatzen ari gara jasangarritasuna eraldaketa- eta ongizate-motorra izan daitekeela”.
Fagorreko idazkari nagusi Amaia Agirrek adierazi duenez, “Fagor Taldeak haren ekarpena egin gura du Debagoienak jasangarritasunerantz egin behar duen bidean, eta, zentzu horretan, aldaketa klimatikoa eragiten duten berotegi efektuko gasak murriztea da erronka nagusienetako bat. Proiektu honen bitartez, Fagor Ederlanek Aretxabaletan dituen labeek sortzen duten bero soberakina aprobetxatuko da kiroldegiko berokuntza beharren zati esanguratsu bat estaltzeko. Proiektu honek aurrezpen ekonomikoak ekarriko dizkio Aretxabaletako herriari”.
Fagor Ederlanen zuzendari nagusi Jon Koldo Zuazok azpimarratu duenez, “hitzarmen hau Fagor Ederlanen jasangarritasun estrategiarekin bat dator erabat. Alde batetik, ingurumenari dagokionez, gure ekoizpen plantan sortutako bero soberakina aprobetxatzeak Aretxabaletako udal kiroldegian gas naturalaren kontsumoa nabarmen gutxitzea ahalbidetuko du, ondorioz CO2 emisioak nabarmen murriztuz. Bestetik, gizarte ikuspegitik, proiektuak indartu egiten du eraldaketa sozialarekin dugun konpromisoa. Udal igerilekua girotzen eta ur beroa hornitzen lagunduz, onura zuzena eskaintzen diegu Aretxabaletako herritarrei, komunitatearekin lankidetzan aritzeko dugun bokazioa sendotuz”.
Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek azpimarratu duenez, “jasangarritasunaren bidean, guretzat garrantzitsua da, alperrik galtzen den bero hori, herriko instalakuntza baten energia sortzeko erabiltzea. Bestalde, instituzio ezberdinen eta enpresen arteko elkarrekintza hauek, gertutasuneko proiektuei ateak zabaltzeko aukera berriak sortzen die”.
Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bero-sare berriztagarriak bultzatzeko, lurraldearen deskarbonizazioan aurrera egiteko eta berrikuntza eta eraginkortasuna herritarren zerbitzura jarriko duten aliantza publiko-pribatuak sustatzeko dituen estrategien barruan sartzen da.
4183