Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak gazteen ongizate mentalaren eta emozionala sustatuko ditu, proiektu aitzindariak erakartzeko deialdi berri batekin

Aldundiak gazteen ongizate mentalaren eta emozionala sustatuko ditu, proiektu aitzindariak erakartzeko deialdi berri batekin

300.000 euroko zuzkidura du deialdiak datozen bi urteetarako, eta Etorkizuna Eraikiz – Gipuzkoa Taldean programaren barruan kokatzen da, 12 eta 15 urte bitarteko nerabeei zuzendutako prebentzio-proiektuak babesteko

Gipuzkoako Foru Aldundia

Irune Berasaluze Aldundiko bozeramaileak agerraldia egin du gaur Gobernu Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko, Maite Peña Zainketako eta Gizarte Politiketako diputatuarekin batera. Elkarrekin emandako prentsaurrekoan, Peñak iragarri du Adinberri zentroaren obrei berrekingo zaiela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu estrategikoetako bat, hain zuzen. Zentro horren jarduerari ekainaren 9an ekingo zaio berriro. Gainera, gazteen ongizate emozionala sustatzeko neurri berriak aurkeztu dira, lurraldeko gaitasun handiko sarean bide segurtasuna indartzeko jarduerak, eta Zarautz ekialdeko eta Oiartzungo bidesariak berritzea.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2025erako laguntza lerro berri baten deialdia, lurraldeko gazteen ongizate emozionala sustatzeko, Etorkizuna Eraikiz – Gipuzkoa Taldean programaren esparruan. Deialdia, guztira 300.000 eurokoa, 2025eko eta 2026ko ekitaldien artean banatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoaren barruan dago, eta pertsonen ongizate integralarekin eta komunitatearen indartzearekin konprometitutako Gipuzkoa bat eraikitzeko duen ikuspegiari erantzuten dio.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez, “aurrenerabeen eta gazteen osasun mentala legealdi honetako erronka sozial handienetako bat da”. Ildo horretan, gazteen eta nerabeen arteko nahasmendu mentalen gorakada nabarmendu du, baita belaunaldi berriek osasun mentalaren arloan dituzten zailtasunak ere, Aldundiak berak Euskal Herriko Unibertsitateari eskatutako azterlan batean egiaztatu den bezala. Berasaluzeren arabera, Aldundiak arazoari sustraitik heldu nahi dio: “Haurtzaroa eta, bereziki, nerabezaroa etapa sentiberak eta kalteberak dira ikuspegi psikologikotik. Horregatik, deialdi honen bidez bultzatuko diren proiektuak 12 eta 15 urte bitarteko adingabeei zuzenduko zaizkie, eta helburua da arazoak agertu aurretik babes faktoreak indartzea eta arrisku faktoreak murriztea ”.

2023an bakarrik, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareak 1.768 adingabe artatu zituen, nahasmendu emozionalen eta portaera-nahasmenduen intzidentzia handiarekin ( % 40). Ikerketa beraren arabera, nahasmendu mentalen % 75, 25 urte bete aurretik hasten dira, eta horrek indartu egiten du aldez aurretik jarduteko beharra. Txostenak funtsezko arrisku faktore gisa identifikatzen ditu estres kronikoa, isolamendu soziala, pantailen gehiegizko erabilera edo haurtzaroko esperientzia traumatikoak, eta, adituen arabera, faktore horiek larriagotu egin dira pandemiaren ondoren. “Deialdi berri honek, hain zuzen ere, babes komunitarioko sare hori indartu nahi du, hezkuntzaren, gizartearen edo komunitatearen eremuetan gara daitezkeen prebentzio proiektu berritzaileen alde eginez”.

Deialdiak arreta berezia eskainiko die erregulazio emozionala, trebetasun sozialak, autoestimua, taldearen ongizatea edo nerabeentzako ingurune seguru eta abegitsuak sortzea sustatzen duten ekimenei. Oinarri arautzaileak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira eta 2025eko deialdia datozen asteetan aktibatuko da.

Autobideetako segurtasuna hobetzeko jarduketak

Gipuzkoako ahalmen handiko errepide sarean segurtasuna indartzeko lan batzuk ere iragarri ditu Berasaluzek. Bidegik jarduketa berriak esleitu ditu AP-8ko lotuneetan segurtasuna areagotzeko eta sareko puntu kritikoetan ur putzuak sortzea saihesteko.

Alde batetik, AP-8ko lotuneak hobetzeko lanak egingo dira, Behobiatik (KP 0) Hernaniko zerbitzuguneraino ( KP 22,00). Barne hartzen dute lanek 2 km-ko tartea, GI-20 errepidearen ekialdeko zatitik AP-8rekiko loturaraino, Errenterian, eta Pasaiako lotuneraino. Helburu nagusia da konexio bakoitzean segurtasuna indartzea, bide-zoruak berrituz, seinale horizontal eta bertikal berriak jarriz, balizatze- eta euste-sistemak ezarriz, eta foku-hargailuak instalatuz eta fresaketak eginez. AP-8ko lotuneetan jardungo da Behobian (KP 0), Oinaurreko erdi-lotunean Irunen, Irun-Bentetakoan, Oiartzungo zerbitzugunean, Oiartzungo 11. lotunean, GI-20 eta AP-8 errepideen arteko loturan Errenterian eta Pasaian, Astigarragako 19,000 KPan eta Hernaniko zerbitzugunean. Obrak, 855.700 euroko aurrekontuarekin (gehi BEZa), sei hilabeteko epean egingo dira.

Aldi berean, drainatze-lan espezifikoak jarriko dira abian AP-8ko, AP-1eko eta GI-20ko hainbat zatitan, galtzadan ura pilatzea saihesteko eta euri handiko egunetan arrisku-egoerak prebenitzeko. Soluzio teknikoak aplikatuko dira, hala nola zeharkako edo luzetarako arrailak, kanaletak erdibitzaileko pasaguneetan eta, Hirubideko (Lasarte-Oria) biaduktuaren kasuan, zulaketak taulan eta hustuketa sistema bat instalatzea zorrotenen bidez. Esku-hartze hori 623.600 euroan esleitu da (gehi BEZa), eta sei hilabeteko epea eman da hura gauzatzeko.

Zarautz ekialdeko eta Oiartzungo ordainlekuak berritzea

Era berean, Bidegik erabat berrituko ditu Zarautz ekialdeko eta Oiartzungo ordainlekuak, funtzionamendu autonomoa ahalbidetuko duten kobrantza sistema berriez hornitzeko. Zarauzkoa berritzeko aurrekontua 3.354.100 +BEZ da, 13 hilabete eta 2 asteko gauzatze epearekin. Oiartzunerako aurrekontua 2.966.400 +BEZa da eta 12 hilabeteko epea eta kontrol eraikina ere egokituko da. Bi kasuetan, markesinak eta egungo bideak eraistea aurreikusten da, eta horien ordez arkupe berriak jartzea, bakoitzean sei bide izango dituztenak; horietako bi itzulgarriak izango dira Zarautzen.

Berasaluzek azaldu duenez, “ordainlekuak guztiz operatiboak direnez, hainbat fasetan egingo dira, operatibitateari eusteko, eta, itxiera puntuala behar izanez gero, gaueko ordutegian egingo da”.

Kobrantza estazio berriak prest egongo dira bide dinamiko gisa jarduteko, Via-T edo Abiatu bezalako TAG gailu bateragarriak irakurriz, ibilgailuak abiadura murriztuz igarotzea ahalbidetuz, baina gelditu gabe. Era berean, arreta gabeko bide automatiko gisa gaituta egongo dira, bai TAGarekin ordaintzeko, telefono mugikorraren, erloju adimendunaren, banku txartelaren edo eskudiruaren bidez. “Horretarako, bidesariek matrikula irakurtzeko kamerak eta bereizmen handiko inguruetako kamerak izango dituzte, autobidera sartzen edo irteten den ibilgailu mota zehazteko, baita ordainketa mota guztietarako makina automatikoak eta urruneko komunikazio mekanismoak ere”. “Berrikuntza horrek trafikoa arintzea eta bidesariak ordaintzeko erosotasuna ekarriko du”, gaineratu du Berasaluzek.

Adinberri zentroko obrei berrekingo zaie

Bestalde, Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak iragarri du Diputatuen Kontseiluak gaur onartu duela Eraikuntza Birgainkuntza Artapena enpresarekin Adinberri zentroaren obrekin jarraitzeko kontratuari berrekitea. Peñak aurreratu duenez, “ekainaren 9an ekingo zaie berriro lanei, lur kutsatuak induskatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Osalanek ezarritako prozedura espezifiko berriari jarraituz”. “Esku-hartzeak laneko eta ingurumeneko agintariek ezarritako prebentzio neurri guztiak beteko ditu, obrako langileen eta inguruko herritarren segurtasuna bermatuz, prozedura guztiak betez, orain arte egin den bezala”. Obrak 2027aren amaieratik 2028aren hasierara bitartean amaitzea aurreikusten da.

Adinberri da Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hamarkadan egin duen inbertsio nagusietako bat. Zentroak, Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan, zaintza eredu berritzaile eta kolaboratibo bat planteatzen du zahartzearen erronkari erantzuteko.

124 egoitza-plaza, 18 tutoretzapeko apartamentu eta eguneko zentro batekin, proiektuak Pasaia biziberritzen lagunduko du, 400 lanpostu zuzen eta zeharkako sortuz. Gainera, berrikuntza sozial eta teknologikorako gune bat eta komunitateari irekitako plaza bat izango ditu.

  

3684