Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Gipuzkoako gizarte baliabideetako profesionalentzako prestakuntza plana indartu du

Aldundiak Gipuzkoako gizarte baliabideetako profesionalentzako prestakuntza plana indartu du

Azken orduetan hiru pertsona hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, COVID-19 positibo bat atzeman da eta beste bi lagunek gaixotasuna gainditu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den apirilaren hasieran abiatutako Prestakuntza Plana indartu du, “zentroetan COVID-19 agertoki posible ezberdinen prebentzioan, kontrolean eta erabileran sakontzeko eta ezagutza sendotzeko” helburuarekin. Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, azpimarratu du Prestakuntza Plana indartu egin dela, “modu mailakatuan, Gipuzkoako gizarte zerbitzu eta baliabideetako langile guztiengana iritsiko dena”. Ziklo berri honen lehenengo saioa irailaren 17an izan da, Etorkizuna Eraikiz gunean.

Prestakuntza ziklo berri honetarako, Gipuzkoako Foru Aldundia berriz ere lankidetzan ari da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, bai eta sail horretako Carmen Ramírez de la Piscina medikuarekin ere, Mugarik Gabeko Medikuen erakundean ibilbide luzea duena, eta prestakuntza emateaz arduratuko dena. Gipuzkoako Foru Aldundiko, DYAko, Matia Fundazioko eta Aita Menniko profesionalei zuzenduta daude saioak. Profesional horiek diziplina anitzeko taldeak osatzen dituzte, eta aldian-aldian zentro eta gizarte baliabideetara hurbiltzen dira ikuskaritza lanak, aholkularitza teknikokoak eta PCR probak egitera.

Prestakuntza-programak, lehenengo fasean, COVID-19ren aurrean hartu beharreko prebentzio, kontrol eta segurtasun neurriak jorratuko ditu, hainbat egoera bereiziz eta horietan guztietan higienea zorroztearen garrantzia azpimarratuz. Helburua da prestakuntza saio horiek jasotzen dituzten profesionalek prebentzio eta kontroleko ezagutza horiek Gipuzkoako zentro eta gizarte baliabideetako profesionalei transmititzea, adinekoen egoitzei lehentasuna emanez eta gainerako profilak eta baliabideak pixkanaka txertatuz. “Prestakuntza Plana elementu bizia da, eta une bakoitzean behar diren beharrekin eta eskakizunekin osatuko dugu”, adierazi du Maite Peñak, eta, aldi berean, gogorarazi du garrantzitsua dela “prestakuntza sakontzea COVID-19aren testuinguruan, bizi dugun egoera aldakorra eta ziurgabetasun handikoa baita”.

Hiru lagun hil dira azken orduetan

Azken orduetan Gipuzkoako egoitza-sarean bildutako informazioan oinarrituta, 65 zentro eta 5.425 plaza dituena, hiru pertsona hil dira, bi Hernaniko Santa Maria Magdalenan eta bat Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan. PCR proben azken emaitzek positibo bat antzeman dute Santa Maria Magdalena egoitzan, eta, bestalde, Hernaniko egoitzan bizi diren beste bi pertsonak alta epidemiologikoa jaso dute.

Gaur egun, beraz, COVID-19 66 kasu aktibo daude Gipuzkoako zentroetako egoiliarren artean: Donostiako Hermano Garate – San Ignacio (2), Hernaniko Santa Maria Magdalena (36), Errenteriako Jesusen Bihotza (16), Donostiako Alai-Etxe (10), Donostiako Zorroaga (1) eta Bergarako Mizpirualde (1). 14 dira ospitaleko arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 34 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan ari dira artatzen, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroan. Joan den abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, bost adineko lagunek gainditu dute gaixotasuna, eta 11 hil egin dira.

 

  

1447