Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak gomendioen gida bat aurkeztu du bizikletaren inguruan

Aldundiak gomendioen gida bat aurkeztu du bizikletaren inguruan

Bidezko mugikortasunari buruzko udal ordenantzetarako da.

2018/02/21

Marisol Garmendia: “udalerriekin eta elkarteekin batera aritu gara lanean mugikortasun jasangarriari eta osasungarriari buruzko araudi bat adosteko, eremu publikoan naturaltasunez integratu dadin”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak ‘Oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuneko udal ordenantzei buruzko lan-jardunaldia’ ospatu du Foru Jauregian, eta bertan aurkeztu da ‘Bizikleta bidezko mugikortasuna udal ordenantzetan jasotzeko gomendio teknikoak’ gida, dokumentu aitzindaria, Espainian landutako lehena baita.

Jardunaldian 80 pertsona baino gehiago bildu dira, besteren artean, DGTko Arau Ordenamenduaren Ataleko Burua, lurraldeko zenbait alkate, beste aldundi batzuetako kideak, Bizkaikoak haien artean, ATTGko ordezkariak, Bizikletaren aldeko Hirien Sarea eta mugikortasuneko udal teknikariak, eta baita bizikletarekin eta mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten beste elkarte batzuk ere.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi bezala, “jakin badakigu mugikortasun jasangarriaren eta osasungarriaren aldeko gure apustu irmoak beste instituzio eta erakunde batzuekin elkarlanean aritzea eta gogo-kidetasuna eskatzen duela, hala, denon artean, bizikletak eremu publikoan izango duen integrazioa eta herritarren aldetik izango duen eguneroko erabilera udalerrietako mugikortasunean eta trafikoan ahalik eta naturaltasun handienaz txertatzea lortzeko”; horregatik, jarraitu zuen Garmendiak, “aurkeztu dugu gomendio teknikoen gida hau, hirietako bizikleta bidezko mugikortasunean oinarritua, joan den urtean jardunaldi honen aurreneko edizioan egin ziren ekarpenak eta akordioak kontuan hartuta, guztion artean gure udalerrietan eta gure lurraldean mugikortasun bide jasangarri bat sustatu eta hedarazteko. Izan ere, horrelako dokumentu gutxi daude eta aitzindari izan nahi dugu bizikletaren erabilera hirietan bultzatu eta errazteko orduan, eguneroko bizitzan garraiobide bat den aldetik”.

Gida honen helburua da Gipuzkoako udalei laguntzea mugikortasunari buruz dituzten arauak eguneratzen, aurreko bide-hierarkia eta eremu publikoaren banaketa jasangarritasunaren ikuspegitik birplanteatzearren. Hortaz, autoari eta zirkulazio-jarioari ematen zaion protagonismo nabarmena murriztea da asmoa, eta horrekin batera oinezkoen eta txirrindularien eskubideak aitortu eta babestea.

Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak erantzun egiten dio udalen eskariari, eta arrazoi horregatik editatu da gida hau, oinezkoen eta txirrindularien premiei eta eskubideei erantzungo dieten mugikortasuneko udal ordenantzak lantzeko erreferentzia tekniko gisa balio duen material urrietako bat dela kontuan hartuta gainera.

Nabarmentzekoa da gida hau lantzeko prozesua luzea eta partaidetzazkoa izan dela. Izan ere, 2016an, Foru Aldundi honek Itziar Eizagirre abokatuari esleitu zion lehen dokumentu bat idaztea, 2016ko urrian egin zen lan jardunaldi batean eztabaidatu zena; bertan, udaletako, erakunde publiko eta pribatuetako, eta hainbat elkartetako 60 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten.

Dokumentu hori, bildutako hainbat ekarpenekin batera, gida hau lantzeko oinarria izan da. Bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko aholkulari eta ikertzaile Esther Anaya da gidaren egilea, bizikleta bidezko mugikortasuneko araugintzan curriculum zabala duena: Bartzelonako eta l'Hospitaleteko mugikortasuneko ordenantza aldatzeko proposamenak idatzi zituen, eta baita Ibizako mugikortasuneko ordenantzaren zirriborroa eta Estatuko araudiarena ere. Bestalde, ordenantzetan bizikleta bidezko mugikortasuna arautzeko dokumentu/gida baten egilea da, Bartzelonako Eremu Metropolitanoak eskatuta.

Berarekin batera, jardunaldira bertaratuek aukera izan dute mugikortasunaren arloko legerian aditu diren bi legelari ospetsurekin eztabaidatzeko eta haien ikuspegia ezagutzeko.

Batetik, Francisco José Bastidak, Konstituzio Zuzenbideko katedradun Oviedoko Unibertsitatean eta Bizikleta/Legelari Sareko bozeramaile, udal ordenantzek betetzen duten zeregina aztertu du, mugikortasun jasangarriagoaren bidetik aurrerapausoak ematen laguntzeko eta oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna sustatu eta babesten dela ziurtatzeko. Bestalde, Estatuko legeriaren erreforma-prozesuaren berri eman du arlo horretan.

Eta, bestetik, Mariano Reañok, abokatu eta lege-aholkulari ConBici-n, mugikortasuneko tokiko araudiari buruz txirrindulariek duten ikuspegia azaldu du.

Gipuzkoako Foru Aldunditik espero dugu 80 pertsonak baino gehiagok parte hartu duten jardunaldi hau lagungarria izatea Gipuzkoan dauden ordenantzak hobetu eta orekatzeko, eta baita ere aurrerago beste batzuk sortzeko, oinezkoen eta txirrindularien eskubideak sustatuz eta babestuz.

  

1164