Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak gonbita luzatu die udalei, Gobernu Irekiko politiketan sakontzeko

Aldundiak gonbita luzatu die udalei, Gobernu Irekiko politiketan sakontzeko

Foru erakundeak udalei zuzendutako erreminta bat jarri du martxan, arlo honetan duten egoera ezagutu eta hobetzeko bide orria proposatuko diena

2020/10/18

Gipuzkoako Foru Aldundiak autodiagnostikorako tresna berria jarri du lurraldeko udalen eskura, Gobernu Irekiari buruzkoa. Honi esker, Gipuzkoako udal arduradunek alor horretan duten egoera aztertu ahal izango dute eta, aldi berean, programak hobetu ahal izateko garatu beharreko ibilbide-orria iradokiko die. Mundu osoko tokiko gobernuak ordezkatzen dituen CGLU sarearen aterkipean garatu da proiektua, eta Gipuzkoako udalak izango dira pilotutako dutenak. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak tresnak duen potentziala baloratu du, bere ustez udalak Gobernu Irekiaren arloko politikak indartzera bideratuko baititu. "Aldundia aspalditik ari da herritarrei zuzendutako politika publikoetan lanean, erakunde irekia, gardena eta hurbila izateko helburuarekin, eta hori funtsezkoa da gaur egungo desafekzio politikoa gainditzeko. Eta badakigu gure udalek ere helburu horiek partekatzen dituztela", adierazi du.
Autodiagnostikorako tresna esteka honako esteka honetan aurkitu daiteke: https://gobernuirekia.aplikazioak.gipuzkoa.eus/eu/municipios/municipios/inicio. Tresna erraz eta bisual bat da proposatzen dena eta, honi esker, gaika antolatutako galdetegi baten bidez, udal bakoitzak jakin ahal izango du zenbateraino egin duen aurrera arlo horretako politika publikoetan. Gainera, ibilbide-orri pertsonalizatua lortuko du, proposamenak, aholkuak eta jardunbide egokien adibideak dituena, esparru honetan aurrera egiten jarraitzeko. Udalek, gainera, tamaina bereko udalerriekin edo antzeko langile-kopurua duten tokiko gobernuekin alderatu ahal izango dituzte beren emaitzak. "Jasotzen dugun informazioari esker, Gobernu Irekiaren arloko politikek Gipuzkoako udaletan duten hedapen mailari buruzko mapa bat egiteko balioko digu, eta hau oso baliagarria izango zaigu administrazio guztiei", azpimarratu du.
Foru diputatuak azaldu duenez, 88 udal gobernuen errealitatea oso desberdina da giza baliabideei zein gaitasun ekonomikoari dagokienez, eta, horregatik, "Askotan zaila da bide horretan aurrera egiten jarraitzeko tresna eraginkorrak aurkitzea". Horregatik, eta Gipuzkoa Gobernu Irekiko politiketan ere lurralde aurreratu eta eredugarria izan dadin, toki-erakundeentzat egindako tresna horren alde egin du foru erakundeak, Administrazioaren Berrikuntza eta Eraldaketarako foru-zerbitzuak garatu duena. "Ziur nago autodiagnostiko tresna berri hau benetan erabilgarria izango dela, eta ziur nago baita ere tokiko erakundeei Gobernu Irekiaren esparruan aurrera egiten lagunduko diela. Horrek guztiak lurralde gisa indartuko gaitu", azpimarratu du.
Mendozak adierazi duenez, erakundeak apustu sendoa egin du gizartearekin elkarlanean aritu eta demokrazian sakontzeko politikak indartzeko. Ildo horretan, Foru Aldundiak aurreko legealditik lantzen duen gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoa gogorarazi du; horren bidez, Aldundiak herritarren eta politikaren eta erakundeen artean dagoen arrakala gainditu nahi du, "bizi dugun pandemia globalaren testuinguruan inoiz baino beharrezkoagoa baita". Bere ustez, lankidetza eta parte-hartzea oso garrantzitsuak dira gaur egun gora egiten ari diren estremismo eta populismoei aurre egiteko.
Hala, azken urteetan Gobernu Irekiaren esparruan hartutako erabakiak nabarmendu ditu, horien artean Etorkizuna Eraikiz bera. "Parte-hartzea eta lankidetza Etorkizuna Eraikizen ezaugarri bereizgarriak dira. Lurralde mailan, gobernantza errotik eraldatzeko daukagun tresna nagusia da, ez bakarrik herritarrengana hurbiltzeko edo gizarteari entzuteko, baita guztioi eragiten diguten erronkei erantzuteko mekanismo partekatuak finkatzeko ere. Hau da, guztion artean nahi dugun etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko ", nabarmendu du.
Foru erakundeak azken urteotan hartutako beste erabaki garrantzitsu batzuen artean, Mendozak honako hauek ere aipatu ditu: goi-kargudunek, foru langileek, diru-laguntzak jasotzen dituzten elkarteek eta Aldundiaren enpresa esleipendunek nahitaez bete beharreko kode etikoak onartzea; Kudeaketa Plana, hartutako konpromisoak nola betetzen diren ebaluatu ahal izateko mekanismo eta adierazle zehatzak ezartzen dituena; Gobernu Onaren Foru Araua, lehen aldiz zigorrak ezartzen dituena publizitate aktiboaren eta informazio publikoa eskuratzearen betebeharren arloetan, goi-kargudunei aplikatzekoak, datuen irekiera arautzeaz gain; edo Herritarren Partaidetzarako Foru Arauarena, parte-hartze zuzeneko mekanismoetan sakontzen duena, hala nola partaidetzazko deliberazio-prozesuak edo kontsultak.

  

1378