Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak hirigune narriatuak berroneratzeko laguntzak argitaratu ditu

Aldundiak hirigune narriatuak berroneratzeko laguntzak argitaratu ditu

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 550.000 euroko dirulaguntzak argitaratu ditu Irun, Pasaia, Soraluze eta Zumarragako lau zona narriatutan esku hartzeko.

Joan den astearteko Gobernu Kontseiluak baimena eman du Irunen, Zumarragan, Soraluzen eta Pasaian hiriguneak eraberritu eta berroneratzeko jarduketa espezifikoak argitaratzeko. Horrela, ekitaldi honetarako hartutako konpromisoa betetzen da, eta aurrera egiten da narriatutako hiri-espazioak leheneratzeko estrategian. Izan ere, haien inguruabarrak edo aldez aurreko erabilerak direla-eta, ezin izan dira orain arte erabilera eta jarduera sozial edo ekonomiko berrietara bideratu.

 

Rafaela Romero diputatuak horrelako espazioetan esku hartzearen garrantzia nabarmendu du: “horien narriadurak udalek esku hartzeko eta herrientzat garrantzitsuak diren hiri-erabilera berriak sortzeko zuten gaitasuna mugatu baitzuen, herritarrentzat irisgarritasun- eta mugikortasun-arazoak sortzeaz gainera”. Zuzkidura garrantzitsu horrekin, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak aurrera egin du Gipuzkoako Hiri Agendaren eraikuntzan. Horren bidez, Aldundiak eta udalek lan egingo dute hiri-espazio narriatuak edo erabilerarik gabekoak berrerabiltzea lehenesten duten berroneratze-ekintzen plangintzan eta programazioan, irisgarritasun-arazoak, ingurumen-narriadura edo garapen ekonomikoko edo enpleguko indizerik txarrenak dituzten eremu edo eskualdeetan.

 

Rafaela Romero diputatuak nabarmendu duenez, “irisgarritasunak eta herritarrek erabiltzeko espazioa leheneratzeak eragina du milaka pertsonaren eguneroko bizitzan. Lurralde txikia gara, eta askotan muga gaindiezinak ditugu jarduketa eta baliabide berriak planifikatzeko garaian. Ezin ditugu ‘galdutzat’ jo irisgarritasunik eta ingurumenaren edo hirigintzaren narriadurarik ezagatik plangintzatik kanpo egon diren hiri-espazioak. Espazio horiek beren iraganetik berreskuratzean, egungo eta etorkizuneko erabileran oinarritutako proiektuei ekin ahal izango diegu, horrela, Gipuzkoako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”.

 

550.000 euro Gipuzkoako Hiri Agendan aurrera egiteko

 

  • Onartutako dirulaguntzak lau berroneratze-proiektutan gauzatuko dira. Lehena, 75.000 eurokoa, Vía Irun proiektura bideratuko da, herriaren erdigunean erabiltzen ez den trenbide-espazioa berreskuratzeko, eta finantzatu egingo du Bentak eta Plaiaundi arteko korridore berde bat egiteko eta HAPOan aurreikusitako ekintzak abian jartzeko aurreproiektu-mailan dagoen azterketa. Aldundiak 2018tik parte hartzen du proiektu horretan, Adif-ekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Udalarekin batera hiriguneko eremu garrantzitsu horri erantzun bat emateko lankidetza-hitzarmena gauzatu zenetik.

 

  • Soraluzeren kasuan, 32.000 euro bideratuko dira Kanoiak izenaz ezaguna den hirigintza-esparruko lurzoruetarako oinarrizko proiektua eta ingurumen-kalitateari buruzko ikerketa egiteko. Udalak iaz idatzitako proiektuaren arabera, luzetarako nabe bat berreskuratu nahi da, herritarren mota guztietako jarduerei lekua egingo dien erabilera anitzeko espazio estali bat sortzeko.

 

  • Zumarragan, jarduketak 40.000 euroko zuzkidura du. Horren bidez, abian jarriko da Esteban Orbegozo-Elgarrestimendin irisgarritasuna hobetuko duen igogailu publiko bat eta pasabide bat, kiroldegiaren atzealdea, udalerriaren behealdean, San Isidro kalearekin, goialdean, lotuta. Jarduketa konplexua da, eta, beste oztopo batzuen artean, GI-632 foru-errepidea gainditu beharko du. Esku-hartzea amaitutakoan, udalerriak bere zonen arteko konektagarritasuna irabaziko du. Izan ere, konektagarritasunaren arazoak bereziki eragiten die mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei.

 

  • Onartutako azken jarduketa Pasaiari dagokio, eta 400.000 euroko zuzkidura du. Dirulaguntza horri esker, Ondartxo pasealekuko hegala egonkortzeko obrak egin ahal izango dira. Pasealeku hori urte hasieratik dago itxita, luiziak direla eta. Esku-hartze konplexua da, jabeen titulartasun partekatuko eta kudeaketako arazoak konpontzea eskatu duena, eta, Udalaren eta Aldundiaren arteko akordio bati esker, Udalaren esku geratuko da. Badiako zatirik erakargarrienetako batean paseorako eta aisialdirako naturagune bat leheneratzea ahalbidetuko du, eta, gainera, Albaola gunera sartzeko aukera emango du. Erreferentziazko euskal kulturagunea da Albaola, eta lotura horren faltak haren jarduera baldintzatzen du. Esku-hartze berri honekin, eremu horrekiko konpromisoa areagotu eta betetzen da. Jakina denez, konpromiso horren barruan sartzen dira irismen handiko beste inbertsio batzuk ere, hala nola Adinberri zentroa sortzearekin lotutakoak, eta Errenteriarekin edo Lezorekin sinatutako gainerako hitzarmenak, besteak beste.
  

1418