Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak ‘Hondartzak denontzat’ programa zabaldu du, desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonentzat egokitutako bainua eskaintzeko

Aldundiak ‘Hondartzak denontzat’ programa zabaldu du, desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonentzat egokitutako bainua eskaintzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gurutze Gorriak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak elkarlanean dihardute, mendekotasuna eta desgaitasuna duten lurraldeko pertsona guztiek hondartzan bainatzeko aukera izan dezaten bermatzeko. Getariako Malkorbe hondartzak ekainaren 15etik irailaren 15era eskainiko du zerbitzu hori.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak, Felix Zubia Gipuzkoako Gurutze Gorriko lehendakari ordeak eta Alicia Figueroa Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioko zuzendari teknikoak ‘Hondartzak denontzat’ izeneko bainu egokitu eta lagunduaren udako programaren aurtengo edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Aurreko urteetan baino aukera zabalagoa eskainiko zaie desgaitasuna, mugikortasun urria eta mendekotasuna duten Gipuzkoako adin guztietako pertsonei. Duela zortzi urte baino gehiagotik Getariako Malkorbe hondartzan eskaintzen zen zerbitzua berritu egin dute, eta, aurten, 200.000 euro inguruko inbertsioa egin ondoren eta Gurutze Gorriarekin hitzarmen berritu bat eginda, mendekotasuna eta desgaitasuna duten Gipuzkoako pertsona guztiengana iritsi nahi da programa honen bidez.

“Desgaitasun edo mendekotasunen bat izateak ez luke oztopo izan behar udako hilabeteetan hondartzaz eta bainuaz gozatzeko. Horregatik, ‘Hondartza denontzat’ programa zabaldu dugu, jende gehiago erakartzeko eta gipuzkoar guztiei zerbitzu guztiz irisgarria emateko”. Maite Peñak adierazi du Getariako Malkorbe hondartza dela programa hori gauzatzeko lekurik “egokiena”, ez duelako olatu askorik, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekua duelako eta zerbitzu onak eskaintzen dituelako. Horixe ondorioztatzen dute Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin batera Gipuzkoako hondartza guztietan egindako azterlanari esker. Gainera, diputatuak konpromisoa hartu du uda honetako Getariako esperientzia ebaluatzeko eta programa Gipuzkoako kostaldeko hondartza gehiagotara zabaltzeko.

Hondartza denboraldi osoan emango da zerbitzua, ekainaren 15etik irailaren 15era, 11:00etatik 19:00etara. Zerbitzua baliatu nahi duenak telefono bidez jarri beharko da harremanetan (617 452 153 zenbakira deituz), taldeak aldez aurretik antolatu ahal izateko. Lan horretan Gurutze Gorriak lagunduko du. Gainera, foru-egoitzetan edo -etxebizitzetan bizi diren pertsona guztiek, edo eguneko zentroak erabiltzen dituztenek, lehentasuna izango dute eta garraio egokitua izango dute zentrotik hondartzarako joan-etorria egiteko. Peña diputatuak argitu du, halaber, zerbitzua osatzeko behar diren laguntza teknikoak emango direla, hala nola gurpil aulkiak, makulu anfibioak, garabiak eta abar, eta zerbitzua “Gipuzkoan desgaitasuna, mugikortasun urria edo mendekotasuna duten pertsona guztientzat irekita” dagoela.

Gurutze Gorriaz gain, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak laguntzen du ekimen honetan. Federazio horrek aztertu du Gipuzkoako hondartzak egokiak diren bainu

egokituaren programa gauzatzeko, eta prestakuntza emango die «Hondartza denontzat» programan parte hartuko duten sorosle guztiei eta Gurutze Gorriko pertsonei.

Irisgarritasun unibertsala

‘Hondartzak denontzat’ programa zabaltzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 121.647 euroko inbertsioa egin du, Getariako Malkorbe hondartzako instalazioak hobetzeko. Zehazki, Jasangarritasun Departamentuak proiektu berritzaile bat diseinatu du Malkorbe hondartzaren ingurua fisikoki egokitzeko, irisgarritasun unibertsala bermatzeko eta hondartza ekipamendu inklusiboz hornitzeko.

Horri dagokionez, Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok zera adierazi du: “oso harro gaude proiektu pilotu hau Malkorbeko hondartzan iragartzearekin, irisgarritasun unibertsalarekin eta inklusioarekin dugun konpromisoa islatzen baitu. Nahi genuke pertsona guztiek, beren gaitasun fisikoak edozein direla ere, itsasoaz eta gure hondartzez gozatzeko aukera izatea. Aldagelak eta komun irisgarriak, itzalguneak dituzten plataformak eta pasabide egokituak jartzea ezinbesteko urratsa da hondartzaz gozatzeko esperientzia benetan guztientzat izango dela bermatzeko, eta bainua lagundua izatetik inklusiboa izatera igaro dadin. Proiektu honek argi erakusten du nola eraiki ditzakegun espazio publiko inklusiboagoak herritar guztientzat eta nola unibertsalizatu dezakegun zerbitzua”.

Proiektuan aurreikusita dago mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuan modulu irisgarri bat instalatzea, aldagela eta bainugela egokitu gisa funtzionatuko duena. Modulu horrek sare elektrikorako, edateko urerako eta saneamendurako konexioa izango du, eta Jasangarritasun Departamentuak kudeatutako garbiketa zerbitzu bat izango du. Gainera, ‘Hondartzak denontzat’ programaren identitate bisuala islatuko duen binilo batekin estaliko da modulua, eta ekimenak irisgarritasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoa nabarmenduko da.

 

Erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko, egurrezko plataforma bat jarriko da, gutxi gorabehera 20 metro x 9 metrokoa, eta olana erretraktileko pergola bat izango du, 12 metro x 6 metrokoa, erabiltzaileei itzal egiteko. Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuaren ondoan dagoen plataforma horrek bi dutxa irisgarri, mahaiak eta aulkiak izango ditu, eta pasabide egokituen bidez konektatuta egongo da. Pasabide horiek zurezko modulu finkoak eta pasabide malgu biribilgarriak konbinatzen dituzte, mareari egokitzen zaizkionak eta eguneroko garbiketa errazten dutenak, bisitari guztientzako ingurune segurua eta irisgarria ziurtatuz.

  

4241