Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako erantzuna indartu du eta indarkeria digitala ere sartu du foru protokoloan
Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako erantzuna indartu du eta indarkeria digitala ere sartu du foru protokoloan
Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako erantzuna indartu du eta indarkeria digitala ere sartu du foru protokoloan
Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Eider Mendozak emakume biktimen erreparazio integrala aldarrikatu du, eta matxismorik gabeko lurralde bat eraikitzeko deia egin dio komunitateari.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur, azaroak 25, aurkeztu du Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira onartu den adierazpen instituzionala. Gainera, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Nerea Isasi, Berdintasunerako Foru Organoko zuzendariak erantzun publikorako foru protokoloaren eguneraketaren berri ere eman dute prentsaurrean. Berrikuspenak, besteak beste, indarkeria matxista digitalaren adierazpen berriak txertatu ditu protokolo berrian eta beren-beregi kokatzen du emakume biktimaren erreparazio integrala – alor emozionalean, sozialean eta komunitarioan – erantzun publikoaren ardatz nagusi gisa.
“Gaur, azaroak 25, indarkeria matxista salatzeaz gain, komunitateari dei egiten diogu indarkeriarik eta matxismorik gabeko Gipuzkoa eraikitzeko”, hasi du diputatu nagusiak. Horrela, Mendozak erantzukizun kolektiboa eskatu du, eta azpimarratu du indarkeria matxista ez dela soilik emakumeen aurkako eraso sistematiko eta egiturazkoa, baizik eta sare komunitarioa eta kohesio soziala ere urratzen dituela. “Emakume batek indarkeria jasaten duenean, kaltea indibiduala da, baina baita soziala ere. Bere inguruneari eragiten dio, bere harremanei, gure elkarbizitzari eusten dion konfiantzari. Horregatik, erreparazioak integrala izan behar du: emozionala, soziala eta komunitarioa. Duintasunak, harremanak eta segurtasuna berreraiki behar ditu ”. Eta gaineratu du: “Horretarako, erakundeen eta herritarren arteko erantzunkidetasuna funtsezkoa da”.
Mendozak Gipuzkoako sare komunitarioaren balioa aldarrikatu du erreparazio horren elementu nagusi gisa: “Gipuzkoan, komunitatea ez da kontzeptu abstraktu bat; gure bizitzeko modua da. Zaindu egiten dugu elkar, bertan babesten gara, eta emakume batek ere ez du bakarrik sentitu behar indarkeriaren aurrean ”. “Denok dugu eginkizun bat: isiltzen ez diren lagunek, berdintasunean hezten duten irakasleek, ingurune seguruak sortzen dituzten enpresek edota gorroto diskurtsoak erreproduzitzen ez dituzten sare sozialek. Borroka horrek guztiok inplikatzen gaitu, indarkeria matxistaren aurkako borroka zeregin komunitarioa baita ”.
Azkenik, Mendozak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartutako adierazpen instituzionalaren bidez bere gain hartzen dituen konpromiso zehaztzak azpimarratu ditu: “Indarkeria mota guztiak ikusarazteko eta jorratzeko konpromisoa hartzen dugu, baita digitalak ere, gaur egun matxismoaren adierazpenik hedatuenetako bat baitira. Sistemen arteko koordinazioa indartzeko konpromisoa hartzen dugu, erantzun eraginkorragoak bermatzeko. Eta protokolo berriaren bidez erantzun instituzionala eta komunitarioa indartzeko konpromisoa hartzen dugu ”.
Emakume biktimaren erreparazioa erdigunean
Azaroaren 25arekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udalerrietan indarkeria matxistaren aurrean erantzun instituzionala emateko protokolo ereduaren eguneratzea ere aurkeztu du. Berdintasunerako Foru Organoak 2024an hasi zuen berrikuspen hori, hainbat udaletako ordezkari politiko eta teknikarirekin eta indarkeria matxistaren arretari eta prebentzioari lotutako eragile eta kolektiboekin parte hartzeko prozesu baten bidez. Mendozak azpimarratu duenez, “erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa izan da egungo errealitateei modu zorrotz eta sentikorrean erantzun behar dien tresna berrikusteko”.
Eredu berriak 2018ko lehen protokoloaren jatorrizko helburuei eusten die. Protokolo hori aitzindaria da gure inguruan, eta emakume biktimei erantzun publikoa eta laguntza emateko eta eraso matxisten pertzepzio sozialean eragiteko beharretik abiatuta sortu zen. Gaur egungo protokoloak emakume biktimaren erreparazioa sartzen du erantzun instituzional eta komunitarioaren erdigunean. Mendozak adierazi duenez, “ez da nahikoa erreakzionatzea, protokoloak biktima diren emakumeei eta haien inguruneari modu integralean lagunduko diela bermatu behar dugu, eta babestu eta bizitza berreraikitzen lagunduko diola. Erantzun instituzionalak lagundu egin behar du emakume biktimaren erreparazio prozesuan ”.
Ekarpen berri garrantzitsuenen artean, protokoloak indarkeria matxista digitaletarako agertoki espezifiko berri bat jasotzen du, sare sozialetan, mezularitza zerbitzuetan, plataformetan eta emakumeen aurkako beste ingurune birtual batzuetan gero eta eraso gehiago daudelako. Indarkeria horien artean sartzen dira jazarpen jarraitua, larderia, mehatxuak, onespen gabe irudiak igortzea, identitatea ordeztea, kontrol digitala eta antolatutako gorroto-kanpainak. Eraso mota horiek, diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “emakumeen osasunean, askatasunean eta bizitzan ondorio errealak dituzte”.
Indarkeria matxista digitala ikusaraziz
Mendozak azaldu duenez, “gaur egun bereziki beharrezkoa da emakumeen aurkako indarkeria digitala ikusaraztea, askotan ez baita indarkeria gisa ikusten eta, ondorioz, ez dira erasoak salatzen”. “Aldundiak uste du sare sozialetan edo espazio digital eta publikoetan emakumeen aurkako erasoak eraso matxistak direla, eta beharrezkoa dela kontzientziatzeko eta gaitzesteko ahalegin gehigarria egitea”, gaineratu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki egindako ikerketa baten arabera - lurraldeko 249 emakumeri egindako inkesta bat eta hausnarketa taldeak eta elkarrizketa sakonak konbinatuta -, indarkeria matxista digitala oso hedatuta dagoen errealitatea da, baina oraindik ez da hala identifikatzen. 10 emakumetik 2 bakarrik identifikatzen dira esplizituki biktima gisa, baina datuek erakusten dute 10etik 6k indarkeria digitaleko jokabideak jasan dituztela. Ordea, ez dute indarkeria gisa antzematen. Errekonozimendu falta hori, hein handi batean, eraso horien normalizazio sozialagatik eta halakotzat izendatzeko zailtasunagatik azaltzen da, ikerketa honen arabera.
Azterlanean hautemandako indarkeria-mota ohikoenen artean daude eskatu gabeko eduki sexuala duen materiala bidaltzea, zitak lortzeko insistentzia, irain matxistak eta mehatxuak, baita hain ohikoak ez diren baina larriak diren adierazpenak ere, hala nola xantaia sexuala, baimenik gabeko irudien hedapena, nortasunaren ordeztea edo pasahitzen eta lokalizazioaren kontrola. Ikerketak baieztatzen du, halaber, anonimotasuna funtsezko elementua dela indarkeria digitaletan: erasotzaile gehienak pertsona ezezagunak dira, eta, ondoren, lotura hurbilik ez duten gizon ezagunak; bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak, berriz, gutxiengoa dira eremu horretan.
Eragina bereziki nabarmena da indarkeriaren dimentsio bikoitz bati aurre egin behar dioten emakume gazteengan: alde batetik, eraso esplizituak; eta, bestetik, Instagram edo TikTok sareetan dagoen presio matxistaren ondoriozko presio etengabea, non edertasun- eta arrakasta kanon-irrealak erreproduzitzen diren. Dinamika horiek segurtasunik eza, autoestimuaren gutxitzea eta antsietatea eragiten dituzte, inkestatuen arabera.
Azterlanak, gainera, 30 urtetik beherakoen taldean berezitasun garrantzitsuak erakusten ditu. Adin tarte honetan erasotzaileak hurbileko gizonak izaten dira: bikotekideak, bikotekide ohiak edo eskola- eta gizarte-inguruneko ezagunak. Emakume gazteek mugikorrarekin lotutako kontrol gertakariak deskribatzen dituzte: pasahitzak eskatzen dituzte gizonek, nortasun ordezkapenak eta harremana hauts eta gero ziberjazarpena egiten dute, eta eskatu gabeko argazkiak, bideoak eta mezu sexualak bidaltzen dituzte.
1508