Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak “konpromiso irmoa” berretsi du “hizkuntza eskubideen eta euskal erakundeen eskumenen defentsan”

Aldundiak “konpromiso irmoa” berretsi du “hizkuntza eskubideen eta euskal erakundeen eskumenen defentsan”

Gobernantzako foru diputatu Irune Berasaluzek ‘Euskara, zuzenbidea eta justizia: egungo egoera, arazoak eta erronkak’ Uda Ikastaroaren irekieran hartu du parte.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gobernantza diputatu eta foru bozeramaileak, Irune Berasaluzek, Euskara, zuzenbidea eta justizia: egungo egoera, arazoak eta erronkak Uda Ikastaroaren irekieran hartu du parte eta bertan berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren “konpromiso irmoa” herritarren “hizkuntza eskubideak bermatzeko arduran” nahiz “euskal erakundeen eskumenen defentsan”. “Ardura instituzionaletik eta euskararen biziberritzean dugun arduratik, buru-belarri jarraituko dugu hizkuntza berdintasunaren eta euskararen biziberritzearen alde lanean”, adierazi du.

“Adostasun zabaletan, adituen gomendio eta irizpideetan, hizkuntza normalizazioari lotutako legeetan eta gizartearen atxikimendu sendo batean oinarrituz, azken 40 urteotan lortu dugu gizartean ezezik administrazio publikoan ere euskara aurrerabidean kokatzea. Lurralde nahiz herri gisa asko dugu egiteko oraindik, ordea, euskara gainontzeko hizkuntzen parean berdintasunez garatu eta erabili ahal izateko”, gogoeta egin du Berasaluzek. Testuinguru horretan, baina, administrazio publikoek lan deialdi publikoetan ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka azken hilabete eta urteetan argitaratu diren epaiak “kezka eta ardura iturri” dira foru erakundearen baitan.

Ildo horretan, berriki Uliazpi Fundazioaren egoitza-zentroetako 34 zaintzaile-plazaren deialdia baliogabetzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) epaiaren inguruko “desadostasun sakona” adierazi du, uneoro Aldundiak abiarazitako prozesuak “legediaren ikuspegitik berme guztiekin” egin baitira. “Halako epaiak kokatzen dira urte luzez landutako adostasun anitzen kontrako norantzan, gipuzkoarren gehiengo zabalak euskararen alde daukan jarreraren kontrako norantzan eta, batez ere, zerbitzu publikoen erabiltzaileen hizkuntza eskubideen aurkako norantzan”, aditzera eman du.

Horregatik guztiagatik, foru bozeramaileak adierazi du “egokia eta beharrezkoa” dela azken hamarkadetan euskal erakundeek garatu dituzten araudi eta baliabide administratiboen ibilbidea aztertu eta ikasgaiak partekatzea. Izan ere, aipatutako azken epaiek, beren iritziz, “etapa berri baten aurrean” kokatzen dituzte Administrazioaren baitan euskara sustatzeko ahaleginak. “Garrantzitsua da ondo aztertzea nola, zein oinarriren gainean eta zein baliabiderekin iritsi garen honaino, aurrera begira egiten jarraitzeko aukerak aztertu ahal izateko. Behar beharrezkoa zaigu une honetan, beraz, egungo testuinguru juridikoaren eta araubideen inguruko gogoeta”, adierazi du.

Berasaluzek gogoratu du, baita ere, euskal erakundeek “ahalegin handia” egin dutela azken hamarkadetan herritarren eta bereziki gazteen artean euskararen ezagutza hedatzeko garaian. “Gizarte osoak partekatu eta herritar asko eta askok euskara ikasteko egin duten ahalegin txalogarri horri esker, ezinbestekoa da gaur egun Gipuzkoan daukagun errealitate soziologikoari erreparatzea”, nabarmendu du. “Abiapuntu horretatik, Aldundiak euskararen biziberritzean bidegile izateko eta eredugarri izateko betebeharra dugu. Horregatik guztiagatik, hizkuntza eskubideak bermatzen jarraituko dugu, gure erakundeen eskumenak defendatzen segiko dugu. Balio horiek dira gure ardatza”, ezarri du.

Amaitzeko, foru bozeramaileak Uda Ikastaroaren baliagarritasuna azpimarratu du, baita ere, euskararen normalizazioari eta kontratazio publikoari lotutako oinarrien ezagutzan sakontzeko eta etorkizuneko legelari zein epaileek hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuei buruz eduki beharreko ezagutzaren inguruan gogoeta egiteko.

  

1680