Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak lursail gehiago jarri ditu Gipuzkoako lehen sektorearen eskura

Aldundiak lursail gehiago jarri ditu Gipuzkoako lehen sektorearen eskura

Nekazaritza Lur Funtsa proiektuaren ekimena da eta bi deialdi berri ireki dira Lezo eta Hondarribiko lursailekin

Nekazaritza Lurren Funtsa proiektua izaten ari den harrera ona ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak 15 hektarea berri bideratu ditu nekazaritzara zuzendu nahi duten gipuzkoarrentzat. Esleipenaren bi deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira dagoeneko, eta interesa duten herritarrek telematikoki eman beharko dute izena Aldundiaren webgunean; azaroaren 11 baino lehen, seigarren deialdian, eta azaroaren 16a baino lehen, zazpigarren deialdian.

Lursail berriak Lezon eta Hondarribian daude, horregatik, proiektuak bi udalerrietako udalen elkarlana izan dute. Seigarren deialdiko lurrak Lezoko hiru gune hauetan kokatzen dira: Olaizola baserriko lurretan lau partzela, bakoitza hektarea ingurukoa eta baratzagintzara (konbentzionala edo ekologikoa) zuzenduak, beste partzela bat Urrelekuko lursailetan animalia txikientzako abeltzaintzara zuzendua, eta, azkenik, Gaintxurizketa Gaineko lursailetan nekazaritzarako partzela bat. Lursail hauen esleipena 10 urterako izango da, beste 20 urtez luzatzeko aukerarekin. Zazpigarren deialdiko lursailari dagokionez, berriz, handiena da (11,85 Ha), eta lehen aldiz Hondarribiko Zubieta finkan kokatzen da, zeina sagarrondoak landatzeko bideratua izango den. Esleipena 15 urterako izango da, beste 15 urte luzatzeko aukerarekin.

Lursail bakoitza dagokion instalazioekin joango da, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak lursailetara iristeko bideak egokitu, ur horniketa sistema ezarri eta biltegirako balio duten etxola aurrefabrikatuak instalatzeko lanak egin baititu. Lursailak izendatzerakoan, lehentasuna ematen die modu profesionalean jarduera nagusi gisa nekazaritzan aritzen diren pertsonei, gazteei eta emakumeei.

Lehen sektorera profesionalki zuzendu nahi dutenen oztopo nagusienetako izaten da lur falta. Horri aurre egiteko eta jarduera honetan sartzea errazteko, duela zortzi urte Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsa jarri zuen martxan Aldundiak. Proiektu hori Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak garatu du, beste erakunde batzuekin elkarlanean, eta helburua, lurrak hauen falta duten pertsonen eskura ezartzea da, nekazaritza-sektorearekin lotutako proiektu profesionalak garatu ditzaten. Aldundia arduratzen da lurrak egokitzeaz, eta baita kudeaketarako ezinbesteko dituzten bermeak, konfiantza eta segurtasuna emateaz ere.

Deialdi hauek Nekazaritzako Lur Funtsa proiektuaren ekimena dira, zeinak, egun, 20 hektarea lur publikotik gora kudeatzen dituen Lezon. Nabarmendu behar da onuradun bakoitzari hektarea inguruko lursaila esleitzen zaiola, eta, bertan, esleipendunaz gain, gehienetan beste pertsona batzuek ere lan egiten dutela.

Xabier Arruti, Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendariak nabarmendu duenez, lehen sektorean zuzeneko eta zeharkako lanpostuak sortzea erraztearen helburua betetzen da proiektu honen bitartez. “Egungo krisiak agerian utzi du lehen sektoreak funtsezko jarduera gisa duen garrantzia, kalitatezko produktu eta lehengaien ekoizpenean, landa-ingurunearen biziberritzean, ingurune naturalaren zaintzan eta klima aldaketaren aurkako borrokan, zein eredu ekonomiko iraunkorrago baterako trantsizioan. Sentsibilizazio horren ondorioz, gainera, gipuzkoar askok lehen sektorea ekintzailetzarako aukera eskaintzen dien gune gisa ikusten dute. Politika publikoen bitartez, nekazaritzara zuzendutako jarduera profesionala erakargarria izan dadin lagundu behar dugu”.

  

2236