Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Aldundiak minbiziaren eta Covid-19aren aurkako ikerketa babestuko du

Foto Aldundiak minbiziaren eta Covid-19aren aurkako ikerketa babestuko du

Aldundiak minbiziaren eta Covid-19aren aurkako ikerketa babestuko du

BERC Polymat eta CIC biomaGune erakundeen bidez, 118.336 euro bideratuko dira proiekturako; aurrekontu irekien prozesuaren barruan herritarrek gehien bozkatutakoa izan zen.

Aldundiak minbiziaren eta Covid-19aren aurkako ikerketa babestuko du

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaixotasun larriak ikertzeko laguntzen programa ebatzi du, eta 118.336 euro bideratuko ditu: 89.013, BERC Polymat zentroarentzat, eta 29.323, CIC biomaGune zentroarentzat. Programa honen helburua da eremu horretan ikerketa egiten duten zentroei laguntzea, horrelako gaitzen aurkako borrokan aurrera egiteko balioko duten ekipamendu, azpiegitura proiektu eta inbertsioetan. Egungo egoerari erantzunez, Covid-19an edo pandemia eragin dezaketen beste gaixotasun batzuetan ikerketa helburu duten proiektuak ere kontuan hartu dira. Ekimena Aldundiaren aurrekontu irekien prozesuaren barruan bideratu da, eta herritarrek gehien bozkatu zutena izan zen.

Imanol Lasa Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak jakitera eman duenez, "Glioblastomaren tratamendurako Nanogarraiatzaile adimendunak. Material eta eredu zelular berriak garatzea" da deialdiarekin aukeratutako BERC Polymaten proiektua. Glioblastoma multiformea (GBM) garuneko tumore gaizto primarioa da, eta tstatuan 100.000 biztanleko zazpi pertsonari eragiten die. Tumore oldarkorrenen eta tratamenduarekiko erresistenteenen artean dago. Pazienteen erdiak diagnostikoa egin eta urtebetera hiltzen dira, gehienak bi urte bete baino lehen, eta % 5ek soilik bizirauten du 5 urtez. Bizi-kalitatean eragin handia du, ez bakarrik pazientearengan, baita haren familian ere, funtzio neurologikoak eta autonomiakoak pixkanaka galarazten baititu.

Proiektuaren helburua honako hau da: batetik, nanogarraiatzaileak formulatzea, hesi hematoentzefalikoa zeharkatu ahal izateko; eta, bestetik, hiru dimentsioko glioblastoma-eredu baliodun bat diseinatzea eta fabrikatzea, konposizioa eta ‘in vivo’ giro zelularra ahalik eta ondoen emulatzeko, bioinprimaketa-tekniken bidez. Lanaren ondorioz, nanotranseramaile berriak ezarriko dira, eta gaur egungo medikuntzarako tresna erabilgarri bihurtuko dira, tratamenduan dauden pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko. 3D bioinprimaketako eredu zelularrak beste agente terapeutiko mota batzuen baheketarako ere erabili ahal izango dira.

Proiektua aurkezten duen taldea Polymat eta EHUko sei ikertzaile seniorrek osatzen dute. Doktoretza aurreko eta doktoretza ondoko 11 ikertzaileren laguntza dute. Lan esperimentalerako, materialak erosteko eta glioblastomaren 3D ereduak fabrikatzeko bioinprimagailu bat kontratatzeko laguntza emango da.

CIC biomaGune laguntzari dagokionez, pipeteoko robot/maneiu likidoko plataforma bat erosteko balioko du, Covid-19ren aurkako erantzun immunea plasma-laginetan aztertzeko ikerketa-ildoetan laguntzeko eta aurrera egiteko. Helburua da analisi-metodo espezifiko eta eraginkorren gabezia arintzea, kostu ekonomiko eskuragarrian eta denbora gutxian lagin askori aplika dakiekeena. Pipeteo-robot bat eskuratzeak hutsune hori betetzen lagunduko du, antigorputzetan oinarritutako detekzio-metodo bat automatizatuz, RT-PCR probak baino azkarragoa, eta infekzio aktiboko kasuak diagnostikatzeko sentsibilitate egokiarekin.

Ekimena aurkezten duen CIC biomaGune zentroko glikoteknologia-taldeak gidatzen du proiektua. Neiker, Biodonostia, Asparia Glicomics eta Vicomtech enpresek ere parte hartzen dute proiektuan, eta antigorputzen eta antigenoen ‘mikroarrayak’ garatzea du helburu, birusaren diagnostikoa eta azterketa epidemiologikoa egiteko plataforma gisa. Proiektuaren azken etapan, laginen analisi masiboa egin behar da, eta, horretarako, robota funtsezkoa da. Taldea 14 ikertzailek osatzen dute, horien artean 6 doktorek.

Aurrekontu irekiak

Deialdi honetan parte hartu ahal izan dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartuta dauden Gipuzkoako erakundeek. Ekimena Aldundiak urtero egiten duen Aurrekontu Irekien prozesuaren esparruan bultzatu da. Lehenengo fasean herritarren proposamenak jaso ziren, eta 2019an zehar aztertu ziren. Bigarren fasean, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta, proposamen horiek proiektu bihurtu ziren. Horrela, 12 proiektu definitu ziren, eta hirugarren fase batean, herritarrek aukeratu zituzten, pertsona bakoitzari horietako 6 hautatzeko aukera emanez. 13.087 pertsonak parte hartu zuten hautaketa fasean urtarrila eta otsaila bitartean, eta aipatutakoa izan zen bozkatuena, 9.417 botorekin, klima aldaketari aurre egiteko ekimenaren aurretik.

Gainera, Imanol Lasak gogora ekarri du Biozientziak Fundazioaren bidez hiru enpresa eta Gipuzkoako ikerketa-zentro bat dagoeneko garatzen ari direla Covid-19aren diagnostikoari eta monitorizazioari lotutako proiektuak, "guztiak ere potentzial handikoak eta ondo doazenak", eta lurraldeko eremu biosanitarioari lotutako ekosistema indartzen jarraitzeko eskatu du, "horrek osasuna, kalitatezko enplegua eta aberastasunaren sorrera ekarriko dituelako. Minbiziaren edo alzheimerraren aurkako borrokan lan handia egiten ari diren puntako start up-ak, enpresak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak ditugu. Ekosistema horri esker, beste batzuk baino hobeto prestatuta gaude gaur egungo egoera latzari aurre egiteko, eta arlo horretan puntakoak diren enpresek hemen kokatzeko lurralde erakargarri gisa ikusten gaituzte", ziurtatu du.