Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Nagusilaneko Jose Mari Soroari emango dio 2018ko Boluntariotza Saria

Aldundiak Nagusilaneko Jose Mari Soroari emango dio 2018ko Boluntariotza Saria

Aurten hil den Soroak 1.351 musika emanaldi egin zituen Gipuzkoako egoitzetan. Sari-emate ekitaldia foru jauregian egingo da abenduaren 4an

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakinarazi du aurten hil den Jose Mari Soroa Nagusilaneko boluntarioari emango zaiola 2018ko Gipuzkoako Boluntariotza Saria, hilondoko titulu moduan. Peñak azaldu du Soroa, gitarra alboan zuela eta umore ona lagun, adineko pertsonen egoitzetara kantatzera joaten zela, eta "bizikidetza, enpatia eta  hurbiltasuna" bezalako balioak sustatzen zituela Boluntarioen artean, Gipuzkoa “lurralde solidarioagoa" egiten lagunduz. “Beraz, sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen eredu paregabea dugu Soroa”.
Sari-emate ekitaldia datorren asteartean, abenduaren 4an, arratsaldeko 18:00etan, egingo da foru jauregiko Jargi aretoan, eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak emango dio Jose Mari Soroaren familiari, 2018ko Gipuzkoako Boluntarioen Saria 180 gonbidaturen aurrean.

Afagi elkarteak proposatu du saria Jose Mari Soroa Berrotaran-Arsuri (Nagusilan Adin Nagusikoen giza boluntariotza) ematea, eta lurraldeko elkarteetako ordezkariez osatutako epaimahaiak aho batez onartu du, honako hau azpimarratuz: “Jose Mari Soroa (edo berak beti bere burua aurkezten zuen bezala, 'el hijo de la Catalina') 2004. urtean bilakatu zen Nagusilan elkarteko boluntario eta, zoritxarrez, aurten joan zaigu 85 urte beteak zituela. 15 urte hauetan zehar ezagutu zuten pertsona guztien artean hutsunea utzi du Jose Marik, baina baita hitz polit eta gogorapen eta ikaskuntza are hobeak utzita”.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, boluntario bezala jardundako urte hauetan guztietan, Soroa donostiarrak 1.351 musika emanaldi egin zituen Gipuzkoa osoko adin nagusikoen egoitza, eguneko zentro edota Fundación Goyenecheren Garaguneetan, besteak beste. Helburu jakin batekin joaten zen Jose Mari egoitza horietara: “bertako pertsonek bizi duten bakardade egoerak hausteko. 'Ruiseñor' deitzen zion gitarra alboan zuela eta hain karismatikoa egiten zuten jarrera eta umore ona beti presente izanik, makina bat adin nagusi akonpainatu, entretenitu eta alaitzen zuen, euskaraz, gazteleraz eta errusiarrez kantatuz, baita txisteak kontatuz ere”.

Epaimahaiak gaineratu duenez, kalkulatzea “zaila bada ere”, estimatzen da Jose Marik boluntariotzari “5.500 ordu baino gehiago eskaini zizkiola”. Gainera, Jose Mari Soroa ezagutu zuten guztiek uste dute boluntario izateak berarekin ekartzen dituen ezaugarri guztiak biltzen zituela, izan ere, “hurbilekoa zen hainbeste maite eta errespetatzen zituen adineko pertsona edota desgaitasun intelektuala zuten haiekin”. Nagusilan elkartera hurbildu zen lehenengo egunetik hartutako konpromisoa “azken egunera arte” bete zuen. “Guztira, esku batekin kontatzekoak dira urte guzti hauetan zehar bertan behera utzitako musika emanaldiak edo azken orduko eskaera bati ezezkoa emandakoak. Jose Mari pertsona solidarioa zen premia handiena zutenekin, beti zuen hitz goxo eta hurbileko bat eta, bestela, txiste bat ondoan zuena are gehiago alaitzeko, eskuzabala zen oso...”.

Honek guztiak azken urteetan Nagusilaneko erreferentziazko boluntario bilakatzera eraman zuen. Beste hainbat eta hainbat kide, inguruko eta ezagunek eredu bezala hartzen zuten. Hori dela eta, epaimahaiak kontsideratu du Gipuzkoa osoak Jose Mari Soroa bezalako pertsonen berri izan behar dutela.  Maite Peñaren esanetan, bide horretan Boluntariotza Sari honek alde batetik “asko laguntzen du Soroaren profila eta esperientzia “ikusgarriago egiten”. Eta, bestetik gaineratu du sari hau “oso lagungarria” dela gizarteari ikustarazeko boluntariotza Gipuzkoako altxor preziatu bat dela”.

Horren harira, diputatuak azpimarratu du “Gipuzkoa lurralde solidarioa dela”, ondorengo datu hauek erakusten duten moduan: “700.000 biztanleko lurralde honetan, 4.500 elkarte baino gehiago ditugu boluntario lanetan”. Zentzu horretan adierazi du “Foru Aldundiak jarraituko duela elkarte horiei laguntzen, alderdi ekonomikoan nahiz informazioari eta prestakuntzari dagokionean”; era berean, nabarmendu du Gipuzkoak Europa mailan erreferenteetako bat izaten jarraitzen duela mendekotasunaren nahiz desgaitasunaren arretan, eta baita boluntariotzan ere”.

Gipuzkoako Boluntariotza Saria duela 24 urte sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko hirugarren sektorea osatzen duten pertsona eta erakundeen ardura eta ekarpena aitortzeko. Modu horretan, balioan jarri nahi da gizarte ehunaren partaidetza, gure gizartearen altxor paregabea baita. Gainera, sari hori boluntarioek ematen dute, hainbat erakunderen ordezkari gisa. Honako hauek izan dira azken edizioetako irabazleak: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011);  Laringektomizatuen Elkartea (2012); Odol Emaileak (2013); Koldo Aulestia (2014); Gipuzkoako  Elikagaien Bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017).

Soroak bizikidetza, enpatia eta  hurbiltasuna bezalako balioak sustatzen zituen Boluntarioen artean
  

1359