Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak NBEen hornidura bermatuko du urte amaiera arte gizarte baliabide guztietan

Aldundiak NBEen hornidura bermatuko du urte amaiera arte gizarte baliabide guztietan

NBEak lortzeko pandemiaren lehen une "gogorren" ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 milioi babes-elementu baino gehiago erosi ditu 2020ko martxotik, 5,6 milioi euroko inbertsioarekin.


Gipuzkoako Foru Aldundiak NBEen hornidura bermatuko die Gipuzkoako gizarte baliabide guztiei, gutxienez urte amaierara arte, Foru Aldundiak azken asteotan egindako azken erosketaren ostean. Adinekoen egoitzak eta eguneko zentroak, desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako baliabideak, inklusiokoak eta adin txikikoak artatzekoak barne hartzen dituzten 200 zentrok baino gehiagok stock nahikoa izango dute, gutxienez, 2021ean zehar.
GUREAKekin lankidetzan, biltegiratze eta banatze sistema logistiko baten bidez kudeatzen ari da norbere babeserako materiala, lurraldeko gizarte-zentroetan osasun-krisiari aurre egiten jarraitzeko. Zerbitzu hori Errenteriako bi biltegi logistikotan zentralizatzen da une honetan, erositako babes-ekipamenduen kitak prestatzera eta gordetzera bideratuta daudenak, 2021ean zehar Gipuzkoako gizarte-baliabide guztiak hornitzen jarraitzeko. 2020ko martxotik, Aldundiak 30,4 milioi babes-elementu erosi ditu guztira, 5.637.000 euroko kostuarekin.
Markel Olano diputatu nagusiak pandemiaren hasieran izandako une "gogorrak" gogoratu ditu, "babes ekipoak lortzea batere erraza izan ez zenean, mundu osoko eskaera handiaren ondorioz". Olanok adierazi duenez, iazko martxoan, Gizarte Politikako departamentuak "ahalegin guztiak egin zituen" babes-materiala lortzeko, eta, gainera, "hainbat gizarte eragilek, enpresak eta partikularrek, zeukatena eta lortzen zutena gure esku jarri zuten, lurraldeko egoitzetan eta gizarte-baliabideetan bana genezan". "Txertoari eta egindako prebentzio-lanari esker, COVID-19ak gizarte-zerbitzuetan dituen ondorioak kontrolatzen ari garen honetan, ez dugu prebentzioaren bidea alde batera utzi behar. Beharrezkoa da epe labur eta ertainean material guztien aurreikuspen eta banaketa eraginkorra ziurtatzen jarraitzea", azaldu du.
Diputatu nagusiak eragile eta pertsona horiek guztiek erakutsitako "elkartasun handia" eskertu nahi izan du, "eta nahiz eta urtebete igaro ondoren, oso egoera ezberdinean egon, oraindik ere maskarak, batak, oinetako estalkiak, eskularruak… behar dira COVID-19ari aurre egiteko. Horregatik, urte amaierara arte, gutxienez, babeseko 28 milioi elementu berri banatzen jarraituko dugu gizarte baliabideetara".
Diputatu nagusiak Errenteriako Egiburuberri industrialdera egindako bisitan egin ditu adierazpenok; bertan daude GUREAKen bi logistika biltegiak, eta babes-ekipo horiekin osatutako kitak gordetzeko eta prestatzeko erabiltzen ari dira, guztira 4.000 m2-ko azalerarekin. Markel Olanorekin batera izan dira, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Asier Vitoria GUREAKeko zuzendari nagusia eta Fernando Etxezarreta GUREAKeko Logistika eta Banaketa aktibitatearen arduraduna.
Krisiari erantzuteko, lankidetza 
Era berean, Olanok azpimarratu nahi izan du Aldundiak GUREAKekin izan duen lankidetza "etengabea", osasun krisia hasi zenetik. GUREAK elkartearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak lan "oso garrantzitsua" egin du lurraldeko egoitzei ikuztegi eta sukalde zerbitzua eskaintzeko pandemiaren unerik "kritikoenetan"; izan ere, "osasun zentroetatik eta egoitzetatik iritsitako 11.000 kilo material desinfektatu zen egunero", gogorarazi du diputatu nagusiak.
"Gipuzkoako hirugarren sektoreko erakundeekin batera egindako lanak, GUREAK kasu, pandemiari aurre egiteko jarraitzen dugun espiritu komunitarioa islatzen du. Osasun krisiari komunitate gisa erantzun diogu, eta elkarlanerako balio horiei eutsi behar diegu, etorkizunean etorriko diren erronka sozial, sanitario eta ekonomikoen aurrean ere", adierazi du Olanok.
Bere aldetik, Asier Vitoriak, GUREAKeko zuzendari nagusiak, eskerrak eman nahi izan dizkio Aldundiari GUREAKengan jarri duen konfiantzagatik, hain testuinguru berezian, eta taldeak logistika eta banaketa sektorearen alde egin duen apustua azpimarratu du, "teknologia berriei esker, baliabideak optimizatzeaz eta banaketa arintzeaz gain, prozesuak egokitu ditugu desgaitasunen bat duten pertsonek, batez ere laguntza-premia handiena dutenek, biltegi logistikoetan lan desberdinak egin ditzaten".
 
  

3017