Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak partaidetzako esperientzia pilotu bat aktibatu du Gipuzkoan berdintasunari buruzko eztabaida bultzatzeko

Aldundiak partaidetzako esperientzia pilotu bat aktibatu du Gipuzkoan berdintasunari buruzko eztabaida bultzatzeko

Espazio berri horretan online plataforma berritzaile bat sartu da, partaidetza espazioa Gipuzkoako emakume guztien eskura egon dadin

2017/05/03

Lurraldeko emakumeekin batera, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatzeko politikak eta formulak bilatzeko ahaleginetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak GUNEA aktibatu du berriro. Kontsulta izaera duen gune berri horren bitartez GUNEA biziberritu nahi da eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lotutako gaiei buruzko eztabaida bultzatu, betiere erakundeen, emakumeen elkarteen, feministen sarearen eta esperientzian parte hartu nahi duten emakume guztien lankidetzarekin. Jatorrizko proiektuan sartuta zeuden emakumeen elkarteek, 40 inguru, parte hartuko dute e-GUNEA plataforma birtualean –hurrengo egunetan jarriko da martxan- eta, elkarte horiez gain, berdintasunaren alorrean eztabaidatu eta aurrera egiteko interesa duten emakume guztiak ere parte hartu ahal izango dute.

Datorren maiatzaren 30ean egingo da lehen bilera; GUNEA berriaren inguruan presentziazko 4 bilera egingo dira urtean zehar. Horrela, urrira arte GUNEA plataforman eztabaidatuko diren bi gaietako bat adostu eta zehaztuko da lehen  "espazio komun” honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenez, genero indarkeria izango da bigarren gaia –egungo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren lerro estrategikoa-.  

Hemendik aurrera, plataforma birtual berrian (www.berdintasuna.gipuzkoa.net) izena eman duten emakume guztiek parte hartu ahal izango dute beraiek aukeratutako eztabaidan eta, horretarako, ezagutza eta iritziak jasotzeko prestatu diren hainbat komunikazio kanal erabili ahal izango dituzte. Espaziorako aurreikusitako teknologia berriek eta partaidetza eta adostasun dinamika berriek aukera emango dute presentziazko eztabaidak gauzatzeko eta, baita ere, jende gaztea erakartzeko: emakume belaunaldi berriak, berdintasunaren alde eta elkarteetatik kanpo daudenak.

Idazkaritza Tekniko baten laguntzarekin, bi eztabaida horien ondorioak prest egongo dira Gipuzkoako Foru Aldundian abenduan aurkezteko, erakundearen etorkizuneko politikak bideratzea eta hobetzea baita azken helburua. Ondorio horiek ezagutza berritzailea ekarriko dute eta erabaki politikoak hartzeko prozesuak bideratuko dituzte; gainera, esperientzia pilotuaren arrakastak aukera emango du GUNEA espazioaren funtzionamendu esparrua zehazteko eta balidatzeko.

Aldundiaren gobernantzaren eredu berriarekin bat eginez, ekimen honen bitartez partaidetza eta lankidetza sustatu nahi da, eragile sozial eta instituzionalen arteko harremanak indartzeko -2013an inauguratu zen jatorrizko espazioaren helburua- eta, halaber, aurrerabidean parte hartu nahi duten emakume guztiak proiektu honetan barneratzeko.

“Hau eraikuntzarako espazio bat da” esan du Miren Elgarrestak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendariak, esperientzia aurkezteko ekitaldian. “Oso garrantzitsua da, beraz, berdintasun alorrean Gipuzkoa lurralde aurreratua izaten  lagundu nahi duten emakumeen partaidetza datozen egunetan martxan jarriko den topaketa aitzindari eta berritzaile honetan”.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak finantzatutako GUNEA espazioa eraikitzeko irizpideak eta oinarriak jasota daude indarrean dauden foru arau hauetan: Partaidetzako Foru Araua eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Araua. Orain martxan jarriko den prozesuak berak zehaztuko du Gunea berriaren funtzionamendu eredua. “Espazio irekia, malgua eta anitza, sortzailea eta hazteko bokazioa duena, presentziazko espazioen eta espazio birtualen bitartez lan egingo duena, eta ondorio oso zehatzak lortuko dituena” esan du Elgarrestak.

Azkenik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendariak dei egin die lurraldeko emakume guztiei esperientzia pilotu honetan parte har dezaten eta, horrela, arrakasta izan dezan eta GUNEA espazioaren etorkizuneko funtzionamendu esparrua zehazten eta balidatzen lagundu dezaten.

  

1326