Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak sektore gehiagotara hedatu ditu TicketBAIrekin lotutako laguntza zuzenak

Aldundiak sektore gehiagotara hedatu ditu TicketBAIrekin lotutako laguntza zuzenak

Laguntzak eskatzeko epea ere azaroaren 30etik abenduaren 15era luzatu da, eta 19 jarduera ekonomiko ezberdin gehiagok eskatu ahal izango dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Ekonomia Sustapeneko departamentuak martxan dituen merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorean digitalizazioa sustatzeko programa hedatzea onartu du gaur. Laguntza lerro hau COVID-19aren pandemiaren testuinguruan martxan jarri zen Ekonomia Indartuz programaren parte da, eta bere helburua kolektibo hauei laguntzea da, gaur egun dituzten beharretan zein etorkizuneko erronketan. Programa TicketBAI proiektuarekin erlazionatuta ere badago; izan ere, laguntza jaso ahal izateko sistema honen bidez 15 faktura aurkeztuak izan behar dira, eskaera egin aurreko 15 egun naturaletan. “Gaur hartu dugun erabakia izan da, batetik, laguntza hauek merkataritza eta ostalaritzaz gain, beste 19 jarduera ekonomikotara zabaltzea; eta, bestetik, eskariak aurkezteko epea azaroaren 30etik abenduaren 15era luzatzea”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Gogoratu duenez, guztira dirulaguntza lerro honek 1,5 milioi euroko zuzkidura du. Hasiera batean Gipuzkoako merkataritza eta ostalaritza sektorerako laguntzera zegoen bideratuta, eta orain Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren beste 19 epigrafetara zabaldu da: Zura zerratzea eta industri prestakuntza; zurez erdi egindako produktuen fabrikazioa; eraikuntzarako zurgintza piezak, parketa eta zurezko egituren fabrikazioa sailean; zurezko ontzi eta sortaketen fabrikazioa; zurezko gauza ezberdinen fabrikazioa; kortxozko ekoizkinen fabrikazioa; ihizko eta kanaberazko artikuluak, saskigintza, brotxak, arraboten eta abarren fabrikazioa; zurezko altzarigintza; instalazioak eta muntaiak; obren amaiera; etxe eta eraikuntza ekipamendurako artikuluen txikizkako salmenta; etxerako, auto ibilgailuentzat eta bestelako kontsumo-ondasun zenbaitetarako artikulu elektrikoen konponketa; ile-apaindegiak eta gorputz apaindegiak; argazki-zerbitzuak, argazkietarako makina automatikoak eta fotokopi zerbitzuak; enmarkazio zerbitzuak; barneko dekoratzaileak eta diseinugileak; pintoreak, eskulturagileak, zeramistak, artisauak, garbitzaileak eta antzeko artistak. Establezimendu bakoitzak 1.000 euroko laguntza jasoko du.

Deialdiari buruzko informazioa eskuragarri dago https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ekonomia webgunean, eta eskabideak zergabidea.gipuzkoa.eus plataformaren bidez aurkeztu beharko dira. Plataforma horren bidez, eskaerak automatikoki egiaztatuko dira, eta, baldintzak betez gero, bi asteko epean egingo da ordainketa, gutxi gorabehera. Esan bezala, establezimendu onuradunek TicketBAI aplikazioko altako 15 fitxategi aurkeztuta izan behar dituzte gutxienez Gipuzkoako Zerga Administrazioan, eskaera egin aurreko 15 egun naturaletan. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira TicketBAI proiektuak martxan dituen gainerako laguntzekin, esaterako, zerga kenkariekin. Hemen, bozeramaileak gogoratu duenez, borondatezko epean sartzen diren zergadunek %60ko kenkaria jasotzeko eskubidea dutela, betiere 5.000 euro arteko zerga oinarriarekin. “Hau da, 1.000 euroko inbertsioa egiten badute, 600 euro itzultzen zaizkie”, esan du Mendozak.

“Honela, erabaki honekin, TicketBAI sistema ezarri behar duten behartuek egiten dizkiguten eskariei erantzuten jarraitzen dugu. Gogoratuko duzuenez, pasa den ostiralean beste bi erabaki hartu genituen: Borondatezko epea sei hilabetez luzatzea, zergadunei sistema ezartzeko denbora gehiago emanez. Ondorioz, derrigorrezko epea 2022ko uztailaren 1ean hasiko da. Eta erretiroa hartzetik gertu dauden zergadunak TicketBAI ezartzetik salbuetsita uztea”, esan du foru bozeramaileak. Neurri hauek jasotzen dituen Foru Agindua datozen egunetan onartzea aurreikusten da.

Mendozaren esanetan, Gipuzkoak esku artean duen proiekturik garrantzitsuenetakoa da TicketBAI, “eta lurraldeak asko jokatzen du honekin”. “Honi esker, lortuko duguna da, batetik, jarduera ekonomiko osoaren digitalizazioa; bestetik, zerga administrazio aurreratuak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzea, zergadunei zerga proposamenak eginez BEZ eta PFEZan; eta azkenik, iruzurraren aurka sekulako aurrerapausoa ematea”, esan du foru arduradunak. Nabarmendu duenez, zergadunei eskatu die ez uzteko azkenengo eguneraino proiektuaren inplantazioa: “Borondatezko epea da probak egiteko momentua, akatsak ez dute inongo eragin fiskalik, eta horregatik luzatu dugu epe hau. Beraz, animatu pausua ematera”.

 

Marrutxipi

Bestalde, gaur onartu du Aldundiak GI-20 Donostiako saihesbidean Marrutxipiko lotunearen obraren kontratazio espedientea. Proiektuak 12,6 milioi euroko oinarrizko aurrekontua du, BEZ barne, eta horietatik 9,1 milioi euro jarriko ditu Aldundiak, eta gainerakoa Donostiako Udalak. Lanek 24 hilabetetako gauzatze epea izango dute, eta aurreikuspenen arabera, 2022 urteko lehen hilabetetan hasiko dira. Eider Mendozak nabarmendu duenez, proiektuak berebiziko garrantzia du Donostiarentzat, hiriko trafikoan arintze eta hobekuntza handiak eragingo baititu.

          Foru bozeramaileak azaldu duenez, 27 Poligonorako sarbide berriarekin batera, Marrutxipi da Donostiari eragiten dion foru erakundearen beste proiektu estrategikoetako bat, hiriak trafikoen kudeaketari dagokionez gabezia handia baitu. Honenbestez, Gipuzkoako Foru Aldunditik, hiriburuko trafikoa hobetzeko ahaleginean ekarpena egiten ari dela esan du Mendozak. “Gaur gaurkoz, Donostiako trafikoa Urumea pasealekuaren mende dago eta beste aukera bat behar du. Alternatibak irekitzeak trafiko kolapso gutxiago eragingo du, ibaiarekiko menpekotasun gutxiago”, azpimarratu du.

          Gaur onartu den Marrutxipiko lotura berria Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean kokatuko da. Iparraldean Etzieta eta hegoaldean Castelao parkeekin 580 metroko distantziara dago, oso urbanizatuta dagoen ingurune batean. Sarrera eta irteera mugimendu guztiak hartzen dituen lotura oso bat izango da, ekialdekoa zein mendebaldekoa, Etzieta eta Castelao parkeei eragin gabe. Lotura berri honek Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartzeko eta irteteko aukera irekiko du, eta horrek hiritik irteteko beste bide batzuk deskargatzen lagunduko du, hala nola, Frantziako pasealekua-Federico Garcia Lorca, gaur egun Gros eta Egiatik ateratzeko erabiltzen dena.

Lotune berria nolakoa izango den deskribatuz, bozeramaileak azaldu du proiektuak jasotzen duenaren arabera bi pasabide eraikiko direla Irun-Zarautz noranzkoko saihesbidearen galtzadaren azpian. Hauekin batera, lotura-adarrak eta biribilgune berri bat ere eraikiko dira, Fernando SASIAIN kalearen eta Mons pasealekuaren arteko elkargunean, hiriko bideekin lotzen den lekuan. “Ziur gaude proiektuak inpaktu handia izango duela Donostiako trafikoa hobetzeko ahaleginean eta, ondorioz, donostiarren ongizatean eragin positiboa izango duela”, azaldu du.

 

MUBIL

Hirugarrenik, Mendozak iragarri du Donostiako Udalak gaur onartu duela MUBIL, Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarrirako Zentroaren behin betiko egoitza eraikitzeko obraren lizentzia. Egoitza hau Zubietako Eskuzaitzeta poligonoan egongo da kokatuta. “Urrats oso garrantzitsua da MUBILen ibilbidean, eta behin betiko egoitza gauzatzetik gertuago gaude orain”, esan du Mendozak. Aurreikuspenen arabera, hurrengo pausoa azaroan emango da; orduan, Aldundiko Diputatuen Kontseiluak argi berdea emango dio proiektuari eta, ondoren, obra 2022ko lehenengo hilabetetan hastea espero da.

Guztira, ia 10.000 metro karratu inguruko espazioa izango du Eskuzaitzetako MUBILen egoitzak. Honela egongo dira banatuta: eraikin nagusiak 4.900 metro karratu izango ditu; lehen laborategiak 2.200 metro karratu; eta bigarren eta hirugarren laborategiek, bere aldetik, beste 2.500 metro karratu. “Gainera, Eskuzaitzetan beste 30.000 metro koadro gordeko dira, mugikortasun berriko agenteak erakartzeko eta esparru horretan erreferentziazko polo bat eraikitzeko”, gogoratu du Mendozak.

          Foru arduradunak azaldu duenez, MUBIL zentroa “erabat gorpuztuta” dagoen proiektua da, eta biharko Gipuzkoako ekonomia eraikitzeko apustu nagusietako bat da. Era berean, Europar Batasunak pandemia gainditzeko ezarritako jarraibideekin guztiz bat dator. “Etorkizunera begira, Gipuzkoa berdeagoa, digitalagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko prozesuan funtsezko papera jokatzen du eta, horregatik, Etorkizuna Eraikizek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak esku artean duten proiekturik garrantzitsuenetakoa da. Anbizioz jokatu nahi dugu MUBILekin, eta Gipuzkoa zein Euskadi arlo honetan erreferente bihurtzeko giltzarri izatea espero dugu”, azpimarratu du.

 

Castellóko Aldundia

Eta azkenik, laugarren neurria, Gipuzkoako Foru Aldundiak Castelloko Probintzia Aldundiarekin lankidetza hitzarmena sinatuko duela iragarri du Mendozak. Hitzarmen honen bitartez, erakundeen artean teknologiaren eta ezagutzaren transferentzia sustatu nahi da, eta gobernu irekia, kontu-ematea eta berrikuntza bultzatzea. “Bi erakundeok sinesten dugu berrikuntza publikoa dela antolakuntza eraldatzea eta politika publikoak hobetzea ahalbidetzen duen funtsezko baliabidea, eta, horregatik, bi erakundeen artean teknologia eta ezagutza transferitzeko lankidetza-esparru bat ezartzeko borondatea dugu”, esan du foru arduradunak. Datozen asteetan sinatuko da lankidetza hitzarmena.

  

3754