Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Soraluzeko Kanoien eremua hirigintzaren aldetik berroneratzeko proiektua babestu du

Aldundiak Soraluzeko Kanoien eremua hirigintzaren aldetik berroneratzeko proiektua babestu du

Dirulaguntza Soraluzeko Udalarentzat izango da, fabrika zaharreko lurzoruen ingurumen-kalitateari buruzko oinarrizko proiektua eta ikerketa egiteko, lekua espazio publiko estalia eta herritarrek gozatzeko irekia izan dadin.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, Rafaela Romero diputatu sozialista buru duela, baimendu egin du Soraluzeko Udalari 32.000 euroko dirulaguntza ematea, kanoien fabrika zaharreko lurzoruen ingurumen-kalitatea zehazteko jarduketak egin ditzan.

 

Soraluzeko Udalarekiko lankidetza horri esker, beharrezko azterketa teknikoak egin ahal izango dira eremua leheneratzeko eta berroneratzeko obrak egikaritu eta finantzatu ahal izateko. Planifikatutakoaren arabera, fabrika zahar horren inguruko espazio narriatuak aisialdirako espazio publiko berri bihurtuko dira bertako herritarrentzat. Leku estalia izango, eta era guztietako jarduerak egin ahal izango dira bertan.

 

Rafaela Romero diputatuak Soraluzeko alkate Iker Aldazabalekin batera bisitatu du lanak egingo diren eremua, eta narriatutako espazioak berroneratzearen eta erabilera publikorako irabaztearen garrantzia azpimarratu du: “Horrelako laguntzak garrantzitsuak dira, milaka pertsonaren eguneroko bizitzan eragiten dutelako eta pertsonengan oinarritutako hiri-eredu berri baten oinarriak ezartzen dituztelako 360º-ko iraunkortasun-ikuspegiarekin. Ingurumena eta herritarrak zaintzen dituen eredu berri bat, betiere inklusioa eta gizarte-ekitatea defendatzen dituzten irizpideak oinarri hartuta”.

 

Soraluzeko jarduketa Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentua garatzen ari den politika orokorraren barruan kokatzen da, Gipuzkoako lurralde orekatua, iraunkorra eta etorkizunekoa lortzeko helburuarekin. Rafaela Romerok nabarmendu duenez: “Lurralde txikia garenez, askotan muga geografiko gaindiezinak ditugunez, ezin dugu hiri-espazioak ‘galdutzat jo’. Lurralde-oreka eta -kohesioa sortzeko apustua, azken batean, jasangarritasunaren aldeko apustu garbia da, eta garraio publikoak hori gauzatzeko aukera ematen digu. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik erronka hori Gipuzkoako lurralde osora zabaldu nahi dugu”.

  

1537