Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak terapia aurreratuei lotutako ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak bultzatuko ditu

Aldundiak terapia aurreratuei lotutako ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak bultzatuko ditu

GANTT estrategiaren barruan, milioi bat euroko laguntza-lerro berri bat ireki du, I+Gko zentroei eta enpresei zuzendua

2023/11/21
GANTT

Foru Aldundiak laguntza-ildo berri bat ireki du GANTT (Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory) proiektu estrategikoa bultzatzeko. Proiektu horren helburua da Gipuzkoa munduko erreferentzia gisa finkatzea terapia zelularren, genetikoen eta RNA terapien garapenean, industria-orientazioarekin. Deialdia, milioi bat eurokoa, Diputatuen Kontseiluak onartu du gaur, eta terapia horiek garatzeko ekosistema bat indartzea du helburu. “Gipuzkoan, sendotasunak, gaitasunak eta ahalmen handia ditugu arlo horretan. Terapia horiek medikuntza iraultzen ari dira dagoeneko, eta aukera paregabea dira gure lurraldearentzat eta Euskadirentzat, bai etorkizuneko ekonomia garatzeko, bai pertsonen zaintza hobetzeko”, Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez.

Deialdia honako hauei zuzenduta dago: sektore biosanitarioko enpresei, terapia aurreratuen esparruan edo terapia aurreratuen fabrikazioaren industria-prozesuarekin lotutako zerbitzuetan proiektuak garatzen dituztenei; sektoreko enpresa-elkarteei eta klusterrei, edo terapia horiekin lotutako proiektuak garatzen dituztenei; eta Osasun Zientzien ikerketa-arloko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko erakundeei.

Laguntza-ildo horren bidez, GANTT estrategia hedatzen lagundu nahi da, Gipuzkoako biozientzien egungo ekosistema terapia horiei lotutako ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak garatzera bidera dadin sustatuz, estrategia horrekin bat etorriz. Zehazki, honako eremu hauetan: terapia aurreratuetako saiakuntza klinikoak; terapia genikoak eta zelularrak; CAR-T zelulen terapiak; terapia aurreratuen fabrikazioa; bektore biralen, ez-birikoen eta plasmidoen garapena eta ekoizpena; bektore biralen ekoizpenean gaitasuna handitzea; eta GMPak (‘Good Manufacturing Practices') sartzea terapia aurreratuen ekoizpenean.

Aurkezten diren proiektuek 100.000 euroko aurrekontua izan beharko dute gutxienez, eta laguntza-eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko da gauzatzen, urte naturalaren barruan. Batez ere baloratuko dira proiektuen kalitatea eta GANTT estrategiarekin duten lerrokatze-maila, egitura sozio-ekonomikoan duten eragina, barneko edo hirugarren erakundeekin duten lankidetza-maila, edo Garapen Jasangarriko Helburuei egindako ekarpena.

Informazio, oinarri eta dokumentazio guztia eskuragarri egongo da Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako departamentuaren web orrian (https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia) eta Foru Aldundiaren dirulaguntzen atarian. Eskabideak Internet bidez aurkeztu beharko dira, erakundearen egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus). Aurkezteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta aurtengo abenduaren 12an amaituko.

Aldundiak GANTT estrategia aktibatu zuen aurreko legealdian Etorkizuna Eraikizen barruan, Viralgen, VIVEbiotech, Biogipuzkoa Institutua eta BIC Gipuzkoa bezalako eragile garrantzitsuekin lankidetzan, eta I+G+Bko hainbat zentrok, Donostialdea ESIk eta Mondragon Korporazioak ere parte hartu zuten. Horren oinarriak identifikatzeko, nazioarteko esperientzia aurreratuak aztertzeko eta dauden gaitasunak eta aukerak ikertzeko lan bat egin zen, enpresekin, erakundeekin eta ikerketa-zentroekin elkarrizketak eginez, eta estrategiaren jarduera-ildo nagusiak definituz.

Gaur onartutako dirulaguntzei esker, helburu horiekin lerrokatutako proiektuak garatu ahal izango dira, eta osagarritasun eta lankidetza-aukera berriak landu ahal izango dira. “Beharrezko gaitasunak ditugu biomedikuntzan eta terapia aurreratuetan erreferente bihurtzeko, kalitatezko enplegua sortuz eta pertsonen bizi-kalitatea hobetuz: enpresa traktoreak, unibertsitateak eta punta-puntako ikerketa-zentroak, rol osagarri garrantzitsua joka dezaketen ‘start up’-ak, osasun-sistema indartsua, eta proiektuak haziarazten lagun diezagukeen inbertsio-industria, gero eta errotuago dagoena”, Berasaluzek azaldu duenez.

Bozeramaileak Gipuzkoak “lehiakortasuna eta ongizatea uztartzen dituen ekonomia indartsu baten alde egindako apustuaren testuinguruan” kokatu du proiektua. “Lurralde industriala gara, eta gure apustua industriaren eraldaketa lehiakorra da espezializazio adimendunaren bidez, etorkizuneko sektoreek eskaintzen dizkiguten aukera guztiak aprobetxatuz. Izan ere, hazteko aukera handiak dituzte sektore horiek. Horrela, punta-puntako ekonomia, irekia eta espezializatua, eta aldi berean anitza izaten jarraitzea lortuko dugu, eta Gipuzkoa munduan ekonomia erakargarri gisa posizionatzen lagunduko dugu”, azaldu du.

Terapia aurreratuak geneetan, zeluletan edo ehunetan oinarritutako sendagai berritzaileen belaunaldi berri bat dira, gaixotasunak prebenitzeko edo tratatzeko ahalmen terapeutiko handia dutenak. Dagoeneko hasi dira aplikatzen praktika klinikoan, adibidez odoleko zenbait gaixotasunen tratamenduan edo ehunen birsorkuntzan. “Tratamendu pertsonalizatuak eskaintzeko ahalmen handia dute, eta medikuntzan eragin handia izaten ari dira, adibidez, orain arte hilgarriak ziren minbizi mota batzuen hilkortasuna murriztuz”, azpimarratu du Berasaluzek.

Erakunde adierazpena A25

Datorren larunbatean, azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Diputatuen Kontseiluak adierazpen instituzionala onartu du gaurko bilkuran, biktimen prebentzioan, sentsibilizazioan eta arretan aurrera egiteko politika publikoak eta estrategiak sustatzen jarraitzeko konpromiso irmoa adieraziz. Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainerako euskal erakundeekin batera, sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi du, indarkeria matxista gertatzen den eremu berriak agerian jartzeko eta, zehazki, online pornografiari arreta emateko. Hain zuzen, haur eta nerabeek eduki mota hori gero eta goizago eta modu orokortuan eskura dute, eta horretaz ohartaraziko du kanpaina zabal batek. Irune Berasaluze bozeramaileak azaldu duenez, adierazpen instituzionalak eta informazio-kanpainak "pornografiak adingabeen sexu-, afektibitate- eta gizarte-heziketan duen eraginaz kontzientziatzea dute helburu, bai eta gero eta gazteago eduki horiek kontsumitzke ohituraz ere, inolako kontrolik eta mugarik gabe". Gaineratu duenez, pornografia-eszenen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria erakusten dute; “‘Save the Children’ erakundeak Euskadin egindako azken ikerketak emandako datuei erreparatuz gero, haurrak 12 urtetik aurrera hasten dira pornoa online ikusten, eta lau nerabetik hiruk eduki hori hartzen dute erreferentzia gisa”.

Errealitate gero eta zabalduago horren aurrean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak lan-ildo berri bat jarriko du abian datorren urtean, eremu digitaleko emakumeen aurkako indarkeria eta jazarpena prebenitzeko, eta indarkeria matxistaren modu eta dinamika berri horiek identifikatzeko. Horretarako, Berasaluzek iragarri du Berdintasun Zuzendaritzak ikerketa berri bat jarriko duela abian Gipuzkoan, sare sozialetan emakumeek jasaten duten jazarpena eta gure inguruan eremu digitalean gertatzen den indarkeria landuko dituena.

Halaber, ostiral honetan bertan, azaroaren 25eko bezperan, Eider Mendoza diputatu nagusiak Elgoibarko Meka LHIIko Genero Berdintasuna Sustatzeko goi-mailako zikloko ikasleekin egingo den topaketa batean parte hartuko du. Saio horretan, ikasleek Aldundiaren berdintasun-politikak ezagutuko dituzte, eta gai horri heltzeko dinamika batean parte hartuko dute, ingurune digitaleko indarkeria matxistari buruzko ideiak kontrastatu eta ikuspuntuak emateko, eta nerabeekin nola landu jakiteko.

  

943