Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Txuri Urdin emakumezkoen izotz hockeyko taldea hartu du

Aldundiak Txuri Urdin emakumezkoen izotz hockeyko taldea hartu du

Txuri Urdin taldeak larunbatean lortu zuen emakumezkoen izotz-hockeyko Ligako bere lehen titulua.

2022/03/24

Harkaitz Millan: “Emakumeen kirola geldiezin jarraitzen du Gipuzkoan. Gure harrobiak eta haren lanak are eta poz gehiago ekarriko dute etorkizunean”.

Eider Mendonza: “Gipuzkoan talderik bada tituluak eta txapelak ekarri dituena, Txuri da hori”. “Zuek irabazitakoa, ordea, berezia da, emakumezkoek lortutako aurrenekoa delako. Beraz, kirolaren eta berdintasunaren ikuspegitik, esanguratsua da oso”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak izotz hockeyko emakumezkoen Txuri Urdin jokalariak hartu ditu gaur arratsaldean. Lehen diputatu nagusiordea, Eider Mendonza, Kultura eta Kirol diputatua, Harkaitz Millan, eta Eneko Goia Donostiako alkatea izan dira Iberdrol Ligako txapeldunak omentzen, lehen aldiz Liga irabazi baitute.

CHH Txuri Urdin taldeak larunbatean lortu zuen emakumezkoen izotz-hockeyko Iberdrola Ligako bere lehen titulua, SH Majadahondaren pistan finaleko itzulerako partidan garaipena lortu ondoren. Horrenbestez, Iberdrola Liga irabazi duen laugarren taldea da Txuri Urdin, CPL Valladolid, ASME Bartzelona eta SH Majadahondaren atzetik.

Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu duenez, “emakumeen kirola geldiezin jarraitzen du Gipuzkoan. Gure harrobiak eta haren lanak are eta poz gehiago ekarriko dute etorkizunean”.

Eider Mendoza Gipuzkoako lehen diputatu nagusiordeak, bere aldetik, nabarmendu du beretzat ohorea dela Txuri Urdin Izotz Hockey Taldeari ongietorria ematea Foru Aldundiaren izenean. Gogoratu duenez, taldeak 50 urte betetzen ditu aurten eta, “Gipuzkoan talderik bada tituluak eta txapelak ekarri dituena, Txuri da hori”. “Zuek irabazitakoa, ordea, berezia da, emakumezkoek lortutako aurrenekoa delako. Beraz, kirolaren eta berdintasunaren ikuspegitik, esanguratsua da oso. Aldatzen ari dira gauzak, zorionez. Gehiago aldatu behar dute, baina zorionez bide onetik goaz”, nabarmendu du.

Foru arduradunak gogoratu duenez, Aldundiaren helburu estrategikoa da Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea izatea, eta gaineratu du horrek isla izan behar duela kirolean ere. “Oihartzun gehien dutenetan, eta baita ahaztuago ditugun horietan ere, izotz hockey-a kasu. Zuen garaipenak balio bikoitza du, kirol minoritarioago horien aldarria delako, eta orain arte gizonezkoen kontua ziruditen modalitateetan emakumezkoen inkorporazio progresiboa indartzen duelako”, txalotu du. Kirol ikuspegitik, taldeak lortutako balentria jarri du balioan: “Duela zortzi urte sortu zenuten emakumezkoen sekzioa baina zerotik hasita, ekinaren ekinez, gailurrera iristea lortu duzue. Bejondeizuela!”.

  

1465