Aldundiak udalekin batera landuko du zibersegurtasun eredu berri, sendo eta koordinatuago bat
Aldundiak udalekin batera landuko du zibersegurtasun eredu berri, sendo eta koordinatuago bat
Aldundiak lurralde ikuspegia duten hiru ekimen abiarazi ditu segurtasun digitala indartzeko, arreta berezia jarriz udal txikienen digitalizazioan

Toki administrazioetako zibersegurtasunaren eta digitalizazioaren erronkei heltzeko lan saioa egin du gaur Foru Aldundiak, lurraldeko alkate, udal ordezkari eta teknikariekin batera. Hain zuzen, eremu publikoa zibererasoen eta iruzurren arrisku handiena duen sektoreetako bat da gaur egun. Saioan Gobernantzako foru diputatu Irune Berasaluzek, eta IZFE informatikako foru zerbitzuko eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduko arduradunek parte hartu dute, eta elkarrekin zibersegurtasun eredu berri, sendo eta koordinatuago bat eraikitzeko lanketari ekin diote, Gipuzkoako administrazio guztiak – udalerri txikienetik Aldundira arte – erakunde ziberseguru eta herritarren datuen babesarekin konprometituak bihurtuko dituena.
Lehen hartu-eman horren helburua izan da udalerriek segurtasun digitalaren eta datuen babesaren arloan dituzten beharrak eta erronkak partekatzea, eta lurralde osoan eredu seguruagoa, integralagoa eta partekatuagoa lortzeko bidean aurrera egitea.
Testuinguru horretan, Aldundiak funtsezko hiru ekimen aurkeztu ditu udalerriei zuzenduta: Gipuzkoarako zibersegurtasun eredu berri bat elkarrekin diseinatzea; Eskura espedienteak kudeatzeko sistema berritzea; eta sistema hori udal txikienetan ezartzea eta hedatzea.
Aldundiaren proposamenak segurtasunaren kudeaketa integral eta bateratuaren aldeko apustua egiten du, egitura komuna, softwarea eta IZFEtik espezializatutako teknikariak eskainiz, udalerri guztien erantzuteko gaitasuna indartzeko eta ingurune digital seguruagorantz aurrera egiteko.
Administrazio publikoei ere eragiten dieten zibererasoen eta iruzurren maiztasun eta sofistikazio gero eta handiagoaren aurrean, gaurko topaketan estrategia berri baten oinarriak ezarri dira, kultura eta lan modu seguruagoak sustatzeko, baliabideak koordinatzeko eta erakunde guztien arteko lankidetza indartzeko.
5198