Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak udalerri txikietako etxebizitza-eskaintza bultzatuko du, Etorlurren bidez

Aldundiak udalerri txikietako etxebizitza-eskaintza bultzatuko du, Etorlurren bidez

Foru erakundeko ordezkariek lan-topaketa bat egin dute Abaltzisketan, lehentasunezkotzat jotzen den herrietako bat baita

Markel Olano diputatu nagusia eta Eider Mendoza Foru Aldundiko borezeramailea

Markel Olano diputatu nagusia eta Eider Mendoza Foru Aldundiko borezeramailea


Foru Aldundia lanean ari da udalerri txikietan etxebizitza-eskaintza bultzatzeko, Landagipuzkoa programaren barruan, eta iragarri du eskaintza hori indartzeko asmoa duela Abaltzisketara egindako bisita batean. Bertan, Etorlur sozietate publikoaren bidez, Azpikoetxean 10 etxebizitza sustatuko ditu, jabetza-erregimenean eskainiko direnak. Birgaituko den eraikina kokatzen den orubea dagoeneko erosi dute, eta, Udalarekin hirigintza-plangintza gauzatu ondoren, lanak esleitu eta aurten hastea aurreikusten da. Jarduketa Markel Olano diputatu nagusia buru izan duen bisita instituzional batean jakinarazi da.

            Eider Mendoza Gobernantzako diputatuarekin eta Xabier Arruti Nekazaritza eta Lurralde Garapeneko zuzendariarekin batera, Olanok lan-bilera bat izan du Jon Zubizarreta alkatearekin. Bertan, proiektu honen eta Landagipuzkoaren barruan dauden beste ekintza batzuen aurrerapenak aztertu dituzte, eta herriaren etorkizuneko erronkei heldu diete. Aurretik, bilera bat egin dute Tolomen eta Goimen agentzietako eta beste eragile batzuetako ordezkariekin, eta Eider Mendozak Aldundiak duela gutxi lehen sektoreari buruz hartutako konpromisoak partekatu ditu guztiekin, Herritarren Batzarrak egindako gomendioetatik abiatuta.

Etxebizitza-beharrari dagokionez, Abaltzisketa da lehentasunez jardun beharra hauteman den 13 herrietako bat, Alkiza, Amezketa, Beizama, Bidania-Goiatz, Elduain, Errezil, Gaintza, Gaztelu, Larraul, Lizartza, Orendain eta Orexa herriekin batera. Zerrenda hori Aldundiak egindako diagnostiko baten emaitza da. Diagnostiko horretan ondorioztatzen denez, azken urteetan landa-biztanleriaren beherakada, neurri handi batean, etxebizitza berrien sustapenik ezarekin lotuta dago. Era berean, herri horiek beste faktore batzuk ere partekatzen dituzte: herri horietatik hiriburura, errepide nagusietara edo ospitalera joateko denbora gehiago behar da; errenta-maila txikiagoa dute eta zahartzea handiagoa; beste zenbait zerbitzu publikotarako sarbide murritzagoa eta orografia konplikatua dute; edo bertako biztanle-kopurua 1.000tik beherakoa da eta murrizten ari da.

Zerrenda ez da itxia; izan ere, baremo horiek guztiak betetzen ez dituzten udalerri batzuek zerrenda horretan sartzeko eskatu dute. Aldundiak adierazi du prest dagoela ahal den guztietan jarduteko. “Egiaztatu ahal izan dugu ez dela nahikoa jarduteko eskaria egon arte itxarotea, baizik eta proaktiboak izan behar dugula etxebizitza-eskaintzan, landa-udalerriak biziberritzeko, itzali ez daitezen edo asteburuko herri bihur ez daitezen. Etorlur oso garrantzitsua izan daiteke sustapen horiek zuzenean eginez, baina udalerri batzuetan erakundeen eta eragileen arteko bitartekari gisa ere jarduten ari gara, edo aholkularitza eskainiz”, azaldu du diputatu nagusiak.

Azpimarratu behar da Etorlurrek 6 etxebizitza saldu berri dituela Nuarbe landa-auzoan. Prozesu horri esker, etorkizuneko sustapenak garatzeko ikaskuntza lortu ahal izan da. “Landa-udalerriak biziberritzeko bide interesgarri bat irekitzen du. Beharrezkoa da gazteek beren udalerrietan etxebizitza duin eta eskuragarria lortzeko aukerak izatea, eta beren bizitza- eta lan-proiektuak eraikitzen jarraitu ahal izatea, jaioterriarekin lotura hautsi gabe”, nabarmendu du.

Abaltzisketan Landagipuzkoaren esparruan garatutako beste jarduketa batzuk honako hauek izan dira: Aranguren/Estanga/Urkola, Nahera, Arrupe, Erbetata, Zubeldi, Ihartza, Olano Txiki eta Sasiaingo landa-bideak hobetzea, 156.000 euroko foru-ekarpenarekin; zuntz optikoa 25 baserritara zabaltzea; landa-lurren mugak digitalizatzea (lanak martxan daude dagoeneko); baserrietako elektrifikazioa hobetzea; larreen kudeaketa mankomunatua Goilarre ekimenaren bidez; ibilgailu bat eta makineria erostea, edo autobusa hartzen duten ikasleen segurtasuna egokitzea herrira sartzeko bidegurutzean.

Landagipuzkoa balantzea

Bisitan, diputatu nagusiak positiboki baloratu ditu Landagipuzkoa programaren emaitzak. Programa horren helburu nagusia da lurralde-oreka sustatzea, foru erakundeak apustu politiko horren esparruan egiten dituen ekintzak bilduta. Aurten, Gipuzkoako 2.500 biztanletik beherako udalerri guztiek (48 guztira) abiadura handiko internet-konexioa izango dute programa honi esker. Guztira 2.997 baserri eta etxebizitza dira, sakabanatuak, eta horietatik % 90ek baino gehiagok banda zabal ultraazkarra dute dagoeneko, Aldundiaren 4,83 milioiko inbertsioarekin. Orain erronka da 2.500 biztanletik gorako udalerrietako landa-auzoetara ere zabaltzea. “Helburu horretarako, lankidetza-esparru egonkor eta formal bat eskatu diogu Gobernu Zentralari, orain eskumen hori esklusiboki bereganatu duenez, eta eskaera horretarako erantzunaren zain jarraitzen dugu”, eman du aditzera Olanok.

            Bestalde,  2023ko deialdia kontuan hartu gabe, oraintxe bertan martxan, eta kontuan hartuta 2020an uko egin zitzaiola laguntzari, pandemiaren ondorioz, legegintzaldi honetan 4,4 milioi bideratu dira guztira, udalekin lankidetzan, landa-bideak hobetzeko. Egitasmo horren barruan, irisgarritasunarekin eta garraioarekin lotutako 278 proiektu egin dira, 194 kilometrokoak: landa-bide berriak eraikitzea, asfaltatzea edo hormigoiztatzea, nekazaritza-ustiategietarako landa-bideak konpontzea, egokitzea eta hobetzea, uhin-bikoak eta babesak jartzea, seinaleak jartzea...

Era berean, azken bi urteetan, udalekin batera landa-garapeneko 62 proiektu finantzatu dira udalerri txikietan, 1,75 milioi euroko foru ekarpenarekin. Azken deialdi honen helburua da landa-eremuetako ekonomiaren garapen integralean eta sustapenean laguntzea, lehen sektoreari lotutako hainbat jarduera babestuz, hala nola nekazaritza-produktuak merkaturatzea, makinak eta ibilgailuak erostea, edo nekazaritza-zerbitzuak modernizatzea eta digitalizatzea. Era berean, hainbat ekipamendurekin lotutako proiektuak ere laguntzen dira, besteak beste honako hauekin zerikusia dutenak: ostatuak, zerbitzu sozialak eta kulturalak –ludotekak, gaztelekuak–, haurreskolak, transformazio-zentroak eta behe-tentsioko lineak, eta nekazaritza-ustiategiak eta etxebizitzak energiaz hornitzeko lineak hobetzea.

Beste mugarri bat izan zen 2019an Landa Udalerrien Garapenerako Zuzendaritza sortzea, etorkizuneko premietan eta erronketan laguntzeko. Diagnostiko sakon batetik abiatuta, hainbat zerbitzu jarri ziren haien eskura, hala nola udalerri txikien arretarako puntua, kudeaketa administratiborako laguntza, administrazio elektronikoa ezarri eta bultzatzeko laguntza, edo aholkularitza juridikoko doako zerbitzu bat. Tresna horien helburua da udal horiei arreta hobea ematea, haien lan-karga eta kostuak murriztuz, eta beren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak beste ekintza eta inbertsio batzuetara bideratzea erraztuz. Gainera, taldeko dinamikak egin dira udal horietako idazkariekin/kontu-hartzaileekin, 33 guztira.

Azkenik, nabarmentzekoa da landa-lurrak digitalizatzeko sustatutako programak harrera ona izan duela. Programa horren bidez, Aldundiak laguntzak ematen ditu jabetzen mugak definitzeko eta eguneratzeko, kartografia digitala ahalbidetuz. Gipuzkoako lurren % 90 landa-lurra da, eta historikoki lursail horiek baserriari lotuta egon dira; hala ere, azken hamarkadetan, Gipuzkoako gizartea urbanoago bihurtu da, eta horrek finken eta haien mugarrien gaineko ezagutza galtzea ekarri du. Helburua da hamarkada bateko epean, 3 milioiko foru-inbertsioarekin, Gipuzkoako landa-lur guztien kokalekuak GPS bidez geoerreferentziatuta egotea. Ekimen instituzional aitzindari bat da, bai EAEn, bai estatuan. Orain arte, 12 udalerri txiki atxiki dira programara, zeinek kostuaren % 50 ekarri baitute. Mendaron dagoeneko amaitu da digitalizazioa, eta prozesu horretan murgilduta daude Abaltzisketa, Aia, Albiztur, Anoeta, Ataun, Baliarrain, Beizama, Elgeta, Olaberria, Orexa eta Zegama.

Olanok azpimarratu duenez, “Gipuzkoa munduan desberdintasun txikiena duen lekuetako bat izatearen aldeko apustua, elkarlaneko gobernantzatik abiatuta, lurralde-mailan ere islatzen ari da, Landagipuzkoaren eskutik. Esparru horretako kohesioa eta oreka oinarrizko printzipioak dira berdintasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. Ez dugu Gipuzkoa bere landa-ingurunerik gabe ulertzen. Landa-inguruneko herri eta udalerri txikiak gure nortasun-ezaugarrietako bat dira, gure funtsaren parte.  Funtsezkoa da eremu horien erakargarritasuna, lehiakortasuna eta bizi-kalitatea mantentzeko eta hobetzeko ekimenak abian jartzea, haien dinamismoak Gipuzkoa indartsuagoa, berdeagoa eta orekatuagoa izatea eragiten baitu”.

Programak emaitza onak izan baditu ere, diputatu nagusiak esan du oraindik asko dagoela egiteko. “Beste eremu eta lurralde batzuek duten hustearen arazoa guk ez badugu ere, joera globalek badute eraginik gurean ere; izan ere, biztanleria hiriguneetan metatzen da, eta horri zahartze demografikoa gehitu behar zaio. Landa-eremuen despopulazioari aurre egitea etengabeko lan bat da, eta esparru urbanoetako hiri eta udalerrien pareko zerbitzuak eta ongizate-maila eskaintzea dakar, herri txikiak bizitzeko eta lan egiteko leku ona izaten jarrai dezaten”. Era berean, erronka hori lehen sektoreko “belaunaldi-erreleboa” bermatzearekin lotu du, “jarduera estrategiko bat egungo klima-aldaketaren eta elikadura jasangarriaren eredurako trantsizioaren testuinguruan".

  

2892