Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Usurbilgo egoitza berriko 127 plazak hitzartu ditu

Aldundiak Usurbilgo egoitza berriko 127 plazak hitzartu ditu

1,6 milioi euroko zenbatekoarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoentzako 78 egoitza-plaza, 30 UPSI plaza eta desgaitasuna duten pertsonentzako 19 plaza hitzartu ditu Egurtzegin.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gobernu Kontseiluak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Matia Fundazioaren arteko programa-kontratu berritu bat onartu du gaur. Horren bidez, Usurbilgo Egurtzegi egoitza berriak dituen plaza guztiak hitzartu ditu Foru Aldundiak, 1.638.884,5 euroko balioarekin. Uztailaren 11n inauguratu zen zentroa, eta uztailaren 16an hasi dira lehen erabiltzaileak iristen. Guztira, 127 plaza ditu, 110 etxebizitzatan eta 7 bizikidetza-unitatetan banatuta. Horietako 6 adinekoentzat dira, eta bat desgaitasuna duten pertsonentzat. Bestalde, 30 plaza UPSI profiletarako izango dira (unitate psikogeriatrikoa), 19 desgaitasuna duten pertsonentzat, eta 40 plaza izango dituen eguneko zentro bat ere irekiko da, irailetik aurrera martxan egongo dena.

Zentro berri honetan etxebizitza kontzeptua berreskuratzen da, etxea bizitzeko espazio gisa ulertuta, edozein modutara dela ere, etxekoa bezalako giroa sortuta.  "Etxebizitzaren" kontzeptu-esparrutik diseinatzen den lehen egoitza da, eta ez eredu instituzional tradizionaletik. Logelen ordez, zaintza integratuko etxebizitza txikiak eraiki dira, ingurune konektatu batean, komunitateari irekita eta pertsona jarduera osoaren erdigunean jartzen den ingurune batean. Horrela, proiektu honek Gipuzkoan azken urteotan garatzen ari den zainketa-ereduaren eraldaketan laguntzen du. Matia Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren emaitza da proiektua.

Ia 3 urteko lanen ondoren zentroa martxan da, eta 20,9 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da guztira; horietatik 6,4 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu, hitzarmen baten eta Europako funtsen bidez. Egurtzegi egoitza berria Usurbilgo herrigunean dago kokatuta, Kalezar auzoan, eta etxebizitzez eta eguneko zentroaz gain, herritar guztientzat irekita dauden zerbitzuak ditu, kafetegia eta ile-apaindegia, eta plaza berde bat ere badu, inguruko herritar guztiek gozatzeko.

Izendapenak

Bestalde, Foru Gobernu berriak aurrera jarraitzen du bere lantaldeen osaeran, eta Aldundiaren organigraman zuzendaritza-ardurak izango dituzten hainbat pertsona izendatu ditu. Legegintzaldi honetan egindako antolamendu-eraldaketaren ondorioz, berrikuntzetako bat Administrazioaren Berrikuntza zuzendaritza izango da. Zuzendaritza horren buru Iosu Arraiz (Elgoibar, 1981) izango da. Arraiz Ingeniaritza Zibilean graduatua da, Bide eta Ubideen Ingeniaritzan masterra egin du, eta esperientzia instituzionala du Elgoibarko Udalean eta Debako Mankomunitatean azken legegintzaldian. Erakundeak ematen dituen zerbitzuak eta izapideak desburokratizatzeko helburuarekin lan egingo du, herritarrei zerbitzu eta izapide horiek erraztuz, informazioaren balioa optimizatuz ‘big data’-ren bidez, eta komunikazio-kanalak modernizatuz (webguneak, sare sozialak), hori guztia eraldaketa digitala lan-ardatz hartuta.

Beste izendapen bat ere onartu da Lurralde Oreka Berdearen departamentu berrian, bi zuzendaritza izango dituena: Nekazaritza eta Lurralde Oreka, eta Mendiak eta Natura Ingurunea. Azken horren buru Koldobike Olabide (Legazpi, 1962) izango da, Kimika Zientzietan lizentziaduna, Ingurumen Kudeaketan Masterra eta Ingurumen Arriskuaren Ebaluazioan Graduondokoa, EHUn. Esperientzia handia du, bai enpresa arloan, bai erakunde mailan. Biodibertsitatea zaintzea, larreak eta mendiak kudeatzea edo parke naturalen eta gune babestuen balioa nabarmentzea izango dira bere jardueraren eremuetako batzuk.

Kontseiluak argi berdea eman dio María José Telleria (Eibar, 1971) Kulturako zuzendari izendatzeari ere. Ardura hori ondo ezagutzen du, azken legegintzaldiaren zati batean eta aurreko legegintzaldian osorik bete baitzuen. Kazetaritzan lizentziatua, Udal Erakundeen Kudeaketan graduondokoa du eta beste bat Toki Garapen eta Enpleguan (UNED). Kultur sorkuntza babestu eta sustatzeko lan egingo du, eskaintza eta kontsumoa sustatuz, kultur ondarea zabaldu eta babestuz, Kultura Eskola bezalako ekimenak indartuz edo Koldo Mitxelenaren birmoldaketa burutuz.

Azkenik, beste aldaketa bat Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan egingo da. Kasu honetan, Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritzaren arduraduna Ivan Pedreira (Donostia, 1983) izango da, Zuzenbidean lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean, Ingurumen Zuzenbidean espezializatua. Sektore pribatuan zein publikoan egin du lan, eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren zuzendaria izan da. Bidegorrien sarea, garraio publikoa eta MUGI txartelaren prestazioak hobetzea izango ditu helburu nagusi.

  

2950