Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Zarauzko saihesbidearen proiektua idazteko lizitazioa egingo du

Aldundiak Zarauzko saihesbidearen proiektua idazteko lizitazioa egingo du

Idazketa lan horrek 102.000 euroko aurrekontua du eta bost hilabeteko epea. Aurreikuspenen arabera obrak 2023ko bigarren seihilekoan hasiko dira.

2022/02/17

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarauzko saihesbide berriaren trazadura proiektua idazteko lizitazioa aktibatu du; obra hori, oztopo askoren ondoren, 2023ko bigarren seihilekoan hasiko da gauzatzen. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Xabier Txurruka udalerriko alkateak iragarri zuten proiektua laster lizitatuko dela. «Zarauzko saihesbidea zarauztarrek aspaldian espero zuten obra da, eta, azkenean, gauzatu egingo da. Bihar bertan, otsailak 17, proiektua idazteko lizitazioa jarriko da abian. Guztira, 102.000 euroko aurrekontua izango du, eta obrak egiteko epea bost hilabetekoa izango da», esan du Oiarbide diputatuak; halaber, hau erantsi du: «gure kalkuluen arabera, eraikuntza lanak hurrengo urteko bigarren seihilekoan hasiko dira».

Xabier Txurruka alkateak, bere aldetik, Zarauzko saihesbidearen proiektua legealdi honetako garrantzitsuena izango dela adierazi du. «Martxan jarri genuen Errotaberri industrialdea, gure herriko industriari bultzada bat emateko, eta datorren urtean, industrialde hori urbanizatzeko lanak amaitu eta enpresak eremuan kokatzen hasten direnean,  Abendaño eta Errotaberri industrialdeetara doazen ibilgailuek sarrera zuzena izango dute», adierazi du Txurrukak.

          Saihesbideak bi errei izango ditu, eta A-8 autobideko ordainlekuko biribilgunean hasiko da. Gutxi gorabehera 1.250 metroko luzera izango du, eta autobidea Astiko zubiaren azpitik zeharkatuko du, biribilgunean egungo Astiko bidearekin bat egiteko. Eraiki beharreko tarte berria Errotaberri industrialdera iristean amaituko da. «Printzipioz, lotura zuzena izango da 2021eko martxoan Errotaberri industrialdera iristean eraikitako bidearekin. Aritzbataldeko bidearekin lotzeko, T itxurako elkargune bat egingo da», esan du Aintzane Oiarbidek. Gaineratu duenez, egon daitezkeen tipologiak aztertuko dira proiektua idazteko prozesuan, azkenean egokientzat jotzen dena aukeratu ahal izateko.

          Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, bide berriak gaur egun Zarautz zeharkatzen duten ibilgailu gehienak hartuko ditu. «Autobidetik edo Oriotik etorrita industrialdera joan nahi duten ibilgailu guztiak ez dute udalerria zeharkatu beharko helmugara iristeko. Konexioa zuzena izango da eta, horrela, hiriguneko trafikoa arinduko da eta bizilagunen bizi-kalitatean eragin positiboa izango du», adierazi du diputatuak.

           Foru diputatuak gogorarazi duenez, 2021eko martxoan Frantzesbidetik sartzeko bide berria ireki zenean, Errotaberri eta Aritzbataldeko herrigunea lotu ziren, Frantseskuako kaxa berritu zen eta Aitza auzoko bidearekiko konexioa egin zen, eta obra horiek lehenengo urrats garrantzitsuak izan ziren Zarauzko mugikortasuna hobetzeko bidean; izan ere, herrigunetik  Errotaberrira doazen ibilgailuen ibilbidea 800 metro murriztu da (ibilgailu horietako asko ibilgailu astunak dira). «Saihesbidearekin, ibilgailu horiek guztiak hiri-bilbetik aterako ditugu, eta, gainera, trenbidearen eta autobidearen artean bizi diren zarauztarrak zuzenago sartu ahal izango dira beren etxeetara».

  

2068