Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak zibersegurtasunerako zentro aurreratuaren proiektua kontrastatu du INCIBE institutuarekin

Aldundiak zibersegurtasunerako zentro aurreratuaren proiektua kontrastatu du INCIBE institutuarekin

Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuruk Espainiako Estatuko Zibersegurtasuneko Institutu Nazionala bisitatu du Leonen, esperientzia eta zentro desberdinak ezagutzea helburu

INCIBEra bisita

Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapenko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak, gaur bisitatu du Espainiako Estatuko Zibersegurtasuneko Institutu Nazionala, Gipuzkoako Foru Aldundia buru duen zibersegurtasunerako zentro aurreratuaren proiektua hainbat eragilerekin kontrastatzeko fasea abiaraziz. Aizpuruk eta Berrikuntzako zuzendari Garikoitz Agotek in situ ezagutu dituzte Leongo egoitzako zentroak dituen instalazioak eta zerbitzuak, eta lan bilera izan dute Marcos Gomez Hidalgo eta Ignacio Gonzalez Ubiernarekin, INCIBEko Zibersegurtasuneko Zerbitzu eta Teknologiako zuzendariekin, hurrenez hurren.

Espainiako Zibersegurtasuneko Institutu Nazionala (INCIBE) –lehen Komunikazio Teknologien Institutu Nazionala zen– Informazio Gizartearen eta Agenda Digitalaren Estatu Idazkaritzaren (SESIAD) mendeko sozietate bat da, eta 2014an sortu zen entitate gisa, zibersegurtasuna eta konfiantza digitala garatzeko herritarrengan, sare akademikoetan eta ikerketa sareetan, profesionalengan, enpresetan eta, bereziki, sektore estrategikoetan.

Inciberen instalazioetan ezagutu ahal izan dute alerta goiztiarretako CERT zentroa eta, baita ere, zibersegurtasun industrialerako laborategia, besteak beste.

“Bisita honekin abiarazi dugu lantzen ari garen eta dagoeneko oso aurreratuta dagoen Gipuzkoako zibersegurtasuneko erreferentziazko zentroaren proiektuaren kontrastea”, adierazi du diputatuak, INCIBEn izandako bileren ondoren. “Hainbat esperientzia eta zentro ezagutzeko asmoa dugu, horrela gure lurraldean kokatuko den zibersegurtasunerako zentro aurreraturako diseinatu diren egitura eta zerbitzuak alderatu eta osatu ahal izateko”, gaineratu du Aizpuruk. Diputatuak gogorarazi du kontraste honek jarraipena izango duela datozen asteetan, kanpoan kokatutako “erreferentziazko beste eragile batzuekin”; izan ere, zentroak “nazioarteko partner bat” izatea aurreikusten da, azpiegitura hori zibersegurtasunaren sare globalekin lotzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundia legealdiaren hasieratik ari da lanean zibersegurtasunerako nazioarteko zentro bat sortzeko. Zentro horrek bokazio industrial argia izango du, industria 4.0ri oso lotuta egongo da, eta laguntza, zerbitzua eta balio erantsia emango dizkio enpresa txiki eta ertainen jarduerari.

Aizpuruk zehaztu duenez, arestian egindako azterketen arabera, Gipuzkoako enpresen % 37,8k teknologia maila ertain-altua edo altua dute, inguruko lurraldeek baino portzentaje handiagoarekin. “Hainbat arrazoi ikusten ditugu horrelako zentro bati lehentasuna emateko: lehenik, gure ehun ekonomikoak apustu argia egiten du digitalizazioaren alde, eta batez ere enpresa txiki eta ertainek osatzen dute; bigarren, zibersegurtasunaren arloan erreferente diren enpresak ditugu; eta, azkenik, gure lurraldean industriak pisu handia hartzen du. Zentro horrek ezagutza sortuko du, eta gure enpresei erronka honi aurre egiteko sentsibilizazioa eta laguntza emango die”, azpimarratu du diputatuak.

Gipuzkoan kokatuko den zibersegurtasunerako zentro aurreratuak zerbitzua eskainiko du zibersegurtasunari lotutako gaietan, eta espazio bana izango du berrikuntzarako, ekintzailetzarako, sentsibilizaziorako eta arlo horretan talentua prestatzeko. Irailetik aurrera, gainera, Gipuzkoak zibersegurtasunaren arloko prestakuntza eskaintza izango du Lanbide Heziketako sareari eta Mondragon Unibertsitateari esker. Azken horrel zibersegurtasunean espezializatzeko master bat eskainiko du datorren ikasturtetik aurrera.

  

1755