Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Altuning Pro Gipuzkoa ekimenak lurraldearen etorkizuna hobetzeko ideiak saritu ditu

Altuning Pro Gipuzkoa ekimenak lurraldearen etorkizuna hobetzeko ideiak saritu ditu

Epaimahaiak hiru ikasleren proiektuak aukeratu ditu, lanen originaltasuna eta izaera berritzailea balioetsiz

2018/12/27

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, gaur Altuning Pro Gipuzkoa ekimenaren sariak eman dira, Aldundiko Tronu aretoan ospatutako ekitaldian. I.M. de Altuna fundazioak antolatuta, foru erakundearen eta Kutxa Fundazioaren lankidetzarekin, nazioarteko programa arautuetan parte hartzen duten unibertsitate ikasleei zuzentzen zaie Altuning. Haiei aukera ematen zaie beren ekarpenak egin ditzaten Gipuzkoaren etorkizuna hobetzeko, atzerrian bete dituzten egonaldietan ezagutu dituzten esperientzietan eta ideietan oinarrituta, lurraldearen abiada ekonomikoa berraktibatzeko ikasketa izateko helburuarekin; eta mugarri izan daitezen gizarte ekonomikoki lehiakor eta sozialki justu batean.

Baldintza bakarrak dira Gipuzkoako unibertsitate ikasle izatea eta Erasmusen edo beste nazioarteko truke programa arautu batean parte hartzea. Lehenik, parte-hartzaileei galdetegi bat erantzuteko eskatzen zaie, Gipuzkoa hobetzeko aukeren inguruan. Ondoren, egoki iruditu zaizkien proposamen guztiak aurkeztu eta garatu ahal izan dituzte, beti ere lurraldearen etorkizuneko erronkekin zerikusia dutenak. Aurten, Gipuzkoan campusa duten unibertsitate guztietako 42 ikaslek, oso diziplina akademiko desberdinetakoek, hartu dute parte. Ekarpen guztien artean, 10 finalera iritsi dira, eta hautatutako guztien artean, hiru izan dira sarituak. Epaimahaiak lanen "maila altua" nabarmendu du.

Saritutakoak hauek dira:

- Maider Echeveste. Donostia, EHU-UPV. Biologia. Egonaldia Belgikan.  Abiapuntu gisa kultura zientifikoa sustatzeko beharra azpimarratzen du eta zientziaren dibulgaziorako Gipuzkoan dauden ekimen desberdinak jasotzen ditu. Horien testuinguruan, eta gehigarri gisa, “Young Researchers Week” ekimena proposatzen du, Lieja-ko Unibertsitateko esperientzian oinarrituta. Espazio publikoetan doktoradutzako ikertzaileek publiko orokorrarentzat azaltzen dute beraiek ikertzen ari direna, eta modu horretan, dibulgazio zientifikoaren bitartez gizartearen kultura zientifikoa indartzen dute eta bokazio zientifikoak bultzatzen dira.

- Mikel Berra. Errenteria, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa. Arkitektura. Egonaldia Chicagon. IBAIZ IBAI, Gipuzkoako ibaien eraberritzea espazio ludiko, natural eta konektatuetan proiektua. Chicagoko esperientzian oinarriturik, proposamen honetan lurraldeko ibaien ingurunea garatzeko estrategia globala eta integratua aurkezten da. Ibaien ingurunea espazio ludiko, natural eta konektatu gisa garatzea proposatzen da, horretarako dagoeneko martxan diren egitasmoak indartuz eta berriak sustatuz; eta gisa horretara, ibaiek duten potentzial ekonomiko, sozial eta naturala ahalik eta gehien aprobetxatuz. 

- Juan Simón. Nafarroa, Tecnun. Ingeniaritza. Atzerriko egonaldia Hong Kong-en. Bere ekarpena: Green & Smart Buildings. Eraikuntzan “green eta smart” kontzeptuak aplikatzeko joera globalaren baitan, leiho adimentsuak garatzeko aukera konkretu bat aurkezten da, unibertsitateko ikerketa talde batek landutako garapen teknologikoan oinarrituz: material berri bat, perovskita, leiho adimentsuetan erabiltzea energia efizientzian hobetzeko. Kasu konkretu hau, arlo honetan jarraitu beharreko teknologien markoan kokatzen da.

Epaimahaiaren arabera, saritu dira, batez ere, proiektuen originaltasuna, izaera berritzailea, proiektuaren lantze maila eta bideragarritasuna. Irabazle bakoitzak 2.000 euroko saria eskuratuko du.

Sarituekin batera, bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikaziorako diputatua, Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko diputatua, Kepa Bilbao M.I. de Altuna fundazioaren ordezkaria eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioaren ordezkaria. Markel Olanok azpimarratu du Altuning-en eta Etorkizuna Eraikiz-en arteko konexioa; izan ere, bi dinamikek helburu dute  "proiektu pilotu eraldatzaileak sustatzea, eragileen arteko esperimentazioan eta lankidetzan oinarrituta, Gipuzkoa modernizatzeko eta lurraldearen etorkizun ekonomiko, sozial, kultural eta politikoari aurre egiteko. Etorkizuna Eraikizek zenbait gako ditu Altuning-en parte hartu dutenen lanarekin identifikatzen direnak: prospektiba, berrikuntza, nazioartekotzea...".

Aurkeztutako proiektuen balioa nabarmendu du Olanok, "Gipuzkoaren etorkizunerako garrantzi handiko gaiak jorratzen baitituzte: zientziaren kulturaren eta dibulgazioaren sustapena, gure natur baliabideen kudeaketa egokia, eta teknologia berrien erabilera eraikinen diseinuan. Gure konpromisoa da ekarpen horiek eremu hauetan garatzen ditugun politika publikoetara eta Etorkizuna Eraikizen ideia laborategira ekartzea”, agindu du.  

Diputatu Nagusiaren hitzetan, "mundua eta gizartea abiada bizian aldatzen ari den garai hauetan, beharrezkoa da etorkizuna elkarrekin idaztea. Kontua ez da gure buruari galdetzea zer etorriko zaigun, baizik eta balizko eszenatoki horiek eraikitzea herritar guztiekin elkarlanean. Gipuzkoa aurreratu, justu, orekatu eta iraunkor bat lortzeko, talentu eta ideia guztiak erakartzeko gai izan behar dugu. Beharrezkoak ditugu gazteen indarra, irudimena, grina eta freskotasuna. Haien begirada behar dugu, Gipuzkoaren enbaxadore direlako, gure begi eta belarriak mundu eta gizarte globalizatu batean; gure etorkizuna direlako, alegia".

Esan du, orobat, Gipuzkoak Manuel Ignacio de Altunak gorpuztu zuen nazioartekotze ereduaren alde egiten duela. "Modelo boluntario bat, ez erbesteratze behartu bat. Nahi dugu gure gazteek mundua ikustea, ona delako; entzutea eta ikastea etorkizuneko erronkei aurre nola egiten dieten, bereziki herrialde aurreratuetan; eta lortutako ezagutza hori Gipuzkoan aplikatzea eta garatzea. Nahi dugu itzultzea, beren bizitza eta ibilbide profesionala hemen garatzea, beren talentua Gipuzkoaren eta gizartearen mesederako izan dadin, ahal den neurrian. Kapital horri ezin diogu uko egin", ohartarazi du. 

Ildo horretan, gogorarazi du Aldundiak lanean diharduela persona gazteek “aukera gehiago” eduki ditzaten, eta Gipuzkoako industriak perfil profesional berrien daukan beharrari erantzuteko. Besteak beste, honako neurriak aipatu ditu: Bizkaiarekin sinatutako hitzarmena nazioarteko talentua erakartzeko; bihar izango den Gipuzkoa Talent Forum, zeinak zubi lanak egingo dituen gaur egun atzerrian lan egiten duten gipuzkoar gazteen, eta lurraldeko puntako enpresen artean; edota 2018an foru erakundeak Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan bideratutako inbertsioa, 4 milioi eurokoa, talentua sortu, errotu eta erakartzeko.

Altuning proiektua 2009an sortu zen gazteek mundu osoan barrena aurkitzen dituzten ideiak, jarduerak eta erakundeak bere herrialdearen mesedetan aplikatzeko modua izan dezaten, Manuel Ignacio de Altuna (1722-1762) azkoitiarraren espiritua gordez.
  

1405