Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Amatasunaren PFEZaren azken erreklamazioen itzulketekin aurrera

Amatasunaren PFEZaren azken erreklamazioen itzulketekin aurrera

Araudi berria orain Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du amatasun eta aitatasun prestazioei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) egindako atxikipenen itzulketa gaitzeko Foru Arau proiektua, 2014 eta 2017 urteetan erreklamazioa jarri eta ezezkoa jaso zuten zergadunei zuzendua. Eider Mendoza foru bozeramaileak gogoratu duenez, prozesua martxan jartzeko Araba eta Bizkaiko Ogasunekin elkarlanean hartu zen, eta orain Gipuzkoako foru erakundea da araudia onartzen lehenengoa. Foru Arau proiektua Batzar Nagusietara pasako da orain, bertan eztabaidatu eta bozkatua izan dadin.

            Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, Diputatuen Kontseiluaren bileran hartu diren erabakien berri emateko. Foru bozeramaileak esan duenez, Foru Arau proiektuaren onarpena da amatasun eta aitatasun atxikipenen itzulketak egiteko “modu bakarra”, 2014 eta 2017 artean erreklamazioak aurkeztu zuten zergadunei, beraien espedienteak irmo bihurtu baitziren ezezkoa jasotzean: “Gaur egun indarrean dagoen araudiak ez du aukerarik ematen irmo bihurtu den espedientea berriro ere irekitzeko. Honenbestez, ez da posible hauen inguruko inongo neurririk hartzea, eta beharrezko egin du Foru Arau proiektuaren tramitazioa martxan jartzea”. Gipuzkoan, irmotasunaren gaiak 76 zergadunei eragiten dio, eta 90.000 euro itzuli beharko ditu guztira Ogasunak; hau da, batez beste, 1.184 euro zergadun bakoitzeko.

            Mendozak gogoratu duenez, Gipuzkoako foru Ogasunak gaur egun arte 30,2 milioi euro itzuli dizkie lurraldeko 25.985 zergaduni, amatasun eta aitatasun prestazioetan atxikitako PFEZari dagozkienak. Bestalde, 2018 urtean zehar egin ziren atxikipenak azkeneko Errenta kanpainan itzuli ziren, aurtengo apiril eta ekain artean egin zena. “Egunero jasotzen jarraitzen ditugun eskakizunez haranago, esan dezakegu itzulketa egunean ditugula”, nabarmendu du.

 

18 asteko aitatasun lizentzia

Gaurko Kontseiluaren bileran, foru Gobernuak errepasoa egin dio 18 asteko aitatasun lizentzia indarrean egon den lehenengo hilabeteei, apirilean onartu baitzen neurria. Honen arabera, ama biologikoak 18 asteko lizentzia du, eta hau 20 egunetan luzatzen da ezgaitasun edota erditze anitzen kasuetan. Gainera, lizentzia beste 20 egunetan luzatzen da bigarren seme-alaba baldin bada eta aurrekoarekiko 3 urte baino gutxiagoko tartea baldin badago. Ezaugarri berdinak ditu ama biologikoa ez den gurasoari aplikagarria zaioen lizentziak.

            Foru bozeramaileak azaldu du hilabete hauetan zortzi funtzionariok aplikatu dutela lizentzia berritzaile hau. “Orain arte egindakoaz egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Erabaki honen helburua, dakizuen bezala, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrerapausoak ematen jarraitzea da. Hau da, hitzetatik ekintzetara pasatzea, eta neurri honekin norabide horretan eragiten ari gara”, azaldu du Mendozak. Gainera, nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromiso erreala duela, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aitzindari izaten jarraitzeko, “eta hau gauzatzeko lanean jarraitzea da gure xedea”.

            Bestalde, ildo beretik doan beste neurri bat ere izan du mintzagai Mendozak: eskolara egokitzeko ordu poltsa, hain zuzen. 2018an onartutako neurria da eta, honen arabera, Aldundiko langileek ordaindutako 20 orduko lan poltsa dute, beraien seme-alabak eskolara egokitzeko prozesuan aplikatzeko. Ezin dira egun osoak hartu, helburua gurasoei laguntzea baita, beraien seme-alaben lehen eskola egunetan. “Hilabete hauetan, neurri hau onartu genuenetik, 42 foru langilek aplikatu dute neurria”, azaldu du Mendozak. Gehitu duenez, Aldundiak neurri honen irakurketa “oso positiboa” egiten du baita ere, ulertzen baita honen bitartez ere emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen zuzena egiten ari dela.

  

1700